Epaitzen hasi dira Mauleko hiltegiko tratu txarrak grabatu zituen taldea

Bideoak egin eta zabaltzeagatik langileen pribatutasuna epaitzea egotzi diote L214 taldeari

Tratu txar gordinak erakutsi zituzten bideoan. L214.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Mauleko hiltegian animaliei tratu txarrak ematen zizkieten susmoarekin, ezkutuko kamera batzuk ezarri zituen L214 taldeak 2016ko martxoan. Irudi gogorrak grabatu zituzten: besteak beste, hiltegiko langileek nola jotzen zituzten arkumeak eta txahalak. Buruz behera ezartzen zituzten abereak hil baino lehen, eta arkumeak noraezean ageri ziren; haietako bat makina batek nola laurdenkatzen zuen ere ageri zen irudietan. Ezkutuan kamerak jartzea egotzita, taldea epaitzen hasi ziren atzo Pauen (Okzitania). Prokuradoreak 10.000 euroko isuna eskatu du.

Kamerak jarrita langileen bizitza pribatuan sartu direla egotzita ari dira epaitzen talde animalistako kideak. Prokuradoreak bi delitu aipatu ditu taldearen kontra. Batetik, Mauleko hiltegira sartzea lortu zuen pertsonaren esku bideokamerak utzi izana —taldeak beti ezkutuan izan du zehazki zeinek jarri zituen kamerak, eta, beraz, ez dira pertsona hori epaitzen ari—; bestetik, grabatutako bideoak babes neurririk gabe zabaldu izana, langileen aurpegiak estali gabe. Hiltegiko langileen pribatutasuna urratu izana egotzi diete.

Lehen epaiketa

Gisa horretako lehen epaiketa du L214 talde animalistak. Hala ere, Maulekoa ez ezik, beste hiltegi batzuetako irudiak ere grabatu zituzten. 2017an, adibidez, Houdango (Frantzia) hiltegian militante batzuk atzeman zituzten kamerak gordetzen, eta isuna pagatzera kondenatu zuten elkartea, gibelapenarekin —ez zuten isuna pagatu behar izan, baina bai beste delitu batengatik zigortuz gero—.

Hain justu, L214 taldeak grabatutako irudietan oinarrituta, zigorra ezarri zieten iaz Mauleko hiltegiko zuzendari ohiari eta langile batzuei, «engainua» eta «beharrik gabeko tratu txarrak» ematea leporatuta. Izatez, zigorrik gogorrenak «engainuari» buruzkoak ziren; hiltegiak labela zuen, eta hainbat puntutan neurri egokiak ez hartzeagatik zigortu zituzten arduraduna eta langileak, tratu txarrengatik baino gehiago. Zuzendariari sei hilabeteko zigorra jarri zioten, gibelapenarekin —ez zen espetxera joan—.

Mauleko hiltegiko irudiek eskandalu handia eragin zuten, eta Euskal Herritik kanpo ere eduki zuten oihartzuna. Frantziako Gobernuak iragarri zuen neurriak hartuko zituela hiltegietan animaliek tratu txarrik jasan ez dezaten, eta, hain zuzen ere, kamerak jartzeko aukera aipatu zuen. Mauleko auzapezak hiltegia itxi zuen behin-behinean. Zabalik dago gaur egun, arauak berrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.