Iruña-Veleian ongi lan egin zela dio Filloyk

Aztarnategian erabilitako metodo arkeologikoa defendatu du Idoia Filloy zuzendari ohiak, epaiketako bigarren saioan
Idoia Filloy Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari ohia lekuko modura izan da Gasteizko epaitegian.
Idoia Filloy Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari ohia lekuko modura izan da Gasteizko epaitegian. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko otsailak 5
Iruña-Veleian erabilitako metodo arkeologikoa defendatu zuen Idoia Filloy arkeologoak, atzo, Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiaren eta Ruben Cerdan ikerlariaren aurkako epaiketaren bigarren egunean. Aztarnategiko zuzendaria izan zen bera ere, Gilekin batera, gune hura ustiatu zuten 1994tik 2008ra arteko tartean, eta Lurmen enpresako buru ere bada egun. Lekuko modura eman zituen azalpenak Gasteizko Lehen Zigor Aretoan, eta, haren hitzetan, taldeko inork ez zien topatutakoari buruzko zalantzarik azaldu: ez aztarnategian zerabilten lan metodoari buruzkorik, ez eta 2005eko eta 2006ko kanpainetan aurkitutako ezohiko piezen benetakotasunari buruzkorik ere. Are gehiago, Filloyren ustez, oraindik ere ez dago haien faltsutasunari buruzko «ahobatezkotasun zientifikorik».

Arkeologiak hartu zuen pisua atzoko saioan ere. Aurkikuntzek piztutako zalantzen ondorioz, 2006an aztarnategia utzi zuten Miguel Angel Berjon, Jose Angel Apellaniz eta Carlos Crespo arkeologoen lekukotzak izan ziren akusazioko abokatuen galdeketen oinarri nagusia. 2009an prentsaurrekoa eskaini zuten hiru arkeologo horiek, eta Iruña-Veleiako idazkidun aurkikuntza gehienak garbiketa gunean agertu zirela esan zuten. «Irregulartasun larriak» egon zirela ere salatu zuten. Eta haien hitzak dira akusazioak orain arte baliatu duen sostengu nagusia.

Filloyk atzo azaldutakoaren arabera, ordea, arkeologoek inoiz ez zioten beren ezinegonaren berri eman, eta, gainera, ez da egia pieza guztiak garbiketa gunean agertu zirenik. Hori frogatzeko, galdeketan hainbat xehetasun eman zituen aurkitutako gunean bertan identifikatutako piezei buruz, eta, haietako bat, hain zuzen ere, Berjonek erakutsi ziola baieztatu zuen.

Ainhoa Gil izan zen aztarnategiko garbiketa gunean lanean aritu zen Lurmen enpresako langileetako bat, eta lekuko modura aritu zen bera ere epaiketako atzoko saioan. Bertan azaldu zuenez, sekula ez zuen pentsatu piezak faltsuak izan zitezkeenik, haren hitzetan, oso zikin eta lokatz mordoarekin iristen zirelako garbiketa gunera, eta zail iruditzen baitzitzaion inork horiek manipulatu izana.

Kritiko azaldu ziren hiru arkeologoek, bere garaian, aurkikuntzak ospatu egin zituztela baieztatu zuten atzo bai Filloyk, bai Gilek, eta baita aztarnategira bisitak antolatzen zituen Rebeca Notoriak ere.

Kontseiluaren eskaria

Bestalde, afera «bide egokira» eramateko deia egin zuen ohar bidez Kontseiluak astelehenean, epaiketa hasi ataritan. Erakundearen ustez, «inoiz hartu behar ez zuen bidea» hartu du gaiak epaitegira helduta. «Zientziaren bidetik argitu beharrekoa da Iruña-Veleiaren afera», oharraren arabera, eta, «judizializazioa» gaitzetsi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna