'El amor menos pensado' filmak inauguratuko du 66. Zinemaldia

Juan Vera argentinarraren lehen lanak Ricardo Darin eta Mercedes Moran ditu protagonista. Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da
Mercedes Moran eta Ricardo Darin aktoreak, <em>El amor menos pensado</em> filmeko eszena batean.
Mercedes Moran eta Ricardo Darin aktoreak, El amor menos pensado filmeko eszena batean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Ainhoa Sarasola -

2018ko abuztuak 2
El amor menos pensado filmarekin hasiko da Donostiako 66. Zinemaldia, irailaren 21ean. Juan Vera gidoigile eta ekoizle argentinarrak zuzendutako lehen filma da, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da. Filmak bikote baten harremana du ardatz, eta Mercedes Moran eta Ricardo Darin aktoreek jokatu dituzte protagonisten rolak; azken hori filmaren ekoizle lanetan ere aritu da, Chino Darin semearekin batera.

Juan Vera gidoilari eta ekoizle lanetan aritu izan da orain artean. Besteak beste, Lucrecia Martelek zuzendutako Zama (2017) filmaren ekoizleetako bat izan da, baita Pablo Traperok zuzendutako Elefante blanco (2012) eta Carancho (2010) filmena ere. Orain, zuzendari gisa hasteko, bikote baten harremana hartu du oinarri. 25 urtez ezkonduta egon ondoren, krisialdiak jo, eta banandu egingo dira Marcos eta Ana, filmeko bi protagonistak. Bikotekide ohiek gogoeta egingo dute maitasunaren, desioaren eta denboraren joanaren inguruan.

Eskarmentu handiko bi aktore argentinar aukeratu ditu Verak bi pertsonaia nagusiak gorpuzteko. Eta biek dute ezagun Zinemaldia. Mercedes Moranek Latinoamerikako zuzendari garrantzitsuenetako batzuekin egin du lan; besteak beste, Lucrecia Martelekin, Juan Jose Campanellarekin, Walter Sallesekin, Ana Katzekin —Los Marziano lanarekin Sail Ofizialeko lehian izan zen 2012ko Zinemaldian, eta lan hartan ere parte hartu zuen Moranek— zein Pablo Larrainekin. Karlovy Varyko zinema jaialdian emakumezko aktore onenaren saria jaso du aurten, Katzen Sueño Florianópolis filmean eginiko interpretazioari esker. Ez da hori izan, baina, aurten egin duen lan bakarra, Luis Ortegak zuzendutako El ángel filmean ere parte hartu baitu —Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten lana, eta Zinemaldiko Perlak sailean proiektatuko dute—.

Ricardo Darin, berriz, sarritan izan da Zinemaldian. Iaz, Donostia saria jaso zuen, bere ibilbideari egindako aitortza gisa, eta bera protagonista zuen Santiago Mitreren La cordillera filmak inauguratu zuen jaialdia. Baina lehenago ere egona zen Donostian, berak parte hartutako lau lan izan baitira orain artean Urrezko Maskorra lortzeko lehian: El aura (Fabian Bielinsky, 2005); El secreto de sus ojos (Juan Jose Campanella, 2009); El baile de la Victoria (Fernando Trueba, 2009) eta Truman (Cesc Gay, 2015). Azken horretan egindako lanagatik, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, Javier Camararekin ex aequo. Darinek epaimahaikide ere jardun zuen 2012ko edizioan.

Egitaraua osatzen

Ohi bezala, Zinemaldia pixkanaka ari da jakinarazten zer film izango diren aurten ikusgai. Inauguraziokoaz gain, Sail Ofizialean lehian izango diren beste zenbait titulu ere iragarri ditu dagoeneko: Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Benjamin Naishtat, Valeria Sarmiento, Markus Schleinzer, Claire Denis, Iciar Bollain, Isaki Lacuesta, Rodrigo Sorogoyen zein Carlos Vermut zinemagileen azken lanak emango dituzte.

Sail Ofizialean izango da Telmo Esnalek zuzendutako Dantza ere; lehiaz kanpo jarriko dute, emanaldi berezietan. Eta emanaldi berezietan estreinatuko dute Jose Luis Cuerdaren Tiempo después ere. Beste sailetako egitarauak ere osatuz doaz pixkanaka.

Jaialdia irailaren 21etik 29ra bitarte egingo dute aurten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna