Italiako Giroa

Irteeran izan da ikusmina, ez helmugan

Eguraldia eta luzera tarteko, txirrindulariek planto egin dute, eta etapa erdira laburtu da. Josef Cernyk irabazi du gaurko lasterketa

Irteeran izan da ikusmina, ez helmugan.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Inor gutxi gogoratuko da nork irabazi zuen 2020ko Giroko hemeretzigarren etapa. Izan ere, atzoko etapan, helmugan bainoago irteeran egon zen albistea. Txirrindulariek planto egin zuten. Azken astean 200dik gora kilometroko etapak izan dira guztiak. Atzokoa zen aldi honetako luzeena, 251 kilometrokoa, Morbengo eta Asti artean. Herenegun Stelvion gora egindako ahaleginaren ostean, eta egiten zuen eguraldiarekin, atzoko etapa osorik egiteak «beren osasuna arriskuan jartzea» zela esan zuten txirrindulariek, eta antolakuntzak 124 kilometrora murriztu zuen etapa.

Gianni Bugno buru duen Nazioarteko Txirrindularien Elkarteak egin zuen eskaria, eta eskertuta agertu zen antolakuntzak onartu egin zuelako. «Lehentasunaosasuna da. Etapa laburtzeagatik ez da ikuskizuna gutxituko. Eskertuta gaude eskaria onartu dutelako».

Eskaria onartu arren, etapa amaieran haserre mintzatu zen Mario Vegni Giroko zuzendaria, RAI telebistari egindako adierazpenetan. «Milanera iristean, norbaitek ordaindu egin beharko du honengatik. Ez dugu txirrindularien erabakia onartu, pairatu egin dugu».

Kritika gogorra egin zien txirrindulariei: «Denak jakitun zeuden Giroa urrian korritzen zela eta tenperatura baxuak izan zitezkeela. Txirrindulari askoren iritzia entzuteko aukera izan dut, eta asko ez zeuden ados plantoarekin».

Azkenean, lau ordu eta erdi beranduago hasi zen etapa. Txirrindulariek autobusez egin zuten Abbiategrasso arteko bidea. Han izan zen irteera. Bizi hasi zen lasterketa. Hiru txirrindularik ihes egin zuten tropel nagusitik: Victor Campenaertsek (NTT), Simon Pellaudek (Androni) eta Josef Cernyk (CCC). Kilometroek aurrera egin ahala, iheslarien multzoa handituz joan zen, hamalau txirrindulari izan arte.

Atzetik Bora ari zen tiratzen, Peter Saganen bigarren garaipenaren bila. Baina inork ez ziola laguntzen ikusita, eta indarrak alferrik ez galtzeko, tiratzen utzi zuen. Hori baliatu zuten atzekoek erritmoa bizitu eta hamar minuturainoko errenta lortzeko.

Iritsiko zirela ikusita, iheslarien arteko erasoan hasi ziren. Seik egin zuten ahalegina. Baina indartsuena Cerny izan zen. 13 kilometro falta zirela egin zuen aurrera. Etengabeko erritmo bat ezarri zuen, eta 20 segundoren errenta baliatzen jakin zuen. Bakarrik ailegatu zen helmugara. Sailkapen nagusiko buruan ez zen aldaketarik egon. Bigarren egunez jarrian, eta bi etaparen faltan, gaurere Wilco Kelderman (Sunweb) irtengo da elastiko arrosarekin. Pello Bilbaok (Bahrain) laugarren segitzen du, 1.19ra. Gaur mendiko azken etapa jokatuko da. Txirrindulariek hiru aldiz igo beharko dute Sestriere. Azken bi igoerak izango dira gogorrenak (7,2 kilometro, %7,2ko pendiza).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.