Errusiaren erantzuna, «balantza orekatzea»

Trumpek eusten badio AEBak arma nuklearren akordio batetik ateratzeko asmoari, Moskuk «segurtasuna bermatzeko» neurriak hartuko ditu. Putinek Washingtonen ordezkari bat hartuko du gaur
AEBetako Bolton eta Errusiako Patruxev, bileraren aurretik, atzo, Moskun.
AEBetako Bolton eta Errusiako Patruxev, bileraren aurretik, atzo, Moskun. EFE

Ander Perez Zala -

2018ko urriak 23
«Xantaia» da, Errusiaren iritziz, nazioarteko segurtasunean Washingtonek «nahi duena» lortzeko estrategia bat. Irismen laburreko eta ertaineko misilak debekatzeko SESB Sobietar Batasunak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek 1987an sinatu zuten itunetik (INF) ateratzeko Donald Trump AEBetako presidentearen asmoak hautsak harrotu ditu berriz ere nazioarteko politikan, eta agerian utzi du aldebakarreko erabakiek are gehiago bakartzen dutela munduko lehen potentzia, gainontzeko indar nagusiek —tartean aliatuak— erreakzio bera izan baitute aukera horren aurrean. Orain, ikusteko dago Mendebaldeko aliatuek erreakzioren bat izango duten herrialde hori INFn mantentzeko, baina argi dagoena da AEBetako presidentearen erabakiak eragin zuzena izango duela nazioarteko oreka geopolitikoan —herrialde askok euren estrategia militarra berrikusi beharko dutelako—, eta balizko etorkizun horretan zeresan handia izango duela Errusiak, itunaren beste sinatzaileak. «Balantza militarra orekatzeko erabakiak hartu beharko ditugu», adierazi zuen atzo Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren eledunak, Trumpen asmoari buruz galdetu ziotenean. Zehaztu zuenez, Moskuren lehentasunen artean dago AEBak itun horretan mantentzea, baina, aldi berean, Errusia bere «segurtasuna bermatuko» luketen neurriak hartzeko «prest» egongo da.

Izan ere, INFtik ateratzeko erabakiak, Trumpek asmoari eutsiko balio, ondorio zuzenak izango lituzke munduko oreka geopolitikoan, batez ere AEBen eta Errusiaren, eta AEBen eta Txinaren arteko lehian, arma nuklearren kontrola nabarmen murriztuko bailitzateke. Horretaz jakitun, Trumpen erabakiaren aurkako eta akordioan jarraitzeko mezuak gailendu ziren atzoko adierazpenen artean. AEBetako presidentearen asmoak kezka eragin du Mendebaldeko aliatuen eta Ekialdeko potentzien artean, eta denek eskatu zioten, bakoitzak bere moduan, berriz hausnar dezala erabaki horren inguruan, oraindik denbora baitago. Txinak, esaterako, Trumpi ohartarazi dio INFtik ateratzeak «ondorio negatiboak» izango dituela, baina, aldi berean, itxaropena agertu zuen, «elkarrizketaren bitartez auzia konpondu» daitekeelakoan.

Atzoko erreakzioen artean, politikari ohi batenak zuen bereziki garrantzi handia. Mikhail Gorbatxov SESBeko buruzagi ohiak, akordioaren sinatzaileetako batek, harriduraz hartu zuen AEBetako presidentearen asmoa, eta mezu bat bidali zion nazioarteari: «Benetan ez dute ulertzen Washingtonen erabaki honek zer egoeratara eramango gaituen? Egoera honen aurrean, NBEren Segurtasun Kontseilura deitu beharko genuke, Trumpen erabakiak mundu osoan izango baitu eragina».

INF ituna Gorbatxovek eta Ronald Reagan AEBetako presidenteak sinatu zuten, Gerra Hotzaren azken urteetan, nazioarteko segurtasuna egonkortzea helburu. Trumpen iritziz, ordea, Errusiak ez du errespetatu itunean adosturikoa, eta horren ondorioz hartu du INFtik ateratzeko erabakia.

Bolton Moskun da

AEBetako Segurtasun kontseilari John Bolton Errusian da egunotan, eta bisita baliatuko du Trumpen erabakia azaltzeko. Besteak beste, gaur Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartuko da, eta bilera horren ondorioek sona handia izango dute.

«Gertaturikoa kontuan harturik, hainbat auziren inguruko azalpenak espero ditugu, baina batez ere horri buruzko [Trumpen asmoari buruzko] xehetasunak. Gaia agendan dago», adierazi zuen Peskovek.