Lehia parekatua espero dute

Tolosak eta Oberenak bigarrenez jarraian jokatuko dute Berria txapelketako finala, gaur, Hernanin

Ezkerrean, Amiano Tolosa taldeko aurrelari kadetea, eta, eskuinean, Oskoz Oberena taldeko aurrerlaria, gazteen kategoriakoa.  BERRIA.
jon eskudero
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Hiru hilabeteko jardunaren ondoren, Euskal Herriko bi pilota elkarterik onenak gaur arratsaldean lehiatuko dira XVI. Berria Txapelketako finalean, Hernanin (Gipuzkoa), 17:00etan. Guztira 24 taldek parte hartu dute, eta, estreinako aldiz, aurreko urteko bi finalista berak iritsi dira txapelaren lehiara: Tolosa eta Iruñeko Oberena. Iazko final bera jokatuko dute, eta bi taldeetako arduradunen iritziz, «oso irekia eta lehiatua» izango da. Mikel Olaetxea Tolosako arduradunak badu itxaropenik berriz ere txapelak irabazteko, baina Iñaki Barbajero Oberenako entrenatzaileak ohartarazi du garesti salduko dutela garaipena. Ikuskizuna bermatua dago.

Izan ere, Tolosa eta Oberena indartsu iritsiko dira finalera, taldeko pilotari onenekin. Bi taldeetako arduradunak ez dira eskarmentu handikoak entrenatzaile lanetan, baina dagoeneko ondo baino hobeto dakite Berria txapelketak nolako garrantzia duen pilotaren egutegian. «Pilotariek urte osoan partida gutxi izaten dituzte klubaren izena bizkarraldean eramaten dutenak, eta, txapelketa hau taldekakoa izanik, oso gustukoa dugu. Klubaren lana ezin hobeto islatzen du. Seinale ona da bigarren urtez jarraian finalean egotea, eta pozik gaude», esan du Olaetxeak. Barbajerok, berriz, lehen urtea du Oberenako arduradun gisa, eta aitortu du «handia» litzatekeela halako garaipen batekin ekitea bideari. «Aurreko urteetako arduradunak esan zidan gehien gustatzen zitzaion txapelketa hau zela, eta ilusioz gainezka gaude finala jokatzeko. Nafarroako pilotarentzat bultzada litzateke txapela lortzea. Zaila izango da irabaztea, baina ez ezinezkoa».

Kadeteen arteko partidarekin hasiko da finala, eta bi bikote on lehiatuko dira: Amiano-Sodupe Tolosakoak eta Laso-Illarregi Oberenakoak. Euskal Herriko bikote txapelduna da Tolosakoa, eta, ustez, faborito dira. «Sodupek pilota urrun jartzen du ezker-eskuin, eta Amiano abila da aurrean. Oso bikote indartsua osatzen dute, eta itxaropen osoa dugu partida hori irabazteko», adierazi du Olaetxeak. Horrekin bat dator Barbajero. «Laso eta Illarregi oso pilotari onak dira, baina egia da gauzak zail izango dituztela. Ea lanak ematerik dugun».

Irekiagoa izan daiteke gazteen artekoa. Altuna-Etxeberriak ordezkatuko dute Tolosa, eta Oskoz-Ganboak Oberena. «Duela lau hilabete inguru bi bikote hauek lehiatu ziren Euskal Herriko txapelketan, eta haiek 22-6 irabazi zuten. Gogoan dugu han gertatutakoa, baina iruditzen zait gauzak aldatu egin direla ordutik. Batez ere Altunak gora egin du», esan du Olaetxeak. Bere pilotariengan «konfiantza osoa» du Barbajerok. «Partida irekia ikusten dut, eta gakoa izango da pilotariei egun ona tokatzea. Ganboa atzelariak sendotasun handia ematen digu, eta Oskoz ohitua dago konpromiso handiko partidak jokatzen. Irabaztea ezinbestekoa izango da guretzat».

Ziurrenik, erabakigarria izango da nagusien artekoa, eta sendotasun handiko bi bikote lehiatuko dira: Elola-Telletxea, Kanabal-Aldaberen aurka. Tolosak hutsune garrantzitsua izango du, Labakak ez baitu jokatuko, baina, halere, Olaetxeak konfiantza du bikotearengan, baita Barbajerok ere. «Gazteak dira Kanabal eta Aldabe, baina inork baino hobeto dakite sufritzen. Partida polita izango da».

Hasteko, emakumezkoak

Hamasei urtean lehen aldiz, emakumeen arteko finala ere jokatuko dute. Jaialdiko lehen partida izango da. Arrate Bergara eta Nora Mendizabal ariko dira Miriam Arraiza eta Amaia Aldairen aurka. Lau pilotariak oso gazteak dira, eta ezinbestekoa izango da urduritasunari eustea. Hortaz, finalari ondo ekiten dionak asko izango du irabazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.