Giroa, lehiak baino hobea

Adiskide eta Oteiza Berria Txapelketako final-zortzirenetara pasatu dira. Arrizabalaga eta Mendizabal finalerako sailkatu dira

Aldazabal, Azkoitiko Oteiza klubeko kadete aurrelaria. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon eskudero
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Hiru jaialdi jokatu dira joan den asteburuan Berria Txapelketan. Gizonetan, Galdakaoko Adiskide eta Azkoitiko Oteiza izan dira final-zortzirenetarako sailkatu diren azkenak. Eta, emakumeetan, lehen bikotea sailkatu da finalerako: Olatz Arrizabalaga eta Nora Mendizabal. Giro aparta izan zen pilotalekuetan.

GALDAKAO
Titin III.a (Errioxa) 1
Adiskide (Galdakao) 2


Etxean jaso zuen Adiskidek Errioxako Titin III.a kluba, eta pilotalekuaren ezagutza eta harmailetako laguntza ez zituen alferrik galdu. Lehen partida kanpotarrek irabazi zuten: 1-22. Vicente eta Fernandez Ereño eta Gomez baino askoz gehiago izan ziren. Hasiera txarra berehala irauli zuen Adiskidek, gazte mailan 22-5 irabazi baitzieten Ariznabarreta-Arroitak Canseco-Plazari.

Aurreikusi bezala, nagusien artekoa erabakigarria izan zen. Baina zoritxarra gertatu zen. Izugarri partida polita jokatzen ari ziren Legorburu-Karregal Adiskidekoak eta Kortabarria-Medel Titinekoak, baina bizkaitarrak 9-6 aurretik zirenean min hartu zuen Medelek. Ezker horma jo zuen besoarekin, eta, partidan jarraitzen saiatu zen arren, ezin izan zuen. Horren ondorioz, errazago sailkatu zen Adiskide. Tolosa izango du hurrengo aurkaria.

ZORNOTZA
Oteiza (Azkoitia) 3
Lagun Onak (Zornotza) 0


Lagun Onak-ek, ordea, ez zuen aprobetxatu etxean jokatzea, eta hiru partidak galdu zituen Oteizaren aurka. Nahiko partida borrokatuak izan ziren hirurak, baina azkoitiarrek erakutsi zuten urrun irits daitezkeela. Kadeteen artekoa izan zen ikusgarriena, tanto baten aldearekin soilik irabazi baitzieten Aldazabal-Egañak Arroitajauregi-Bereziartuari. Bikain aritu ziren laurak. Emozio gutxiago izan zuen gazteen artekoak, 22-11 gailendu baitziren Aranbarri-Juaristi Ereño-Alonsoren kontra.

Gauzak hala, hamar tanto egitea aski zuten azkoitiarrek sailkatzeko, eta berehala lortu zuten helburua, 10-2 aurreratu baitziren. Hortik aurrera, gehiago parekatu zen norgehiagoka, eta azkenerako Juaristi lehengusuek 22-16 irabazi zieten Prieto-Morgaetxeberriari. Andoaingo Gaztelekudute zain orain.

ANDOAIN
Arrizabalaga-Mendizabal 22
Larrarte-Capellan 11


Hain zuzen ere, Andoainen ekin zitzaion emakumeen bigarren ekitaldiari, joan den ostiralean. Harmailetan bostehundik gora lagun zirela, nor baino nor gehiago aritu ziren Arrizabalaga-Mendizabal eta Larrarte-Capellan. Lehia estua espero bazen ere, Arrizabalaga-Mendizabalek hasieratik hartu zuten aurrea, eta ongi asmatu zuten aldeari eusten: 22-11 irabazi zuten. Sakearekin asmatu egin zuen Arrizabalabak; hura izan zen onena. Mendizabal ere oso seguru aritu zen piloteoan.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.