Italiako Giroa

Leherketak eta su gurutzatua Etnan

Caicedok irabazi du sumendian, eta Almeida jarri da lider. Amildu egin dira Thomas eta Yates. Bilbao hirugarren jarri da nagusian

Leherketak eta su gurutzatua Etnan.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Italiako Giroa gori-gori jarri zen atzo Etnan. Hirugarren etapa zen oraindik, baina kiskali egin ziren askok faborito nagusitzat zituzten bi txirrindulariak: Geraint Thomas (Ineos) eta Simon Yates (Mitchelton). Bata Etnara iritsi aurretik gelditu zen jota, irteera neutralizatuan izandako erorikoak kaltetuta; besteak sumendiko igoera luze eta gogorrean esan zion agur Giroa irabazteko ametsari. Txanponaren beste aldean, etapa irabazi zuen Jonathan Caicedok (Education First), eta lider geratu da Joao Almeida (Deceuninck).

Erupzio baten modukoak izan ziren Thomas eta Yatesen leherketak. Dar-dar egin zuen lasterketak, eta garra piztu zen hautagaien artean. Wilco Keldermanek (Sunweb) jo zuen sutsuen, eta hamabi segundo atera zizkien aurkariei. Atzetik, Jakob Fuglsang (Astana), Rafal Majka (Bora), Vincenzo Nibali (Trek) eta Domenico Pozzovivo (NTT) iritsi ziren. Baita Jonathan Castroviejo (Ineos) ere. Getxoztarra bikain moldatu zen azken kilometroetako su gurutzatuan, Pello Bilbao (Bahrain) bezalaxe: hamabi segundo baino ez zituen galdu onenekin, eta hirugarren jarri zen sailkapen nagusian, lidergotik 37 segundora.

Maila oneko ihesaldia sortu zen etapa hasieran. Bertan ziren, besteak beste, Caicedo bera, Victor Campenaerts (NTT), Mikkel Bjerg (UAE) eta Giovanni Visconti (Vini Zabu). Filippo Ganna liderra ere saiatu zen bertan sartzen, baina ez zuen lortu. Maillot arrosa defendatzeko modu bakarra zuen hori. Haren taldekide Thomasek har ziezaiokeen lekukoa, baina galestarra irteera neutralizatuan kolpe txarra hartua zen, eta ez zegoen kontu askotarako.

Hori horrela, tropela ez zuen Ineosek gidatu, Yatesen Mitcheltonek baizik. Ingelesak asmo ona zuen, baina indarrik, apenas. Trekek agintea hartu zuen Etnara iritsi aurretik, eta orduan gelditu zen ezinean Thomas. 11 minututik gora utzi zituen helmugan. Errepidea tentetuta, erritmoa gogortu egin zuen Borak, eta Yatesek ezin izan zuen lehen galbahe hori igaro. Hiru minutu eta erdi galdu zituen hark.

Hainbeste leherketarekin, berotu egin zen giroa, eta hainbat txirrindularik erasora jo zuten; Castroviejok, esaterako. Geroago, erabakimen handirik gabeko bi erritmo aldaketa egin zituen Fuglsangek. Kementsuago jokatu zuen Keldermanek, eta bidea egin. Saiakera gehiago ere egin zituzten Nibalik, Pozzovivok eta Fuglsangek berak, baina indarrak orekatuta zeuden hiruren artean.

Eta, lasterketa buruan, Caicedo izan zen indartsuena. Visconti saiatu zen hari eusten, baina amore eman behar izan zuen. Bikain eutsi zion Caicedok onenen mehatxuari, eta merezita irabazi zuen. Lidergoa ere lor zezakeen, baina segundo ehunen batzuengatik egin zion ihes, Almeidaren mesedetan. Garaipena ospatu izan ez balu, agian berea zukeen. 21 segundora iritsi zen Visconti, 39ra Kelderman, 51ra Fuglsang buru izan zuen taldea, 56ra Steven Kruijswijk (Jumbo) eta 1.03ra Bilbao eta Almeida. Gaur, esprinterren txanda izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.