Noiz sortua: 2020-05-21 00:30:00

Irakaskuntzaren garrantzia unibertsitatean

Zuriñe Gaintza, Aitor Martxueta eta Arkaitz Lareki - Pedagogoak, psikopedagogoak eta hezkuntza arloko irakasleak EHUn

2020ko maiatzak 21

Krisi garaietan gure bizimodua, ohiturak eta lehentasunak kolokan jartzen dira eta pairatzen ari garen pandemia garai hau ez da salbuespen bat izan. Egun hauetan ikasi dugu, adibidez, zer inportantea den maite dugun jendearen ondoan egotea, besarkada baten aurrean gauza material askok duten balorerik eza eta gutxietsita zeuden lanbide batzuk (garbitzaileak, dendariak, zaindariak eta abar) zer garrantzitsuak diren. Espero dezagun baloreen kokapen berri hau ahalik eta gizartearen arlo gehienetara iristea, baita hain korapilatsua den unibertsitate mundura ere.

Azaldu nahi dugun ideia edozeinek ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da unibertsitatean irakasle egonkorra izateko jarraitu behar den bidea azaltzea. Horrela, gaur egun, ibilbide ohikoena ondorengo hau izaten da: lehenik eta behin, lau urteko gradu ikasketak bukatu eta gero, gutxienez, urte bateko masterra egin behar da. Bi kasuotan, ezinbestekoa da gradu eta master amaierako lanak gainditzea. Horren ondoren, 3-5 urte irauten duen doktorego ikasketak egin behar dira. Prozesu horretan bakar batzuek beka bat lortuko dute; gehiengoa, aldiz, lan munduan hasiko da bere tesia burutu bitartean. Horietako batzuk ordezkapenak egiten hasiko dira unibertsitateko irakasle lanetan inongo finkotasunik izan gabe, askotan lanaldi partzialean, 500-700 euroren truke. Behin tesia bukatu dutela, formazio plaza (atxiki plaza) lortzeko lehiatu beharko dira; horretan bost urte inguru igaroko dira egonkorra den plaza (agregatu plaza) lortu arte lehiaketa publiko baten bidez. Dena ondo bidean, 10-15 urte.

Hori dena gutxi ez eta aipatutako prozesu horretan guztian kalitatezko agentziek (Unibasq eta ANECA) zeresan handia dute. Izan ere, formazio plaza batera (atxikia) edota egonkorra den plaza batera (agregatua) aurkezteko aipatutako agentziek ematen duten akreditazioa lortu behar da. Berau lortzeko irakasle bakoitzaren merituak baloratzen dira, baremo baten bitartez. Baremo horrek balio berezi bat ematen dio ikerketa arloari, irakaskuntzaren gainetik. Hau da, bereziki baloratzen da goi mailako ikerketa taldeetan parte hartzea, kanpoko unibertsitateetan egonaldiak egitea eta , batik bat, artikuluak argitaratzea. Irakaskuntza merituak ere (irakats esperientzia, irakaskuntzaren balorazio positiboa, berrikuntza proiektuetan parte hartzea eta abar) baloratzen badira, ikerketa merituen menpe gelditzen dira normalean.

Eskarmentu handiko irakasle askok —bereziki, arlo jakin batzuetakoek— gorriak ikusi izan dituzte akreditazio horiek lortzeko, ikerketa arloari ematen zaion gehiegizko garrantziarengatik.

Hori azalduta, kuriosoa izan da ikustea nola pandemiaren garai honetan, berriz, irakasle unibertsitarioaren akreditazioak lortzeko hain inportanteak diren ikerketa meritu horiek bere balio errealera bueltatu diren kasu gehienetan. Larrialdi egoera honetan erakunde publikoek eta unibertsitateak berak ere lehentasuna eman diete ikasleen formazioari eta klaseak ematen jarraitzeari. Zer esanik ez, irakasleok lehen momentutik horren garrantziaz jabetu gara eta, nork bere etxetik eta bere baliabide propioak erabiliz, horretan eman ditugu lanegunak eta jaiegunak, sarritan amaigabeko ordutegiei jarraituz eta ikerketa zereginak bigarren mailan utzita. Klaseak emateaz gain, aplikazio digital, online ebaluazio sistema eta antzeko beste ikastaro express asko egin behar izan ditugu egoerak eskatzen zituen gaitasun berriak garatzeko. Askotan, ez da formazio horrengatik inongo ziurtagiririk jaso, eta kudeatu behar dugun estresa gutxi balitz, egun batetik bestera zehaztasunez justifikatu behar izan dugu administrazioaren aurrean irakasgaietan txertatu ditugun egokitzapenak. Egoera konplexua bazen ere, irakasle gehienok egin dugun ahaleginari esker eta ikasleek mantendu duten jarrera positiboari esker, ikasturte konplikatu hau nahiko era duin batean bukatzen ari gara, salbuespenak salbuespen, noski.

Egunen batean larrialdi egoera desagertuko da, baina, tamalez, irakasleen ibilbide profesionala egonkortzeko prozedurak berdin jarraituko du. Izan ere, zenbait ikerketa merituk beren gehiegizko balioa mantenduko dute eta hain funtsezkoa dela erakutsi den irakaskuntzak, berriz, ez du izango zor zaion balioa. Hori gertatuko da denok, eta bereziki akreditazioak lortzeko baremoa definitzen duten pertsonek, irakaskuntzak daukan garrantzia ulertzen ez duten bitartean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du bihar Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

 ©BERRIA

Kulturgintza: eutsi ala hautsi

Iñigo Astiz

Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna