Hezkuntza sistemako pasta

2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herrian sukaldaritza kultura handia dagoenez, ea horrela hobeto ulertzen den ikastetxe pribatuetako itunen gaia. Bi lagun otordu bat egitera doaz jatetxe batetara; batak gari gogor eta txipiroi tintaz eginiko bucatiniak marinara saltsa, kalamar frijitu, txirla eta otarrainxkekin eskatzen ditu, eta besteak, tomatedun pasta plater normal bat. Ordaintzeko ordua iristean, plater bakoitzak menuko hitzen kopuruaren araberako prezioa duenez, plater luze eta garestiena eskatu duenak besteari erdi bana ordaintzeko eskatzen dio. Labur esanda, hori da hezkuntza pribatuko ikastetxeen ituna. Bestela jan ezingo zukeen pasta platera lagunaren (denon) diruaz ordaintzea.

Horixe ñabardurak daudela ikastetxe itunduen artean; baina, finean, hezkuntza itunena administrazioak ordaindutako eta kudeaketa pribatua duen hezkuntza sistema paralelo bat da.

Pasta platerak oinarrizko eskubideak betetzeko funtzioa du, pertsona guztiei hezi, hazi eta duintzeko aukera ematen die. Jateko gutxien duenari bizitzan behar duena jasotzeko aukera emango dio. Baina egungo sistemak jateko gutxien duenari pasta merke bat erosteko balio dio, eta ikastetxe pribatuetakoek pasta merke horren dirua hartu eta beste «baliabide gehigarriekin» bucatiniak egiteko aukera izaten dute. Horri gehitu marketina eta propaganda, eta desoreka sozialerako osagai guztiak dauzkagu.

Bucatiniak nahi dituenak jan eta ordain ditzala osoki bere poltsikotik. Diru publikoa enpresa pribatuei ematea sistema neoliberalaren ametsa da. EAEn 600 milioi eurotik gora ematen zaizkie zuzenean, gobernu zein oposizioko talde nagusien babesarekin. Eta hori gutxi balitz, sistema hau publikoa dela sinetsarazi nahi digute. Horixe Europan hezkuntza sistema publikoa antolatzeko modu ezberdinak daudela; baina izaera publikoaren unibertsaltasun edo doakotasun printzipioak leku guztietan berdinak dira, eta hemengo itundutako ikastetxeek ez dute inondik ere horrelakorik betetzen.

Diru publikoak ahalik eta pasta hoberena ahal den jende gehienarengana iristeko izan behar luke, eta gutxien duenari edo behar bereziak dituenari besteei baino gehiago eman bere egoera konpentsatzeko. Ekitatea bultzatuko duen sistema bat behar dugu ondo elikatutako gizarte kohesionatu bat nahi badugu.

Iragana hor dago ondo eginak ikasteko; baina ezin gara beti atzera begira ibili. Euskal eskola publikoan biharko menua prestatu behar dugu. Denon artean, guztiona eta guztiontzat den menua, tokian tokiko obradore ekologikoan egindako pastaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.