Jasmin Paris, gizonen aurretik

Ingalaterrako Spine Race ultratraila irabazi du, eta hamabi orduan hobetu du lasterketako marka
Jasmin Paris, artxiboko irudi batean.
Jasmin Paris, artxiboko irudi batean. WWW.INOV-8.COM

Jakes Goikoetxea -

2019ko urtarrilak 18
Ez da mendiko ultratrail bat irabazi duen lehen emakumea. Ez da halako lehiaketa batean gizon guztiak atzean utzi dituen lehen emakumea. Baina Jasmin Parisen garaipenak zerbait gehiago izatea lortu du, irabazi duen lekuan irabazteagatik eta garaipena lortzeko moduagatik: Montane Spine Race irabazi du, Erresuma Batuko eta munduko ultratrail gogorrenetakoa, eta marka berria jarri du, 83 ordu pasatxotan, aurreko markaren egileak baino hamabi ordu gutxiagoan.

Denbora horretatik guztitik zazpi izan dira atseden orduak. Ez erabateko atsedena. Iaz ezaguna egin zen Sophie Power mendi korrikalariaren irudia, Mont Blanceko Ultratrailean parte hartzen ari zela, Courmayeurreko (Italia) anoa postuan bular batean hiru hilabeteko Cormac semea zuela eta bestetik esnea ateratzen. Paris antzera ibili da. Anoa postu batzuetan bularra eman dio hamalau hilabeteko Rowan alabari.

Parisek 35 urte ditu. Berez albaitaria da, animalia txikietan espezializatua, baina gaur egun Edinburgoko Unibertsitatean lan egiten du, leuzemia mieloide akutua ikertzen.

Montane Spine Race. 268 miliako ultratraila Ingalaterran (430 kilometro, +16.230 metro), Pennine bide menditsuan zehar, Edalen hasi eta Kirk Yetholm arte, Eskoziarekin mugan. Korrikalariek bizkar-zorroan eramaten dute beharrezko material guztia, lo zakua eta janaria prestatu ahal izateko erregaia eta ontzia barne. Antolatzaileek zortzi bat anoa postu eta atsedenleku jartzen dituzte.

Ohi baino ultratrail gogorragoa da: normala baino luzeagoa delako, ehun miliako distantzia estandarraren bikoitza baino luzeagoa, luzeran Tor des Geants erraldoia ere (330 kilometro, +24.000 metro) txiki uzten duena; urtarrilean egiten delako, negu betean, hotz, euri, lokatz eta elur garaian; lasterketaren ordu gehienak ilunpean egiten direlako; eta lo eta atseden orduak antolatzea zaila delako. Aurtengo eguraldia beste urte batzuetakoa baino hobexeagoa izan da, baina hotzari eta haizeteei aurre egin behar izan diete.

83 ordu, 12 minutu eta 23 segundoan egin du bidea Parisek; aurreko marka Eoin Keithena zen, 95 ordu eta 17 minutukoa, 2016an jarria. Keith bigarren izan da aurten, Parisengandik hamabost ordura.

Haluzinazioak

Halako lasterketa luzeetan korrikalariei gertatu ohi zaien moduan, Parisek haluzinazioak izan ditu: «Azkeneko zatian animaliak ateratzen zitzaizkidan arroka guztietatik eta ahaztu egiten zitzaidan zertan ari nintzen».

Parisek erakutsi du, beste behin, ultratrailetan asko txikitzen dela gizonen eta emakumeen arteko aldea. Sasoiaz gain, norberaren indarraren luzera begirako kudeaketa eta buruaren sendotasuna ohi baino garrantzitsuagoak bihurtzen direnean. Ongi eta gaizki egotearen arteko muga lausoa denean.

Ez da hasiberri bat, mendian korrika egiteari berandu antzean ekin bazion ere, unibertsitate ikasketak bukatutakoan. Familiatik datorkio mendizaletasuna, eta harentzat «naturala» izan zen mendian ibili ondoren mendian korrika egiten hastea. «Lanpetuta nengoen sasoi batean konturatu nintzen korrika eginez gero denbora gutxiagoan irits nintekeela mendira».

Spine Racekoa ez da haren garaipen bakarra, ezta gizonak estu hartu dituen lehen aldia ere. Bigarren sailkatu zen 2015eko Berghaus Dragon's Back Race bost eguneko lasterketan (315 kilometro, +15.500 metro), Galesen, Jim Mann irabazlearengandik ordu eta erdi pasatxora, 40 ordutik gorako proba batean. Hiru emakume sailkatu ziren lehenengo seien artean.

Harenak dira Ingalaterrako Bob Graham Round (106 kilometro, +8.200), Eskoziako Ramsay Round (93 kilometro, +8.600 metro)eta Galesko Paddy Buckley Round (98 kilometro, +8.500 metro) ibilbide ezagunetako emakumeen markarik onenak. 2016an lortu zituen hirurak, sei hilabetean.

Bob Graham Round ibilbidearen kasuan (15 ordu eta 24 minutu), historiako denbora azkarrenetan seigarrena egin zuen, Billy Blanden marka baino ordu eta erdi gehiago baino ez. Kilian Jornetek iaz ezarri zuen marka berria: 12 ordu eta 52 minutu. Bi ordu eta erdi baino ez daude historiako mendi korrikalari onenaren eta Parisen artean.

Ramsay Rounden historiako marka onena jarri zuen (16 ordu eta 13 minutu), aurrekoa baino 46 minutu hobea. Eta Paddy Buckley Rounden 18 orduko eta 33 minutuko denbora egin zuen, emakumeen marka hobetuz eta denbora onenetik 51 minutura. Aintzat hartu behar da Galeskoa denboraldiaren hondarrean egin zuela, Glen Coe Skyline lasterketatik bi astera eta bere lehen Mont Blanceko Ultratrailetik hiru astera (seigarren emakumea izan zen). «Uste dut azkarrago egin dezakedala hanka freskoagoekin eta lurzoru lehorragoarekin».

SkyExtreme World Series irabazi zuen urte horretan bertan —Tromso Skyrace eta Glen Coe Skyline lasterketa ezagunetan nagusitu zen—. Erresuma Batuko mendi lasterketetako txapeldun izan zen 2015ean eta iaz.

Paris ez da bakarra. Badira mendi lasterketetako sailkapen nagusiak irabazi dituzten emakumeak. Courtney Dauwalter estatubatuarrak lortu du hango ultra batzuetan, eta Dennis Zimmerman suitzarrak ere bai, 2014ko Swiss Irontrail lasterketan (201 kilometro).

Atseden gutxi izango du Parisek, beste ultra bati ekingo baitio: tesia idazteari, martxorako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna