Merezitako aitortza baten ukazioa

Malen Manley
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
«Badakizu hemen memoria ezabatzen digutela», dio Berri Txarrak taldearen Oreka abestiak. Oraindik estatu independente bat ez dugun herrian, Euskal Herrian, espainiar eta frantziar kultura eta historia arrotza inposatu ohi zaigu txikitatik. Irakurtzen ikasten dugunean, eta lehen aldiz kaletik topatzen ditugun kartelak irakurtzeko gai garenean, Isabel II.a etorbidean edo Prim kalean gaudela ikusten dugu lehen aldiz. «Ama, nor da Felipe IV.a, eta zergatik bizi gara bere kalean?». Urte batzuk igarotzen direnean, nerabezaro amaieran, espainiar historia ikasi ezean batxilergo titulurik ez dugu lortzen.

Badirudi euskal nazioaren eraikuntza eta haren giltzarriak, gure kulturarekin batera, ahoz aho transmititu behar direla belaunaldiz belaunaldi. Eta honen adibide argia da oraindik ere Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri zor zaion aitortza ez ematea. «Arrazoi politikoak» direla medio, hainbatetan eztabaidatu dira Txillardegiren edozein motatako izendapenak, beti ETAren sortzaileetako bat izan zela esanez.

Izenik gabeko Donostiako udal liburutegiak Txillardegi izena hartzeko eskariak urte batzuk ditu dagoeneko, baina aitortza kontua Euskaltzaindian Txillardegi euskaltzain oso izatea ukatu zenetik datorrela esan genezake. Aste honetan, Gipuzkoako Urrezko Plaka Txillardegiri ematea baztertu dute Batzar Nagusiek, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, aldarrikatu du nekez uler daitekeela Txillardegi idazle eta hizkuntzalari gisa, bere alde politiko eta ekintzailea alde batera.

Hamar urte bete dira Euskal Herriak euskara batuaren aita galdu zuenetik; eta, oraindik ere, ez gara gai adostasun bat lortzeko haren memoriaren inguruan.

Hamar urte baino gehiago dira agintariek Txillardegiren aitortza ukatzeko argumentu pobre eta oinarrigabeak erabiltzen dituztela. Oinarrigabeak diot, izan ere, erraz asko botatzen dute ETAren sortzaileetako bat izan zela Alvarez Enparantza, baina itsu bilakatzen dira datuen aurrean; alegia, Txillardegik ETAk bere atentatuak hasi baino urtebete lehenago utzi zuela erakundea, eta beti kondenatu zuela haren biolentzia.

Amaigabea dirudien eztabaida alde batera utzita, nik galdera bat egin nahiko nieke bai Batzar Nagusiei, eta baita Donostiako alkateari ere. Zuek, «herriaren ordezkari» gisa zuen postuetan diharduzuen politikariek, hartu al duzue kontuan zuen herriak nahi duena? Hala dela uste baduzue, eta Txillardegiren izendapenik ez egitea zuen interes politikoa defendatzeko egin beharrean herriaren izenean egiten duzuela uste baduzue, beste gauza bat azaltzeko eskatuko nizueke: nola izan liteke, herri-ekimenek hainbat ekitaldiren bitartez Txillardegiren lana aitortu eta eskertzea, Txillardegi udal liburutegiaren aldeko eskariak hainbat sinadura izatea, baina zuek, herriaren ordezkari zareten horiek, haren aitortza hau oraindik ere ukatzea?

BERRIAk ederki azaldu zuen Izenik ez duenak ez du izanik esaeraren garrantzia Txillardegiren aitortzaren eztabaidan. Izan ere, euskal kulturgintzan eta naziogintzan giltzarriak izan diren pertsonak izendatzen eta aitortzen ez badira, gure herriko historia aitortua ez bada, herri oroimenaren menpe uzten da herria bera eraiki duen gakoa.

Berri Txarrak taldearen hitzak berriro ere gurera ekarriz, gure memoria ezabatua izango da administrazioak bere aldetik euskal kultura gordetzeko ahaleginik egiten ez badu. Beraz, gure herrikoa dena gure herrian bertan aitortua izan dadin, eta horrela gure herriko kultura haizeak eraman ez dezan, batu gaitezen euskaldunok Txillardegik bere izendapena lortzeko. Aitortza ez baita Txillardegik merezi duen kontua bakarrik; gure kultura gure hurrengo belaunaldietara transmititzeko egin beharreko zerbait ere bada.

Aurten, 2022ko Korrikaren bukaeran, Donostian, Txillardegi Udal Liburutegiak bere aldarrikapena berriro ere defendatzeko ekimen berezi bat egingo duela iragarri zuen Naiz egunkariak. Beraz, joan gaitezen denok eta egin dezagun gure herriko aitortzaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.