Frantziako Tourra

Landak tontorretan du fedea

Frantziako Tourra gaur hasiko da, Bruselan, garaipenerako faborito argirik gabe. Giroan laugarren izan ondoren, murgiarra ilusioz abiatu da, ibilbide oso menditsuak aproposak direlako berarentzat

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Mikel Landari (Movistar )Frantziako mapa bat, iparrorratza eta arkatza eman eta Tourrerako ibilbide bat diseinatzeko eskatuko baliote, aurtengoaren oso antzeko zerbait marraztuko zukeen. Tira, agian ez luke hasiera Bruselan ezarriko, bertan emango baitituzte gaur lehen pedalkadak, Eddy Merckxen lehen garaipenaren 50. urteurrenean, baina bat egingo luke biharkotik aurrerako ia guztiarekin. Erraza da azaltzen: mendi asko eta erlojupeko gutxi, bai behintzat bakarka. 27 kilometroko bi daude, eta bat taldekakoa da. Landak badaki bere aukera dela, baina asko dira ibilbidea berari bezain ondo datozkion aurkariak, igotzaile festa izugarria bilduko baita Tourrean. Eta solte antzean ibiliko dira, gainera, bi faborito nagusiak —Chris Froome (Ineos) eta Tom Dumoulin (Sunweb), erorikoen biktimak— ez baitira egongo irteeran.

Landak aitortza bat egin zuen iragan asteazkenean, Loiuko aireportuan. Hezur eta azal agertu zen, puntu-puntuan Tourrera joateko, eta koipea utzi zuen toki berean laga zuten zuhurtzia faltsua. «Jakitun naiz nire aukerarik onena izan daitekeela, ibilbidearengatik, sasoi unearengatik, aurkariengatik... Urteak ere aurrera doaz, eta eskarmentua lagun dut». Murgiarrak lan kartografikoa ondo egina du dagoeneko. Girotik itzulita, aztarnari jarduna hasi zuen, etaparik gogorrenak esploratuz, eta ibilbidea aurkeztu zutenetik zekiena berretsi zuen: «Gehien gustatzen zaidana da erlojupekoa itzuliaren erdian dela, eta galdutakoa berreskuratu ahal izango dudala. Lehen astean mendia dago, baina euskal txirrindulariontzat Pirinioak bereziak dira. Tourmaleteko etapa dut begiz jota. Baina benetan erabakigarriak Alpeak izango dira».

Landak 30 urte egingo ditu abenduan; badaki bere ibilbidea aurrera doala, eta podium bakarra ukitu duela itzuli handi batean. Era berean, baina, badaki podiumetik gertu ibili dela zorteak lagundu dionean. Duela bi urte, laugarren izan zen Tourrean, eta duela sei aste postu hori bera lortu zuen Italiako Giroan. Parte hartu duen azken hiru itzuli handietan laugarren, zazpigarren eta laugarren izan da. Giroan erlojupeko jardunak utzi zuen podiumetik kanpo. Tour honetan, baina, erlojupekoetako bat taldekakoa da, eta normalean mesede egiten die espezialista ez direnei, kideen babesa dutelako. «Ni guztiaren bila noa. Irabaztera noa, baina inoiz ez da erraza», ohartarazi zuen.

Landa, baina, ez da antzeko ondorioak atera ditzakeen bakarra. Irteera marran Tourra aurretik irabazitako bi txirrindulari egongo dira: Geraint Thomas, iaz, eta Vincenzo Nibali (Bahrain). Azken urteetan Sky taldeak kontrol lan zorrotza egin izan du tropelean, eta, Froome egon ez arren, horrek ez luke aldatu beharko. Ineosek, gainera, ziur asko sasoirik hoberenean dagoen txirrindularia eramango du: Egan Bernal. 22 urte ditu bakarrik, baina erakutsi du baduela ezpala munduko talderik indartsuenaren liderra izateko. Eroriko batek utzi zuen Girotik kanpo, eta arantza atera nahi du. Sasoiko badago, igotzailerik onenetako bat da. Ineosetik haratago, baina, izen asko daude: Nairo Quintana (Movistar), Nibali, Yates anaiak (Mitchelton), Romain Bardet (AG2r), Jakob Fuglsang (Astana), Thibaut Pinot (FDJ), Nibali, Steven Kruijswijk (Lotto-Jumbo), Fabio Aru (UAE)... Aukera asko dira; zail dago kiniela egitea.

Baina hain menditsua al da ibilbidea? Bai. Mendiko sei etapa oso gogor daude, eta horietatik bost tontorrean bukatuko dira. Tontor horietako hiru, gainera, 2.000 metrotik gora daude: Tourmalet, 14. etapan; Tignes, 19.enean; eta Val Thorens, 20.enean. Goian bukatuko ez den mendiko etapa gogor bakarra 18.a izango da, baina ibilbidean 2.000 metrotik gorako hiru mendate ditu. Hori guztia ez da kasualitatea. Ibilbidea aurkeztean, antolatzaileek azaldu zuten 2.000 metrotik gora txirrindularien gorputzak ez dutela beti berdin erantzuten, eta hori aztertu nahi dutela. Azken astean Alpeetan barrena jokatuko da, eta hor erabakiko da irabazlea. Aurretik egongo dira Pirinioak eta Vosge mendiak. Lehen mendiko etapa ostegunean jokatuko da, eta La Planche des Belles Fillesen bukatuko da. Iaz, azken erlojupekoa Lapurdin jokatu zen; aurten, aldiz, Paue (Okzitania) izango da Euskal Herritik gertuen egongo den ibilbideko puntua.

Hasteko, etapa laua

Itzulia irabazteko lehia ikusgarria izango da, baina etapa ehiztarien artekoa ere ez da hala moduzkoa izango. Besteak beste, Peter Sagan (Bora), Julian Alaphillipe (Quick Step), Elia Viviani (Deceuninck) eta Dylan Groenewegen (Jumbo) elkarri mokoka ariko dira akabera bizietan. Gaur izango dute lehen aukera, 194 kilometroko etapa lau batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.