Aurreneko galbahea, igarota

Ukraina, Espainia, Alemania eta Portugal sailkatu dira Eurokopako final-zortzirenetara

Suediako jokalariak, Emil Folsbergek egindako gola ospatzen, atzo, Poloniaren aurka. KIRILL KUDRYAVTSEV / EFE.
Mikel O. Iribar.
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Zehaztu dira jada Eurokopako final-zortzirenetarako kanporaketak. Atzo sailkatu ziren azken lau taldeak: Ukraina, Espainia, Alemania eta Portugal. UkrainarrekE multzoko emaitzak alde izan zituzten sailkapena ziurtatzeko. Hain zuzen, multzo horretan Suedia izan da lehena, Poloniari 3-2 irabazi baitzion; espainiarrak, berriz, bigarrenak sailkatu dira, Eslovakiari aise irabazita: 5-0.

F multzoan, bestalde, Frantzia aurretik jada sailkatuta bazegoen ere, atzo ziurtatu zuen lehen postua, Portugalekin bina berdinduta. Dena den, Fernando Santosen selekzioak txapelketan aurrera egitea lortu du, hirugarren postuan amaituta. Alemania, berriz, multzoko bigarrena sailkatu da, Hungariarekin ere bina eginda.

Hasi eta berehala aurreratu zen Suedia Poloniaren aurka. Alexander Isak Realeko jokalaria baloiaren jabe egin zen aurkariaren area kanpoan, eta inertziaz, Emil Forsbergen oinetara heldu zen baloia, eta hark baloia sareetara bidali zuen. Bigarren zatiko 59. minutuan heldu zen Suediarren bigarren gola, oraingoan ere Forsbergen eskutik, kontraeraso bikaina egin ondotik. Baina poloniarren erantzuna segituan etorri zen. Zehazki, hurrengo jokaldian Robert Lewandowskik sekulako gola egin zuen. Gol horrek hauspotu egin zituen poloniarrak, harik eta binakoa egitea lortu zuten arte. Lewandowskik sartu zuen bigarrena ere. Baina arauzko denboraz kanpo, Claessonek ametsa zapuztu zion Poloniari. Amaieran, 3-2.

Espainiak, ostera, goitik behera menderatu zuen Eslovakia. 30. minutuan iritsi zen Espainiaren lehen gola, Pablo Sarabiari esker. Lehen zatiko azken hatsean, Aymeric Laportek bigarren gola egin zuen, buruz. Espainiaren beste hiru golak bigarren zatian heldu ziren, Sarabiaren, Ferran Torresen eta Pau Torresen eskutik.

Azken unera arte, zintzilik

Alemaniarrek Municheko Allianz Arena estadioan bildu ziren jarraitzaileen babesa izan bazuten ere, aldapa gora jarri zitzaien partida; 10. minutuan hungariarrek eman baitzuten lehen kolpea, Adam Szalaik buruz sekulako errematea egin ostean. Minutu luzez aurretik egon ziren hungariarrak, harik eta Kai Havertzek banakoa ezarri zuen arte. Baina alemaniarren susperraldiak ez zuen askorik iraun; izan ere, hurrengo jokaldian Andras Schaferrek aurretik jarri baitzuen Hungariako selekzioa. Lowek Leon Goretzka zelairatu zuen, eta bai asmatu ere. Erdilariak sartu baitzuen Alemaniari lasaitasuna emango zion gola.

Penaltiek baldintzatu zuten Frantziaren eta Portugalen arteko partida. 28. minutuan, Cristiano Ronaldok portugaldarrak aurreratu zituen 11 metroetatik asmatuta. Hain justu, gisa horretara berdindu zuen Frantziak, Karim Benzemaren eskutik, eta markagailua iraultzeko ere aurrelari petoak egin zuen bigarrena. Handik gutxira, ordea, Ronaldok binakoa egin zuen; hura ere penaltiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.