Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Adio, RRV!

2020ko irailaren 11
00:00
Entzun

Zer egingo zenuke zure adiskide bat, koman 20 urte eman eta gero, 1999tik 2019ra arte, komatik irtengo balitz eta neurologoak aholkatuko balizu sendatu berriari sinetsarazi behar diozula munduak 1999an jarraitzen duela eta zuek, gaixo ohiaren adiskideok, parean harrapatzen dituzuen rock kontzertu guztietara kalimotxoz ondo hornituta joaten zareten nerabeak izaten jarraitzen duzuela, RRV Rock Radical Vasco deitu izan denaren azken hondarrak dastatzen?

Ez die erronka makala planteatzen Tantaka websailaren argumentuak Andoni eta Arantxari, Jenofaren betiko adiskide minenei, kontzertuetako giroa eta kalimotxorako zaletasuna aspaldi utziak baitituzte, eta crossfit-era emana bizi baita bat —Jenofaren aita maitale eta ohaide duela, gainera— eta besteak, are okerrago, udatiarrei Ipar Euskal Herriko etxeak saltzea baitu lanbide—.

Arantxak neurologoarekin duen solasaldian aipatzen duen moduan, Good bye, Lenin! filma dakar gogora Andoniri eta biei egokitzen zaien egoerak, baina kasu honetan, Ekialdeko Alemaniako erregimen komunista izan beharrean, 1990eko hamarkadako rock giroa da da komatik irten denari bizirik erakutsi behar diotena. Alderaketa horri eutsita, Adio, RRV! moduko bat da, beraz, Tantaka.

Hortik abiatuta, lan zinez dibertigarria da Tantaka. Baliteke ikuspegi tekniko zorrotz batetik begiratuta bikaina ez izatea, baina bada websail osoan, hasi eta buka, ahuldade tekniko horiek arazorik gabe onartzen laguntzen duen kutsu ironiko, autoironiko eta alai bat, atal guztiak segidan eta ezpainetatik irribarrea kendu gabe ikustera eramaten zaituena. Zer esanik ez Mikel Kazalis protagonistetako batzuekin hizketan agertzen denean, Mikel Anestesiaren rolean. Harrigarriena, hala ere, azken kapituluko pasarte musikatuak iruditu zaizkit. Film musikalek urtikaria eragin ohi badidate ere, websaileko zati kantatu horiek —lehenak batez ere («Gaizki naiz, triste naiz...»)— ezustean harrapatu bainaute, hara joateko asmorik gabe inoiz ikusi gabeko leku batera iritsi banintz bezala, hunkituta, ezin jakin ondo zergatik.

Idoia Rodriguez Mondragonek eta Joana Parotek zuzendu dute Tantaka websaila, aktore eta teknikari talde handi baten laguntzaz. Ez dut ETB1en ikusi, oraingoz behintzat, Kanalduderen webgunean baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.