Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Haurrek haurrentzat egina

Easo Eskolaniak, Easo Gaztek eta Aila Laredoko haurrek 'Itsasotik' ikuskizuna sortu dute

Itsasotik antzezlanaren aurrerapena, atzo, Viktoria Eugenia antzokian eman zuten prentsaurrekoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Atzo iritsi zen Viktoria Eugenia antzokira Itsasotik ikuskizuna, Donostiako Musika Hamabostaldiak haurrentzat eta familiarteko publikoarentzat ekoitzitako lan berria. Oihana Mugerza Musika Hamabostaldiko zuzendari artistikoaren albokoak, Enola Arruebarrena Easo abesbatzaren zuzendariak eta Mafalda Saloio zuzendari artistikoak aurkeztu zuten ikuskizuna, antzokian bertan egin zuten prentsaurreko batean. Azaldu zutenez, aurtengo muntaketak 2020ko eta 2021eko jaialdietan estreinatutako Árbolaré eta Hirira ikuskizunen ildoari jarraitzen dio.

Roger Calmel konpositorearen Les chants de la mer (Itsasoaren kantak) partituraren gainean egin dute lan, eta Marta Garciak sortu du testu berria. «Abesti hau umeentzako dago egina. Gainera, ez da musika erraza edo naifa; musika intelektuala eta sakona da, eta umeak artista gisa tratatzen ditu», esan du Arruebarrenak.

Ipuin musikalak itsasoa maite duen neskatila baten istorioa kontatzen du. Egun batean, marinel batzuek jasotzen dute, eta, neska uretara erortzean, arrain erraldoi batek irentsi, eta hondartza batera eramaten du. Hondartza horretatik, itsas hegazti batzuek bizirik gabeko hiri gris batera gidatzen dute neska. Bertan, izarrak konpontzen dituen mutiko bat topatuko du, eta elkarrekin hiritarren «bihotzak aldatzeko» zereginean murgilduko dira.

Donostiatik Santanderrera

2018an sortu zen obraren ideia, eta, Arruebarrenaren hitzetan, helburua da umeek operan eta antzerkian behar duten espazioa aldarrikatzea. Horregatik, umeak dira protagonistak: haiek sortu dute eta haientzat dago egina.

Sorkuntza eszenikoaren prozesuan, Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatzetako 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteak bi hilabetez aritu dira entseatzen, eta Coral Aila Laredo batu zaie azken fasean. «Haurrek artistak direla senti zezaten, bira moduko bat egitea erabaki genuen, eta, horretarako, zer leku Santander baino hobea [Espainia]. Han, Aila Laredo koruko haurrak gonbidatu genituen haiek ere prozesua ezagut zezaten. Ziur nago haiengan landatu dugun hazitxoa laster loratuko dela, eta segituan entzungo ditugula haiek sortutako lanak», esan du Arruebarrenak.

Keinua, irudia, objektuak eta taldekako mugimendua izan dira eszenak sortzeko oinarrizko elementuak. «Prozesu artistikoetatik abiatuta, giza harremanak eta entzutea lantzen dira; baina batez ere, lan kolektiboa da. Ni gorputzaren formakuntzaz arduratzen naiz, eta David de Oliveirak asko laguntzen du lan honetan, pianoarekin inprobisazio musikalean laguntzen baitu. Enolak, berriz, ahotsa lantzen du. Itsasotik, ikuskizun bat izateaz gain, alde soziala inguratzen duen proiektu artistikoa ere bada», esan du Saloio zuzendari artistikoak.

Musika Hamabostaldiak gizarte gaiak, kultura, jasangarritasuna eta gisako gaiak lantzen dituzten ikuskizunak ekoizteko asmoa izaten du, eta bide horretatik sortu du Itsasotik ere, kontatu dutenez. Gainera, baliabide materialak murrizteko, material birziklatuak edo bigarren eskukoak erabili dituzte eszenografia guztian, jantzietan eta atrezzoan.

«Musika Hamabostaldiak ez duegin nahi ingurumenean eragina izango duen ekoizpenik. Horregatik, Hamabostaldi Berdearen proiektua daukagu, ideia eta proiektu ekologikoak garatzeko. Gainera, 2018. urtetik Emaus fundazioarekin ari gara lanean», azaldu du Mugerzak. Emausekin bat eginda, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonekin elkarlanean tailerrak egin dituzte. Bertan, antzezlanerako beharrezkoak diren elementu eszenikoak eta jantziak sortuz, «lotura komunitario berriak» egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.