Ahultasunak onartzeko ausart

Bost urteko etenaldiaren ondoren, 'Hauskor' disko berriarekin itzuli da Odolaren Mintzoa taldea

Disko berrian, taldeak hitzetan jarri du indarra, batez ere. ODOLAREN MINTZOA.
Ane Etxandi.
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Hauskortasunari kantatu dio Odolaren Mintzoa taldeak Hauskor disko berrian, eta, norbere beldurrak, zalantzak eta ahuleziak abiapuntu hartuta, zortzi abestiko lana sortu du laukoteak. Taldeak bereizgarri dituen gitarra soinu indartsuak entzun daitezke lan berrian, baina, hala ere, pop doinuak nabarmentzen dira abestietan.

Jokin Irastortza (bateria), Beñat Txueka (gitarra), Luken Arkarazo (gitarra eta ahots nagusia) eta Joanes Txueka (baxua eta koruak) musikariek osatzen dute taldea. 2008. urtean sortu zuten, ikastolan zeudelarik, eta, oraindik ere, bidea egiten ari dira. Hazi diren heinean taldea aldatuz joan dela adierazi du Arkarazok, baina, laguntasunari eutsi diotenez, erraza izan dela taldeari ere eustea: «Gainera, ez dugu inoiz profesionalizazioaren bidea hartzeko aukerarik izan, eta horrek sortzen dituen gorabeherak ez ditugu jasan: diru kontuak, managerra edukitzearen presioa... Uste dut horrek taldearen harremana sanoagoa eta iraunkorragoa egin duela».

Hastapenetan, bertsioak egiten zituzten batez ere, baina, hala ere,kantu propioak ere konposatzen zituzten hasiera-hasieratik. 2013. urtean eman zuten argitara lehenengo lana, Oihuka argitaletxearekin. Taldearen izen bera hartu zuen estreinako lanak. Lau urte geroago, 2017an, Etsipenaren aurka diskoa kaleratu zuten, autoekoizpenaren bidetik.

Bost urteren ostean itzuli dira, indarberriturik. Tartean pandemia bat egoteak eragina izan du etenaldian. Horrez gain, hainbeste urte irauteak ere nolabaiteko nekea sortzen duela adierazi du Arkarazok: «Bizimodua aldatu egiten da, pertsonen lehentasunak ere bai, eta, bolada batez, taldearen jarraipena kolokan egon zen. Azkenean, jarraitzea erabaki genuen, eta hemen gaude, kontzertuak emateko gogoz gainezka».

Hitzek, garrantzi handia

Lan honetan garrantzi berezia eman diete hitzei, eta lanketa handia egon da abesti bakoitzaren atzean. Abesti guztiek hauskortasun mota bati egiten diote erreferentzia. Arkarazok idatzi ditu abestien hitz guztiak, eta oso prozesu introspektiboa izan dela adierazi du: «Aurreko bi diskoetan, abestien hitzak kanpora begira sortuak izan ziren, mundua aldatu edo kritikatu nahian. Hau kontrako aldera idatzia da». Uste du kanpokoa aldatzen hasi baino lehen barruan egin behar dela aldaketa. «Gero, dena onartzearen ondorioz, indartze ariketa bat egiteko aukera handiagoa dago». Hala ere, aitortu du oso prozesu zaila dela, eta asko kostatzen dela norbera hauskorra edo zaurgarria dela onartzea; dioenez, are zailagoa izaten da gizona izanik.

Eredu berriak abestian, horren inguruan hausnartu dute: gizon ereduaren inguruan eta eredu zahar eta berriaren artean sortzen den talkaren inguruan. Haatik, eredu berriak alor askotan behar direla uste du: «Uste dut mendebaldeko bizi eredua ez dela jasangarria, eta gaur egun bizi ditugun gorabehera sozioekonomiko eta politikoek hizpidera ekarri dituztela auzi horiek».

Edertasun ereduez eta egun sare sozialek daukaten pisu handiaz ere aritu dira Ispiluak abestian. Azkeneko abestiak, Azkenak, disko osoa borobildu eta ixten du: «Nik, betidanik, bizitza behar bezala ez aprobetxatzeko beldurra izan dut, eta horren inguruan hitz egiten du abestiak».

Zenbait kolaboratzaile ere izan dituzte diskoan. Neona eta La Regadera taldeetako Ixak Arrutik Burua tente abestian parte hartu du, gitarra jotzen. Azkenak abestian, Kaki Arkarazok lagundu die gitarrarekin, eta Elene Alustiza eta Natali Izagirreren ahotsak entzun daitezke. Azken hondartza abestian, Sergek parte hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.