Koronabirusa

Neurriak zorroztu beharrean

Frantziako hainbat hiritan alerta gorena ezarri dute. Madrilen alarma egoera ezarri nahi du gaur Espainiako Gobernuak

Tabernak itxita Bruselan, COVID-19aren hedapena eteteko asmoz. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
COVID-19aren bigarren olatua gogor jotzen ari da munduko herrialde gehienetan, eta hainbat agintarik birusaren hedatzea kontrolatzeko neurriak berriro gogortzearen alde egin dute. Kasuen gorako joerari eustea eta kurba apaltzea da asmoa. Horren ondorioz, neurri murriztaileak ezarri berri dituen estatuetako bat da Frantzia, datuen okertzea medio. Emmanuel Macron presidenteak bezperan eman zuen abisua, positiboek nabarmen gora egin ondoren: «Murrizketa gehiago ezarri beharko dira birusa azkarren hedatzen ari den lekuetan». Denera, 19.000 kasu inguru atzeman zituzten herenegun, eta atzo iragarri zuten alerta goreneko zerrendan sartuko dituztela Lyon, Lille, Grenoble eta Saint-Etienne; bihar pasatuko dira. Irizpide horietan zeuden dagoeneko Paris, Aix-Marseilla eta Guadalupe. Alerta maila hori intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 250 positibotik gorakoa denean ezartzen da, eta ehun kasuetatik gorakoa adinekoen artean: baita ZIUetako oheen %30 COVID-19 duten pazienteek okupatzen dutenean ere.

Azken asteotako kasuen gorakada dela eta, Paris hiriburua «alerta handieneko gune» izendatu zuen gobernuak, eta, ondorioz, astelehenean, tabernak, gimnasioak eta igerilekuak ixteko agindua eman zuen, gutxienez bi astez; jatetxeetan eta unibertsitateetan, berriz, protokoloak zorroztu zituzten. Atzo zerrendan sartutako lau metropolietan ere neurri horiek hartu beharko dituzte. «Osasun egoerak okerrera egiten jarraitzen du», esan zuen atzo, penatuta, Olivier Veran Osasun ministroak, eta Tolosako eta Montpellierreko egoeraren bilakaera ebaluatuko dutela onartu zuen.

Birusa gogor jotzen ari den Europako beste hiriburu bat Brusela da. Eskualdea Belgikako kasuen gorakadaren epizentroa izaten ari da, eta, atzotik, tabernak eta diskotekak ixteko agindua eman zuten; gutxienez, hilabete batez egongo dira ateak itxita, eta Bruselako udalak jakinarazi zuen diru laguntzak emango dizkietela itxita egon behar duten establezimenduei. Azken hamalau egunetan batez beste metatutako intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 502 kasukoa da, eta asteotako joerak kezka eragin du.

Horiek horrela, jatetxeek irekita jarraitu ahalko dute, baina afizionatuen kirol ekitaldiak publikorik gabe egin beharko dira, eta gurtza lekuetan gehienez ehun pertsonako edukiera baimenduko dute. Aurretik ere, herrialdeko gainerako eremuekin alderatuta, murrizketa zorrotzagoak zeuden aplikatuta hiriburuan.

Asteartean, Belgikako lehen ministro berria den Aldexander De Croo liberal flandriarrak adierazi zuen herrialdeko egoera «larria eta kezkagarria» dela, eta hainbat muga zorroztu zituen.

Europako hiriburuetara begiratuta, Madril (Espainia) da okerren dauden zerrendan sartzen den beste hiri bat. Kasuek nabarmen egin dute gora, eta ospitaleetako okupazio maila eta lan karga gero eta handiagoak dira. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegokoa eztabaidatzen aritu ziren birusaren hedatzea eteteko aplikatu beharreko neurrien inguruan, eta, azkenean, pasa den ostiralean hiriburua ixteko agindua eman zuen Osasun Ministerioak. Atzo, baina, oztopo bat topatu zuten: Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak baztertu egin zuen neurriak berrestea, oinarrizko eskubideetan «eskua sartu» delakoan, «legezko gaikuntzarik gabe».

Blokeo egoera horri erantzuteko, Sanchez presidenteak ezohiko Minsitroen Kontseilu batetara deitu du gaurko, Madrilgo Erkidegoan alarma egoera ezartzeko helburuarekin. Hamabost egunerako dekretatu nahi du.

Erabaki horrekin, gobernuak berriz ezarri ahalko ditu Madrilen joan den martxotik ekainera bitarte erresuma osoan ezarri zituen salbuespenezko neurriak. Alarma egoerari hori beste hamabost egunez luzatuko nahiko balu, Kongresuko gehiengo osoaren babesa beharko luke.

Sanchezen erabakiaren aurretik, Ayusok elkarrizketarako deia egin zion gobernuari, baina Sanchezek ohartarazi zion «tresna eta neurri guztiak mahai gainean» zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.