Gipuzkoarrak aurrera

Ilunpe Azpeitiko taldea eta Pagazpe Usurbilgoa final-laurdenetarako sailkatu dira Berria txapelketan, eta elkarren aurka ariko dira

Unai Alberdi Ilunpe taldeko gazte mailako aurrelaria. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon eskudero
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Multzo buruek ez dute hutsik egin, eta Azpeitiko Ilunpe eta Usurbilgo Pagazpe XVI. Berria Txapelketako final-laurdenetan izango dira, beste urtebetez. Aski kanporaketa ezberdinak jokatu zituzten bi taldeek pasa den asteburuan, besteak beste, Ilunpek sufrituta irabazi ziolako Ultzamako Buruzgaini, eta Pagazpek aiseago gainditu zuelako Atarrabiako Paz de Ziganda. Irabazleek elkarren aurka jokatuko dute ekainaren 2ko asteburuan.

HERNANIN
Ilunpe (Azpeitia) 2 - Buruzgain (Ultzama) 1

Kanporaketa zoragarria jokatu zuten Ilunpek eta Buruzgainek. Emozioa ez ezik, kalitatea ere izan zuen. Kadeteen mailan, garaipen erosoa lortu zuten azpeitiarrek, 22 eta 5 nagusitu baitziren Egiguren eta Labaka Martikorena eta Sarasa II.aren aurka. Bosnakora arte oreka egon zen, baina, gerora, gipuzkoarrek maila hobea azaldu zuten. Bestelako bidea hartu zuen gazte mailako lehiak, eta De la Fuente eta Arce nafarrek 22 eta 11 irabazi zieten Alberdi II.a eta Elosegiri. Bi aurrelariak mailako onenetakoak izaki, lehia bikaina espero zen, eta ez zuten hutsik egin. 9-8kora arte, denetariko tantoak egin zituzten biek. Bigarren zatian, ordea, inspiratuago jokatu zuen Nafarroako bikoteak, eta, azkenerako, erraz irabazi zuen.

Nagusi mailak erabakiko zuen irabazlea, eta esperientzia handiko bi bikote kantxaratu ziren, Apezetxea eta Murgiondo Ilunpetik, eta Iriarte eta Sarasa Buruzgainetik. Lau pilotariek euren onena eman zuten, eta oreka izan zen nagusi partida osoan zehar (8-7 eta 15-14). Hogeinakoa egon zen, eta azken bi tantoak azpeitiarren alde rori ziren (22-20). Txapelketak orain arte eskainitako partidarik onena izan zen.

ANDOAINEN
Pagazpe (Usurbil) 2 - Paz Ziganda (Atarrabia) 1

Oreka gutxiago izan zuen Paz de Ziganda eta Pagazperen arteko kanporaketak, eta gazte eta nagusien mailetako garaipenei esker egin zuten aurrera usurbildarrek. Kadete mailako partida izan zen etxekoek irabazi zuten bakarra.Ibarra eta Murillok 22 eta 7 menderatu zituzten Garaiar eta Albeniz II.a. Nafarroako bikote txapeldunak agerian utzi zuen bere maila ona. Aurkakoa gertatu zen gazte mailan, Usurbilgo Galarraga eta Iruretagoienak 22 eta 3 irabazi baitzieten Lakabe eta Primi.

Nagusi mailako partidan erabaki zen kanporaketa. Bi aurrelari aritu ziren Pagazperen izenean, Huizi eta Exposito hain zuzen, etaPaz de Zigandatik Barbajero eta Mina aritu ziren. Oreka izan zen nagusi hasieran, baina Exposito sakea egiten hastearekin bat aldatu zen guztia. Hark agindu zuen, eta 22 eta 10 nagusitu zen Pagazpe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.