SOSLAIA. Joanes Bakaikoa

Beste txapel bat burura

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Biharamun «gozoa» bizi izan zuen atzo Joanes Bakaikoak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1997), profesionaletan hirugarren txapela irabazi ondoren: Promozio Mailako lau eta erdikoa, Iraitz Zubizarretari22-10 gailenduta, Altsasun (Nafarroa). Txapelari ez dio begirik ere kentzen. «Etxean ongi gorde dut, besteen ondoan». 2018an irabazi zituen buruz buruko eta lau eta erdiko txapelei zuzendu zaie. Etxarriarra badoa bere garaipen zerrenda gizentzen. «Lan ona egiten ari naizen seinale da».

Bai Zubizarretak, bai Bakaikoak su handiarekin hasi zuten dema, harik eta, 7-7 berdinduta egon ostean, nafarrak lehia «hautsi» zuen arte. Sakea alde izanda, «min handia» egin zion ataundarrari, «dominatzailea» izateraino. Etxarriarra izan zen pilotalekuko ezker horma «irregularrera» hobekien moldatu zen pilotaria. «Erasorako frontoi ona da; defentsarako, aldiz, zaila».

22. tantora iritsi orduko, «pozez» lehertu zen Bakaikoa. «Nire gurasoekin gogoratu nintzen». Bere buruaz ere «harro» dago. «Bolada txar batetik nentorren, aurretik bizi gabekoa». Martxoaren amaieran eskuin belauneko lotailu gurutzatuan haustura partziala izan zuen, eta lau hilabetez kantxatik kanpo egon zen. Bada, isilean eta itzalean egindako lan eta esfortzu handiak eman dio fruitua.

Lorpen handi horri esker, Bakaikoa maila nagusiko lau eta erdikoan ariko da datorren urtean, bigarrenez. «Ilusio handia egiten dit horrek, baina, batez ere, ematen ari naizen maila onak motibatzen nau». 24 urte baditu ere, argi du: «Oraindik hobetzeko tarte handia dut». Orain, «merezitako» atsedena hartuko du, datorrenari «gogoz» eta «indartsu» ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.