Ilusioz bueltatu dira

Bidasoak sasoi-aurreko lehen lan entrenamendua egin du, Artalekun. Lau jokalari fitxatu ditu: Aginagalde, Bonanno, Racotea eta Sierra

Bidasoako jokalaria eta teknikariak, atzo, aurrreneko entrenamendua hasi aurretik. BIDASOA.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Bidasoa martxan da. Jacobo Cuetararen taldea otsailaren 26tik zegoen lehiatu gabe, koronabirusaren pandemia tarteko. Orduan, 28-32 hartu zuen mendean Puente Genil. Atzo, denboraldi aurreko lehen entrenamendua egin zuen Artalekun, eta itzulerak zer sentimendu eragin dien azaldu zuen Cuetarak: «Denbora asko eman dugu geldirik, eta berriro ere eskubaloiarekin gozatzeko gogoz gaude denak, bueltatzeko».

Lehen entrenamenduan izan ziren taldeak fitxatutako lau jokalariak: Julen Aginagalde pibotea, Nicolas Bonanno eta Emil Racotea albokoak eta Jose Manuel Sierra atezaina. Bidasoa utzi dute, berriz, Rangel Luanek, Rodrigo Salinasek, Rudy Serik eta Leo Renaudek. «Oso gustura nago multzoarekin. Talde orekatua osatu dugugaztetasuna eta esperientzia uztartuz. Uste dut jokalari gehienek defentsan aritzeko ahalmen handia dutela: pisua, altuera, indarra... Gainera, leku desberdinetan egiteko ahalmena dute. Egokitzapen txiki batzuk egin beharko ditugu jokoan, jokalari berriei lekua egiteko, baina esentziari eutsiz». Koronabirusak gauzak okertzen ez baditu, hurrengo denboraldiko egutegia betea izango da, baina Cuetarak uste du taldea horri heltzeko moduan izango dela. «Denborak esango digu, baina uste dut nahikoa talde luzea dugula. Postu bakoitzean jokalari bat baino gehiago dugu».

Denboraldi-aurrea bitan banatu dute. «Lehen, abuztuan hasten ginen, baina, konfinamenduak eragindako eten luzearen ostean, bi aste lehenago egitea erabaki dugu».Hurrengo bi asteetan goizez bakarrik entrenatuko dira. «Pixkanaka joan nahi dugu, jokalariak lan kargetara egokitu daitezen. Izan ere, jada bueltan diren beste kirol batzuetan ikusi dugu lehen egunetan lesio asko egon direla, eta ez dugu halakorik gertatzerik nahi». Abuztuan hasiko dituzte goiz eta arratsaldeko lan saioak. «Hor, jarduera eta atsedena uztartuko ditugu, eta lan kargak ugaritzen joango gara, bolumena eta intentsitatea handituz, bestak beste». Izan ere, oraindik ez dakite lehiaketa irailaren 2an hasiko diren lehiatzen, edo egun batzuk lehenago EHFko lehen kanporaketa jokatu beharko duten.

Protokoloak barneratuz

Dena den, egin dizkieten proba fisikoak kontuan hartuta, jokalariak «oso ondo» itzuli dira. «Aurreko sasoietan baino apur bat okerrago, etena luzeagoa izan delako. Baina, gantz maila aztertuta, ederki. Seinale ona da hori».

Cuetarak gogorarazi zuen lehen egun hauetan ere jokalariek osasun protokoloetara egokitu behar dutela: «Arduratsuak izan behar dugu, eredu garelako askorentzat. Horiek barneratuz eta automatizatuz joan ahala, arreta osoa jokoan eta entrenamenduetan jarri ahal izango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.