Ez da gustuko itzulera

Bilbo Basketek ACB ligako lehia jokatuko du gaur etxean, Teneriferen aurka. Duela urte erdi jokatu zuen azken partida ofiziala Miribillan

Quentin Serron Retabet Bilbo Basketeko jokalaria, baloiarekin, Kanaria Handiaren aurkako partidan. ANGEL MEDINA G. / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Oso urruti dago martxoaren 8a. Egun horretan jokatu zuen Retabet Bilbo Basketek azkeneko partida ofiziala Miribillan. Aurreko denboraldiko ACB ligako 23. jardunaldian izan zen. Festa izan zen egun horretan harmailetan: bilbotarrek astindu latza eman zioten Obradoirori (99-72), eta 8.500 ikusle izan ziren Miribillan. Baina hiru egun geroago, ACBk bertan behera utzi zuen liga, koronabirusak eragindako osasun egoeragatik. Hiru hilabete pasatxo geroago ekin zioten berriz ere ligari, baina lehiaketa sistema aldatuta. Tenerifen (Espainia) jokatu zen azken fasea, hasi eta buka.

Gaur itzuliko da Retabet Bilbo Basket Miribillara, sei hilabete geroago. Bitan jokatu du bertan denboraldi-aurrean, Burgosen eta Zaragozaren aurka, baina gaur du etxean lehen neurketa ofiziala aspaldiko partez. Eta denboraldi-aurrean bezala, ikuslerik ez da izango. Marea beltza faltako da, eta taldeak ziur sumatuko duela haren falta. «Arraroa da kontzertu bat egotea, eta gure zaleek ezin etortzea. Edo hegazkinean distantziarik gabe egotea, eta Miribillan ezin egotea ikusleak distantzia bat gordeta. Ondo legoke protokolo on batekin jendea etortzea», kexatu da Alex Mumbru.

Baina dagoena dago, eta gaur, argia da helburua: Teneriferi irabaztea, eta sasoiko lehen garaipena lortzea. Gertu izan zuten estreinakoan bilbotarrek, joan den larunbatean, baina luzapenean galdu zuten Kanaria Handiaren kantxan: 107-102. Bigarren ahaleginean lortu nahi dute helburua.

Horretarako, «xehetasun txiki batzuk» hobetu beharko dituzte. «Xehetasun garrantzitsuak» dira. Izan ere, Mumbruren iritziz, haien erruz galdu zuten Kanaria Handian. Bestelakoan, txukun aritu ziren: lehiakorrak izan ziren azken unera arte oso plaza zailean. Horrez gain, berri pozgarria izan zen Ludde Hakansonek eginiko lan oso ona (22 puntu), baita aurreko denboraldiko jokalari garrantzitsuen ekarpena ere: Ondrej Balvinek hemezortzi puntu lortu zituen; Jonathan Roussellek, hamazazpi; eta Arnoldas Kulbokasek, hamasei. Oinarri ona da. Haien taldekideek, aurretik zeudenek eta iritsi direnek, euren jarduna koska bat igotzea falta da. Baina liga hasi besterik ez da egin, eta aldaketa dezente izan dira taldean. Pazientzia izan behar da.

Baina bitartean, komeni da irabazten hastea, dudak uxatu aldera. Gaur aukera dute horretarako. Espainiako taldeak herenegun gauean jokatu zuen: 91-86 irabazi zion luzapenean Zaragozari. Beraz, bilbotarrek baino egun bat gutxiago izan du atseden hartzeko. Mumbruk, hala ere, ez du uste hori erabakigarria izan daitekeenik. «Maila handiko hamahiru jokalari ditu Tenerifek». Herenegun, Bruno Fitipaldo (23 puntu), Marcelinho Huertas (hamazazpi puntu), Giorgi Xermadini (hamazazpi puntu) eta Aaron Doornekamp (hamasei puntu) nabarmendu ziren Txus Bidorreta bilbotarrak entrenatutako taldean.

Baskonia, segida ematera

TD Systems Baskoniak, berriz, bihar gauean jokatuko du bigarren partida, Fuenlabradan (Espainia). Gasteiztarrek ondo ekin diote ligari, aurkari zuzen bat hartu baitzuten mendean estreinako partidan: 76-73 irabazi zioten Valentziari joan den igandean, Buesa Arenan. Bihar, garaipen horri segida eman nahi diote.

Aurkari askoz apalagoa izango dute oraingoan: itxuraz, mailari eusteko lehian ariko da Fuenlabrada. Lehen jardunaldian ja agerian utzi du sufritu egingo duela helburua lortzeko. Hemeretzi punturen aldeaz galdu zuen aurkari zuzen baten aurka, Obradoiro: 101-82. Obi Emegano —20 puntu— eta Leo Meindl —hamasei puntu eta sei errebote— izan ziren onenak Espainiako taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.