Gorengo mailakoek, hutsik ez

Realak, Osasunak eta Alavesek ez dute huts egin, eta Kopako hurrengo fasera sailkatu dira

Realeko jokalariak atzo gauean Coriari sartutako goletako bat elkarrekin ospatzen. JERO MORALES / EFE.
Jon Ander De la Hoz - BeƱat Mujika Telleria
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Aparteko deskalabrurik ez Espainiako Kopako bigarren kanporaketan. Ez, bederen, atzo aritu ziren gorengo mailako euskal taldeei dagokienez. Realak eta Osasunak erraz gainditu zituzten beren kanporaketak. Txuri-urdinek aise gainditu zuten Coria (0-5), eta gorritxoak antzera moldatu zirenArnedoren aurka (1-3). Alavesek ere aurrera egin zuen, Merida garaituta (0-1).

Aldiz, Eibar eta Arenas Getxo bidean geratu dira. Armaginek kolpea hartu zuten Eivissa Pitiusasen zelaian (1-0), eta getxoztarrek Valladoliden galduta agurtu zuten Kopa (1-5).

Realak ondo berrekin zion lehiaketa ofizialari. Donostiarrek arazorik gabe menderatu zuten Coria, itxura eskaseko soropil batean. Imanol Alguacilek talde ona zelairatu zuen, ohiko hamaikakoaren egitura mantenduta. Prestatzaile oriotarrak helburu argia zuen: neurketa ahalik eta bizkorren bideratzea.

Jokalariek berehala baliatu zuten teknikariaren planteamendua. Robert Navarrok laugarren minutuan aurreratu zituen bisitariak, Momo Choren pase bat probestuta. Hamabi minutu geroago, Chok berak handitu zuen errenta. Jokalari frantziarrak buruz sareratu zuen Igor Zubeldiak egindako jaurtiketa bat. Lesioaren ostean, bizi itzuli zuen aurrelaria.

Txuri-urdinek kontrolpean izan zuten partida, une oro. Nabaritu egin zen talde baten eta bestearen arteko aldea, eta estutasunik gabe gainditu zuen kanporaketa. Atsedenaldiaren atarian berretsi zuen hori, Brais Mendezek penaltiz hirugarren gola egin zuenean. Realak lanak eginak zituen atsedenaldirako, baina neurketa biribildu zuen bigarren zatian, Jon Karrikaburuk egindako bi golei esker. Baztandarrak 74. eta 80. minutuetan sareratu zuen baloia.

Osasuna ere nahi bezala aritu zen, eta lehen zatian erabakita utzi zuen neurketa. 1-3 gailendu ziren Arnedoko Sendero zelaian. Arnedo ahal bezala aritu zen defentsako lanean, bere zelaitik atera ezinda, baina 8.minuturako aurreratu zen Osasuna. Lekuz kanpo harrapatu zituen atzelariak Roberto Torresek, eta Kike Garciak sareetara bidali zuen baloia. Berehala zapuztu zen errioxarren ametsa, eta hurrengo minutuan bigarrena egin zuen Ruben Garciak, areaz kanpotik jotako zartako bikain batekin.

Lehen bi golen ostean ahaleginak egin zituen Arnedok Sergio Herreraren ate ingurura iristeko, baina aurrera emandako pauso bakoitzean Osasunaren aukera bat iristen zen kontraerasoan. Hala egin zuen hirugarrena Kike Garciak.

Bigarren zatian askoz hobeto aritu ziren etxekoak. Osasunak aldaketak egin zituen, etanagusitasuna galdu zuen zelaian. Arnedok lotsarik gabe egin zuen aurrera, eta gola egitea lortu zuen Guillermo Ameliviak. Golak hauspoa eman zien errioxarrei, baina markagailuan gerturatzen saiatu baziren ere, bi taldeen arteko aldea gehiegizkoa izan zen etxekoentzat.

Eibar eta Arenas, kalera

Eivissa Pitiusasek ezustekoa eman zuen, eta kopatik kanpo utzi du Eibar. Garitanorenek 1-0 galdu zuten. Arenas ere ez da ostiraleko zozketan izango. Getxoztarrak aurreratu egin ziren,baina Valladolidek berehala irauli zuen markagailua. Alavesek, berriz, nahikoa izan zuen Salva Sevillaren gola Merida kanporatzeko.

Gaur azken euskal taldearen txanda izango da. Gernikak Celta hartuko du etxean, eta ametsa egi bihurtzen ahaleginduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.