Gainditu dute 33.000ren langa

Behobia-Donostiak ehun urte bete ditu, eta Haile Gebrselassie izango da gonbidatu berezia

Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak, atzo, aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa, eta herri proba horren historiako izen emate handienetan bigarrena izan da: 33.379 korrikalari apuntatu dira. Horrela, seigarrenez gainditu da 30.000 parte hartzaileen muga. Mendeurrenaren ospakizunak «eragina» izan dezakeela onartu du Iñigo Etxeberria lasterketaren koordinatzaileak. Horrez gain, geroz eta gehiago dira Gipuzkoatik kanpoko lasterkariak.

Proba irabazteko hainbat hautagai daude. Emakumezkoetan, Behobiako irteeran izango da Aroa Merino. Azken hiru ekitaldietako irabazlea izan da, eta azken lasterketan errekorra ere ezarri zuen; ordubete, bederatzi minutu eta 41 segundo behar izan zituen ibilbidea amaitzeko. Bertan izango da haren atzetik helmugaratu zena ere, Diana Martin. Gizonezkoetan, berriz, ez du parte hartuko Jaume Leiva joan den urteko irabazleak, baina bai bigarren eta hirugarren sailkatuek: hurrenez hurren, Iraitz Arrospidek eta Ivan Fernandezek.

Bestalde, emakumezkoen parte hartzeak izan duen gorakada nabarmendu behar da. Iragan urtean 50/50/25 egitasmoa jarri zuten martxan antolatzaileek, eta beste mugarri bat marraztu zuten. 2025ean korrikalarien erdiak emakumezkoak izatea du helburu. «Ezarritako plan estrategikoa betetzen ari gara», azaldu du Arantza Rojo Fortuna Kirol Elkarteko Komunikazio arduradunak. Aurten izena eman duten lasterkarietatik %25,7 dira emakumezkoak, 8.604 korrikalari. Egitasmo horrekin lotuta dago aurtengo lasterketako berritasun esanguratsu bat ere: irteera berezia izango da eliteko emakumezkoentzat. «Protagonismoa eman nahi diegu», ziurtatu du Rojok.

Horrez gain, urteurrena tarteko, hainbat ekitaldi prestatu dituzte antolatzaileek. Bigarrenez, Irungo Ficoban egingo da Lasterketaren Azoka, ostiralean eta larunbatean. Han, besteak beste, erakusketa bat egongo da. «Ez da oso handia izango, baina bai hunkigarria», azaldu du Rojok. Horrez gain, lasterketaren historia eta istorioak biltzen dituen dokumental bat egiten ari dira. Lasterketaren ondoren estreinatuko dela azpimarratu du Rojok, aurtengo aldia ere sartu nahi baitute bertan. Ostiralean, 12:00etan, Donostiako udaletxean egingo da lasterketaren aurkezpen ofiziala, eta hor emangodute dokumentalaren aurrerapena. Zenbait pertsona omentzeko tartea ere hartuko dute.

Haile Gebrselassie izango da aurtengo Behobia-Donostia lasterketako gonbidatu berezia; bi urrezko domina ditu Olinpiar Jokoetan. Hainbat ekintzatan hartuko du parte atleta etiopiarrak; Lasterketaren Azokan hitzaldi bat emago du,eta larunbatean entrenamendu ireki bat egingo du Kontxako pasealekuan. Rojok adierazi duenez, oraindik ez dakite lasterketan parte hartuko duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.