Iazko final bera izango da

Tolosak eta Oberenak Lapke eta Ilunpe kanporatu dituzte, eta Berria Txapelketako finala jokatuko dute larunbatean, Hernanin

Nora Mendizabal Gaztelekukoa, pilota astintzen. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hiru hilabeteko jardunaren ondoren, pasa den asteburuan jokatu dira XVI. Berria Txapelketako finalerdiak, eta olatuaren aparretan jarraitzen dute Tolosak eta Iruñeko Oberenak. Kanporaketak irabazi, eta iazko final bera errepikatuko dute. Tolosarrek ondo merezita kanporatu zuten Azpeitiko Ilunpe (2-1), eta Oberenak ere ez zuen arazo handirik izan Lazkaoko Lapkeri irabazteko (3-0). Hortaz, final interesgarria jokatuko dute larunbat honetan, 17:00etan, Hernanin (Gipuzkoa), sanjoanetako egitarauaren barruan. Tolosak jantzi zuen txapela iaz, eta aurten ere bera da faborito.

Beste behin, talde sendoa eta ona duela erakutsi zuen Tolosak finalerdietan, azpeitiarren aurka. Kadete mailatik hasita, nagusi izan ziren. Amiano-Sodupek 22-12 irabazi zuten lehen partida, Egiguren-Labakaren aurka. Indarrez gehiago izan ziren tolosarrak, eta Amianoren distira ez zen ustekabean igaro. Antzeko gidoia izan zuen gazte mailako partidak, eta Altuna-Etxeberria tolosarrek 22-15 menderatu zituzten Alberdi-Elosegi. Bi atzelariak nor baino nor gehiago aritu ziren, eta aurrean nagusitu zen ikuskizuna. Altuna erabakigarriago aritu zen Alberdi baino. Azken partida hasterako, lanak erdi eginda zituzten tolosarrek, baina irabaztera kantxaratu ziren Elola-Telletxea. Ondo jokatu arren, amore eman behar izan zuten Apezetxea-Murgiondo azpeitiarren aurrean. 22-17 nagusitu ziren azken horiek, eta ohorezko puntua lortu.

Beste finalerdian, are errazago irabazi zuen Oberenak, hirutik hiru partidetan gailendu baitzitzaion Lazkaoko Lapkeri. Ez lanik egin gabe, ordea. Kadeteetan, Laso-Illarregi Oberenakoek 22-20 menderatu zituzten Naldaiz-Telleria. Neurketa ona eta gogorra izan zen. Gazte mailan, Oskoz-Ganboa nafarrek 22-9 irabazi zieten Larrañaga-Urangari. Emaitza horri esker, azken partidan lasai kantxaratu ahal izan zuen Oberenak, baina nagusien mailakoa ere irabazi egin zuen. Mata-Iruritak 22-15 menderatu zituzten Zubizarreta-Quina. Oberena, beraz, konfiantzaz helduko da finalera.

Lehen finalerako prest

Hamasei urtean estreinakoz, emakumeak ere ari dira Berria Txapelketan. Bi finalerdi jokatu ziren asteburuan, eta larunbaterako sailkapena eskuratu zuten bi bikote onenek. Batetik, Arrate Bergarak eta Nora Mendizabalek 22-17 irabazi zieten Naroa Agirre eta Leire Garairi. Eta, beste finalerdian, Miren Arraiza eta Amaia Aldai 22-20 nagusitu ziren Ane Mendiburu eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurrean. Emakumezkoen finala ere larunbat honetan jokatuko dute. Jaialdiko aurreneko partida izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.