Ez dute Bilbon nahi Eurokopa

'Eurokopa honi ez' dinamika aurkeztu dute. Salatu dute «euskal-espainiar burgesiaren negoziorako» erabiliko dela futbol txapelketa
<em>Eurokopa honi ez</em> dinamikako kideak, atzo, Bilboko San Mames futbol zelaiaren parean.
Eurokopa honi ez dinamikako kideak, atzo, Bilboko San Mames futbol zelaiaren parean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko martxoak 27
«Euskal selekzioari ofizialtasuna ukatzen zaion bitartean, gure zapaltzaile zuzenak diren Espainiako eta Frantziako estatu burgesen selekzioek Bilbon jokatzeko aukera izango dute, euskal burgesiaren babesarekin, nahi ez dugun txapelketa bat inposatuz». Ez dute nahi 2020ko Eurokopako taldeen faseko hiru partida eta final-zortzirenetako partida bat Bilboko San Mames zelaian jokatzerik. Eta ez dute gura Espainiako eta Frantziako selekzioek Euskal Herrian jokatzerik. Horregatik, Eurokopa honi ez! izeneko dinamika ipini dute martxan. Atzo aurkeztu zuten, San Mameseko zelaiaren parean. Dinamika osatzen dutenek adostu duten agiria irakurri zuten: azaldu zuten zergatik dauden Eurokoparen aurka, eta protestak egingo dituztela iragarri zuten, egutegirik zehaztu gabe.

«G7koekin eta Espainiako Vueltarekin egin duten bezala, Espainia eta Frantziako estatuek aukera guztiak baliatuko dituzte euskal langileriaren proiektu nazionala berriz ukatzeko», ohartarazi zuten. Salatu zuten Eurokopa «euskal-espainiar burgesiak» Bilbora ekarriko duen hurrengo «makroekintza» izango dela. Europako errugbi txapelketako finalak Bizkaian jokatu ziren iaz, eta MTV sarien banaketa jaia Barakaldon egin zen. «Oraingoan, futbola izango da negozioa egiteko aitzakia. Baina ezin dugu analisia futbolera mugatu. Hau guztia estrategia konplexuago baten barruan dago: burgesiak bere klase interesen neurrira eraikitako hiri bihurtu nahi du Bilbo».

Haien iritziz, Eurokopak ez die aberastasunik ekarriko langileei. «Haien argi distiratsu, irribarre hipokrita eta lelo hutsen atzean langile klasearen esplotazioa, gure bizitzen prekarizazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa eta pribatizazioa baino ez da egongo». Nabarmendu zuten «kapitalismo patriarkal eta bitarrak» emakumeen irudia erabiltzen duela «gizonezkoen kontsumorako». Eta uste dute Eurokopan hori indartuko dela.

Andre prekarizatuen egoera «larriagotu» egingo dela ere iruditzen zaie: besteak beste, halako ekitaldietan lan baldintzak okertzen zaizkiela eta egiten duten beharra gehiago gutxiesten dela esan zuten. Garbitzaileak, ostalariak eta prostitutak aipatu zituzten. Salatu zuten Eurokopak ustiatuko dituen espazioen erabilerak «maskulinizazioa eta lan prekaritatea» sustatuko dituela; eta, horrekin batera, indarkeria eta eraso matxistak «areagotzeko arriskua nabarmen» haziko dela.

Kaleak poliziaz «beteta»

Argi utzi zuten Eurokoparen eta Bilbon jokatzearen aurka daudela, eta haren aurka egingo dutela. Eta uste dute horregatik «zigortu» egingo dituztela: «Inposizio honen aurka sortuko diren mugimenduak errepresiboki kolpatzeko tresna guztiez baliatuko dira, Euskal Herria, beste behin, estatu polizial bilakatuz». Kaleak ertzainez, guardia zibilez eta indar polizialez «beteko» direla ohartarazi zuten: «Boteredunen interesak eta Euskal Herrira etorriko diren faxistak babestea izango da haien eginkizuna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna