Zulotik, arnasa hartzera

Athleticek Valladolid mendean hartuz gero, jaisteko postuetatik irten eta aurreko multzora gerturatuko da. Emaitza txarra kolpea litzateke

Gaizka Garitano, entrenamendu saio batean. JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Athleticek Valladoliden kontra jokatuko du urteko azken partida. Akaso, batek baino gehiagok ez du jakingo gaur jokatzen duela. Izan ere, Gabonetako oporrak eta, batez ere, hauteskunde kanpainak bigarren maila utzi dute San Mameseko norgehiagoka. Eta ez da komeni. Azken partida bietan lau puntu lortu arren, taldeak jaisteko postuetan jarraitzen baitu. Gaizka Garitanok itxuraldatu egin du taldea. Goitik behera aldatu du. Eta, oraingoz, emaitza ona ekarri dio. Kontua da, Athletic larri hartu zuela. Hortaz, bi emaitza on ez dira nahikoa izan zulotik atera eta arriskutik kanpo egoteko. «Lehen, ez genuen urduri egon behar, eta, orain, ez dugu lasaitu behar», adierazi zuen atzo entrenatzaileak.

Athleticentzat luzea izango da bidea, eta emaitza on asko kateatu beharko ditu denboraldiaren azken txanpan lasai antzean aritzeko. Horretarako, gaur jokatuko duen partida oso garrantzitsua da. Lehenik eta behin, lehoiek garaipenak behar dituztelako, sailkapenean aurrera egin eta jokalariek konfiantza berreskuratzeko. Lehiakorra izatea ez baita nahikoa norberak daukan onena emateko. Zelaiko lana ona bada baina sailkapenean islarik ez badauka, ez du askorako balio. Nahitaez zalantza egiten da. Eta, bigarrenez, gaurkoa aurkari zuzena delako.

Valladolid ondo ari da gorengo mailara itzuli berritan. Ez ditu aparteko talentua duten futbolariak, baina talde moduan oso ondo ari da. «Valladolidek guk baino bost puntu gehiago ditu. Etxetik kanpo oso ondo ari da. Irabazten ez badu, garaipenetik gertu egoten da. Talde fidagarria da», aztertu zuen Garitanok. Athleticek irabaziz gero, jaitsieratik irteteaz gain —Vila-Realek Real Madrilen kontra jokatu beharreko partida atzeratu egin da—, mailari eusteko lehian egongo dela dirudien kontrario batengana gerturatuko da. Aldiz, neguko etenaldira sei edo zortzi puntu atzetik joatea kolpe handia litzateke.

Bistan da gaurko lehiak garrantzi handia daukala. Hala ere, ez da erabakigarria. Ligaren erdia ere ez da jokatu. Garitanok, oraingoz, ez dio sailkapenari «asko» begiratzen. Puntuak pilatzea baino ez du buruan, eta hirunaka pilatzeko joko ona egin behar du taldeak. Dena den, gustura dago ligan zuzendu dituen bi partidekin. Atea ondo zaintzeaz gain taldeak aukera asko sortu zituen. Hirugarrenean, Mendizorrotzan, Herrerinek gau lasaia izan zuen, baina zelari erditik aurrera taldea ez zen fin aritu.

Garitanok aldaketa bat egingo egingo du gehienez hamaikakoan. Williams eskuin hegalera itzul daiteke Susaetaren partez. Williams kapitaina baino azkarragoa eta zuzenagoa da. Beraz, erasoan gehiago eman dezake. Gainerakoak derbian aritu zirenberberak izango dira.

ATHLETIC-VALLADOLID

Athletic. Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo; Yuri; Dani Garcia, Beñat, Williams, Raul Garcia, Cordoba; eta Aduriz.

Valladolid. Masip; Antoñito, Olivas, Calero, Nacho; Toni Villa, Michel, Alcaraz, Keko; Oscar Plano eta Unal.

Epailea. Sanchez Martinez.

Lekua. San Mames (53.000 ik.).

Ordua. 20:45ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.