Berria Erremonte Txapelketa

Zain dauzkate txapelak

Ansa II.a-Arruartek eta Goikoetxea V.a-Aizpuru II.ak jokatuko dute, gaur, Berria Txapelketako finala

Joxin Aizpuru, Ander Goikoetxea, Imanol Ansa eta Josu Arruarte, joan den asteartean, Galarretan, pilota aukeraketan. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Ia hilabeteko lehia gogorraren ondoren, iritsi da eguna. Gaur jokatuko dute Berria Erremonte Txapelketako lehen ekitaldiaren finala. 17:00etan izango da, Hernanin (Gipuzkoa), Galarreta pilotalekuan —16:00etan hasiko da jaialdia, eta lau partidetatik bigarrena izango da—.

Imanol Ansa (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) eta Josu Arruarte (Urnieta, 1995) ariko dira batetik, eta Ander Goikoetxea (Urnieta, 1994) eta Joxin Aizpuru (Azpeitia, Gipuzkoa, 1992) bestetik. Bi bikote horiek ariko dira oraina eta geroa uztartu dituen lehiaren txapelak janzteko asmoz. Urnietarren arteko finala da ia, lautik hiru bertakoak baitira. Horregatik, Galarreta oso gertu dagoela kontuan hartuta, Urnietatik jende dezente joatea espero da.

Txapelketan gertatutakoa kontuan hartuta, Ansa II.a-Arruarte dira faboritoak garaipena lortzeko. Urnietarrek pattal ekin zioten txapelketari, 35-20 galdu baitzuten estreinako partidan, Aritz Juanenearen eta Jagoba Labakaren aurka. Geroztik, baina, gora egin dute, eta irabazi egin dituzte hurrengo bi partidak. A multzoko ligaxkako azken neurketan, 35-33 hartu zituzten mendean Beñat Segurola eta Ibon Zaldua. Horri esker, bigarren sailkatu gisa egin zuten aurrera. Finalerdietan, berriz, 35-24 irabazi zieten Kemen Aldaberi eta Iban Larrañagari. Konfiantzaz iritsiko dira finalera.

Goikoetxea V.a-Aizpuru II.a ere gogotsu dira, eta hirugarren aukera moduan hartuko dute finala. Izan ere, bitan egon dira txapelketari agur esatear. Ondo hasi ziren, Aldabe-Larrañagari 35-33 gailenduta. Bigarren norgehiagoka, ordea, ahazteko modukoa izan zen, Xabier Azpirozek eta Aritz Zubirik astindu latza eman baitzieten: 35-8. Porrot horrek aukerarik gabe utzi zituen, baina Zubirik min hartu zuen, eta, beraz, haien tokia hartu zuten finalerdietan, multzoko bigarren sailkatu gisa. Finalerdietan ere larri aritu ziren. 28-26 galtzen zihoazen Juanenea-Labakaren aurka, baina Saldiasko aurrelariak min hartu zuen, eta neurketa utzi behar izan zuen. Hala, Goikoetxea V.a-Aizpuru II.a pasatu ziren finalera.

Gaur irabazten duen bikoteak sari bikoitza izango du: batetik, txapela; eta, bestetik, Promozio Mailako San Fermin torneoa jokatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.