Rebordinos: «Ez kantitatez, baina kalitatez hazi nahi dugu»

Donostiako Zinemaldiak azken edizioaren memoria argitaratu du: goranzko joera erakusten du, ikusleetan zein diru bilketan

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Maialen Beloki zuzendariordea, atzo, Tabakaleran. A. C / FOKU.
itziar ugarte irizar
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak azkenengo jaialdiaren memoria aurkeztu du, estreinako aldiz. Iaz ere jarri zuten informazioa sarean, baina, Jose Luis Rebordinos zuzendariaren arabera, nahiko oharkabean pasatu zen, eta beste bultzada bat eman nahi izan diote aurten. Datuekin eta argazkiekin osatutako txostena sarean jarri dute edonorentzat eskuragarri. Ideia bat nabarmentzen du: goranzko joeran dagoela Zinemaldia. Irailaren 21etik 29ra artean egin zen iaz jaialdia, 66. edizioa, eta bere historia osoko marka onenak izan zituen: 175.011 ikusle zenbatu zituzten denera, 907.515 euro bildu ziren, eta akreditatuen artean ere inoizko daturik altuena lortu zuten: 4.144 lagun, industriako profesionalen eta kazetarien artean.

Datuak eskuetan, jaialdia «garai oso egonkorrean» dagoela baieztatu du Rebordinosek. Eta helburua ez dela kopuruak igotzen segitzea, horiei eustea eta bestelako alorrak zaintzea baizik. «Ezin gara urtetik urtera hazi, eten gabe; jaialdiarentzat ere kaltegarria izango litzateke. Tamaina polita du, eta oso finkatua dago. Kantitatez ez, baina kalitatez hazi nahi dugu».

Zinemaldiko arduradunentzat, kontuan hartzekoa da, gainera, zinema jaialdiek eta ikus-entzunezko industriak «testuinguru aldakorra» dutela egun, eta giro horretan jazo dela Donostiako jaialdiaren hazkundea. «Berehalakotasun digitala, etengabeko berrikuntza teknologikoa eta ikus-entzunezkoak ikusteko metodo berriak direla eta, zinema jaialdiak ezin dira geldirik egon: ezin dute etsi egun gutxi batzuetako zinema onaren erakusleiho hutsa izatearekin». Hala, Zinemaldia jada urte osoko jaialdi bat dela adierazi du zuzendariak, eta «apustu estrategiko» hori Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan «oinarritzen» duela; besteak beste, Ikusmira Berriak programarekin eta Elias Kerejeta Zine Eskolan duen parte hartzearekin.

Zirkuitua eta fluxua aztergai

Hobetu nahi dituzten alderdiak ere aipatu ditu Rebordinosek, memoria aurkezterakoan. Akreditatuentzako programazioa hobetu beharra azpimarratu du, azkenekoan ere eguneko emanaldi denetara ezin iritsita ibili zirelako haietako asko. Hartara, zirkuitua eta fluxuak aztertzen ari direla azaldu zuen. «Duela hamar urte balio zigun eskemak ez digu balio gaur».

Horrek «aho zapore gazi-gozoa» utzi bazien ere, oro har, iazkoa «urte ona eta orekatua» izan zen Rebordinosentzat; Sail Ofizial «indartsu» batekin, eta Perlak eta Zabaltegi sailetan «urteko onenari» leku eginda. «Orain ahotan ditugun pelikulen % 90 ikusi ahal izan zen. Garai onean gaude; hurrengo edizioei aurre egiteko indartsu eta lasai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.