Edonon, edonoiz, edonorekin

2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Maitasuna: bizitzako txoko guztiak betetzen dizkigun emozioa. Bizitza argiz betetzen diguna eta galduz gero zulo beltzean sartzen gaituena. Ez baitago beste sentimendurik, aldi berean goxoa eta krudela denik. Istant batetik bestera zoriontsu izatetik zorigaiztoko bihurtzen gaituena. Agian horrek egiten du hain mendeko; drogarik gogorrenek ematen diguten bidaien antzera, behin bukaerara iritsi eta gorputzak gehiago eta gehiago eskatzen digu. Hura gabe bizi ezin.

Zer zentzu dauka ba bizitzak maitasunik gabe? Hasteko, gure espeziea desagertzera kondenaturik egongo litzateke maitasunik gabe. Oinordekoak izateko maitasuna da gure existentziaren oinarria. Ama edo aita batek sentitzen duen maitasun mugagabe eta definigaitza; aitona-amonek beren familiak hazten ikustean sentitzen duten maitasuna; bigarren amatasuna edo aitatasuna bezalakoa. Familia zen, da eta izango baita askoren bizi-iturri eta euskarri.

Beste askok aukeratutako familian aurkitzen dute maitasuna; odol bera izateak ez duelako deus bermatzen. Barreak, kezkak, parrandak eta negarrak elkarbanatzeko talde hura; sarri hoberen ezagutzen gaituen taldea. Laguntasuna, aukeratutako zortea dela esango nuke: lagunak aukeratu egiten ditugulako, baina zortearen baitan dagoelako bizitza konpartitzeko horrelako pertsonak aurkitzea. Gaztetatik zahartzarora lagunduko gaituen taldea aurkitzea, elkarrekin biberoiak, txupitoak eta azkenik, tentsioarentzako pilulak hartzeko.

Badago bikote maitasuna ere. Txikiazarenean zure ikasgelan dagoen edozein neska edo mutilekin bizitzen duguna; izan ere, aste baten ostean bi edo gehiagotan alda dezakegulako bikotekidea bost urte ditugula. Gaztaroan, ordea, maitasunak badauka gar gehiago eta kontraesan gehiago aldi berean. Ez dugu etorkizunik irudikatzen beste pertsonekin, aldiz, ezin dugu amaiera irudikatu. Zelako drama 15 urterekin bikotekideak uzten gaituenean! 20 urtetik aurrera mila istorio konta ditzakegu maitasun horren inguruan. Gau bateko istorioak; serioak ez diren istorioak edota ezkondu egingo garela diruditen istorioak. Gauean ohera sartzean hausnartzeko denbora eskaintzen diegun istorioak edo negar tantaren bat lapurtzen digutenak. Denak errealitatearen parte; bizitza osatu eta xarmaz betetzen digutenak. Agian, muturrera joaz, gure aitona-amonen antzera berrogeita hamar urte luze iraun dezaketenak; bizitza osorako maitasunak.

Ura bizitzarako ezinbestekoa den bezala, gizarteak maitasuna behar du. Hura da giza bizitzaren motorea; hura gabe ez ginateke. Ziurrenik disgustu asko aurreztuko genituzke, baita bizipoza galdu ere. Egunero altxatzen laguntzen digun eskua galduko genuke. Elkar zaintzera bultzatzen gaituen besoa; pasioz bizitzeko gorputza. Leonard Cohen-ek esan zuen bezala: «Maitasunak ez dauka sendabiderik, baina gaitz guztientzako sendabidea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.