Hobe da atzera ez begiratzea

Alavesek Granadan jasotako astindua ahaztu nahi du Garitanoren talde ohi Leganesen kontra

Alaveseko jokalariak burumakur, aurreko jardunaldian, Granadaren gol bat jaso eta gero. PEPE TORRES / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Alavesek sufrikarioa bizi izan zuen Granadaren zelaian. Lehen zatian duin aritu zen, baina bigarren zatian hiru gol sartu zizkioten, eta bi txartel gorri ikusi. Aldartea mikazten duen partida horietako bat izan zen. Hori horrela, orria pasatu, eta aurrera begiratzea dagokio orain Arabako taldeari. Izan ere, aurkari zuzen bat hartuko du gaur; Javier Aguirrek suspertu duen Leganes. Espainiako taldea azken postuan iltzatuta zegoen hirugarren jardunaldiaz geroztik, baina hobera egin du teknikari mexikarrak zuzentzen duenetik. Azken partidan 3-2 irabazi zion Celtari, eta, hala, sailkapenean azken lekuan egoteari utzi. Hortaz, arreta osoz jokatu beharko du Asier Garitanoren taldeak, jarraian hirugarren lehia galdu nahi ez badu.

Esanahi bereziko partida izango da Bergarako entrenatzailearentzat, urte loriatsuak bizi izan baitzituen Leganesen aulkian. Bost urte eman zituen bertan, 2013tik 2018ra, eta, tarte horretan, taldea Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igo, eta elitean egonkortu zuen. Edonola ere, berak ere hobe du atzera gehiegi ez begiratu eta goxotasunak saihestu, lehiak iraun bitartean, behintzat. Atzoko agerraldian, samurtasunez gogoratu zituen Espainiako taldean pasatutako urteak. «Leganesek dena eman dit kirol arloan nahiz arlo pertsonalean. Oso pozik nago Lehen Mailan gurekin batera daudelako». Bere talde ohiak Aguirrerekin izandako hobekuntza ere aztertu zuen. «Hasieratik ari ziren behar bezala lehiatzen, baina emaitzak falta zitzaizkien. Orain, beste urrats bat ari dira egiten. Neurketak hasi eta buka lehiatzen dituzte».

Horixe da, hain justu, azken partidan Alavesi falta izan zitzaiona. Desagertu egin zen atsedenaren ostean, eta, atzo, Tomas Pinaren lesioak izan zuen eraginaz mintzatu zen Garitano. «Pinaren gisako jokalari garrantzitsu batek min hartzeak norabidea aldatzen du. Taldea lur jota atera zen bigarren zatian. Gauzak ez dira halabeharrez gertatzen. Ikasgai moduan balio izan behar digu». Aurrera begira, ez da lan samurra izango erdilariak utzitako hutsunea betetzea. «Ez dugu hura bezalako erdilari gehiagorik. Orain bestelako egoerak bilatu behar ditugu, eta ordezkoei lagundu».Wakasok eta Laguardiak ere ezingo dute gaur jokatu, Granadaren zelaian egotziak izan eta gero. Gauzak hala, zelai erdian Ponsek eta Manu Garciak jokatu beharko dute ezinbestean, eta defentsaren erdigunean Ximo ariko da, Elyrein batera. Hark erdira eginda, Martin titular izango da berriro eskuin hegalean. Ezkerrean, berriz, bueltan da Duarte, zigorra bete ondotik.

ALAVES-LEGANES

Alaves. Pacheco; Martin, Ximo, Ely, Duarte; Manu Garcia, Pere Pons, Vidal, Rioja; Joselu eta Lucas Perez

Leganes. Cuellar; Rosales, Bustinza, Awaziem, Tarin, Jonathan Silva; Ruben Perez, Roque Mesa, Oscar Rodriguez; Braithwaite eta En-Nesyri

Epailea. Cesar Soto Grado.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.