Xaboiak garbitzen ez dituen eskuak

GarbiƱe Elizegi Narbarte
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Ez dut koronabirusari buruz hitz egin nahi. Bizi dugun arazoaren erroa ez baita birusa. Birusak eta izurriteak bizitzaren parte izan dira, dira gaur egun, eta etorkizunean ere izango dira. Birusa agertuta sortutako egoera, berriz, sistemak dituen gabezien ondorioa da. Agerian gelditu dira etxeetan, komunitateetan, estatuetan eta mundu mailan dauden hutsuneak. Horietaz hitz egitea tokatzen zaigu, eta momentu hau baliatu behar dugu egoera horiek ez errepikatzeko. Baliatu behar dugu egoera honetara ekarri gaituen sistema ustel eta bizitzarekin bateraezina den kapitalismo heteropatriarkala desegiteko. Baina badirudi erabakiak hartzen dituzten horiek ez dutela horretaz hitz egin nahi. Berriz ere shock doktrinaren estrategia erabili nahi dute goitik behera, eragile eta herritarren parte hartzerik gabe, sistema blindatzeko balio duten neurriak inposatzeko. Horrekin ez dut esan nahi ez ditugula birusa ez zabaltzeko aholkatu zaizkigun neurriak hartu behar. Nik ere xaboiarekin eskuak garbitzen ditut eta etxean nago isolatuta. Badira, ordea, afera honetan xaboiarekin garbitzen ahal ez diren esku zikinak, eta horiek garbitu gabe oinarrian dagoen gaitza ez da sendatuko.

Hitz egin dezagun lurraren zaintzaz eta mundu mailan izurriteak nola askotan natura eta gizakiaren intersekzioan gertatu ohi izan diren, azken horrek bortizkeriaz eta lurraren gaineko jarrera menperatzaileaz jokatu duelako. Gaur egun ere milaka lagun hiltzen ari dira gosez, elgorriarekin, malariarekin, hiesarekin, eta ekidin daitezkeen beste hainbat gaitzekin. Gehienetan merkatuen neurririk gabeko zabalpenaren eta kolonizazioaren ondorioz hedatutakoak. Kasu horietan, alarmak itzalita daude, hildako gehienak ez direlako zuri europar edota iparramerikarrak. Gaurkora ekarrita, hildakoak txinatarrak ziren bitartean lasai ederrean geundela, eta gurean kontrolatu ondoren munduko hegoaldera mugitu ahala, alarma guztiak itzaliz joango direla, alegia.

Hitz egin dezagun osasun sistema publikoaren egoerari buruz. Herritarren gehiengoak, osasun langileok barne, ez dugu konfiantza gehiegirik ardura postuetatik iristen zaizkigun informazio eta jarraibideekin. Lehenengo lerroan egoten garen langileen edota herritarren ekarpenak kontuan hartu gabe hartzen diren erabakiak direlako, eta, ondorioz, ez dute funtzionatzen. Badakigulako gure osasun sistema multinazional farmazeutikoen borondatearen menpe dagoela, onartu nahi dugun baino gehiago. Gobernuak kapitalaren mesedetara daudenean, osasun sistema ez dago salbuetsia. Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) herritarren diagnosirako frogak egiteko eta kasu susmagarriak isolatzeko aholkatu duen arren, osasun zentroetan frogak egiteko aukerarik gabe, kasu susmagarriak behar bezala isolatzeko tokirik gabe eta maskarak bezalako oinarrizko materialik gabe topatu gara. Horren ordez, konfinamendu demokratikoa, kolore guztietako Polizia eta armada ailegatu zaizkigu. Atzetik etorriko da aipatutako multinazional farmazeutikoak gehiago aberastuko dituen txertoa.

Hitz egin dezagun zaintzaren krisiaz eta inposatu zaizkigun neurriez. Neurri horiek ezarritakoan ez dira kontuan hartu egoera zaurgarrienetan daudenak, ezta horiek zaintzen dituztenak ere. Beren erasotzaileekin bizi diren emakumeak, etxerik gabe daudenak, pilatuta bizi diren familiak eta etxeko zaintza lanetan dauden emakume etorkinak arrisku bizian daude, besteak beste. 48 ordu ez dira pasatu emakume bat bere etxean erail duten arte. Inoiz baino nabarmenago gelditu da mugimendu feministak etengabe salatzen duen zaintzaren krisia, baina horretaz ere ez dute hitz egin nahi.

Konponbideari buruz hitz egiteko garaia da. Has gaitezen behingoz sistema hau bizitzarekin bateragarria ez dela onartzen. Gure iraupena bermatzeko ezinbestekoa izango da sistema hau desegitea eta, kapitalaren ordez, bizitza erdigunean jarriko duen eredua eraikitzea. Lurra zaintzen duen sistema, herritik eta herriarentzat eraikitako osasun sistema publikoa duena, nazio, arraza, klase eta generoren arteko zapalketarik gabekoa, kolektiboa, feminista. Bada alternatiba, beraz, gure esku dago!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.