Hasteko, doako lau kontzertu

Trio Artioren eta Gourdija eta Okiñenaren kontzertuek abiatuko dute 83. Hamabostaldia, gaur

Aitor Biain, Patrick Alfaya eta Josu Okiñena, atzo, Kursaalean, Musika Hamabostaldiaren inaugurazio egunaren inguruko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Donostiako 83. Musika Hamabostaldia, eta, 25 egunez, hiriko hainbat txoko musikaz betetzeko asmoa dute antolatzaileek. Inaugurazio eguneko programa aurkeztu zuten atzo Kursaalean: eguna bi kontzerturekin hasiko da, eguerdian, eta beste biak arratsaldetik aurrera izango dira.

Doako kontzertuak egingo dituzte eguerditik hasita; lehen ekitaldiek jaialdiaren bereizgarrietako bat islatuko dute: abesbatzen protagonismoa, hain zuzen. Horrekin batera, ganberako musika proposamenak ere izango dira, haiek eramango baitituzte jaialdiko lehen notak udaletxera, Kursaalera eta San Bizente elizara.

«Badakigu Hamabostaldian egongo diren gauza batzuk ez direla berdinak izango horrenbeste denbora igaro eta gero. Aurten, hala ere, koruen presentziak garrantzi handia du normaltasunerako bueltan. Jaialdi batek nortasuna izan behar du, ezaugarri batzuk izan behar ditu, eta aurtengo Hamabostaldiaren bereizgarria abesbatzak dira. Sorozabal izango da beste elementu nagusietako bat», azaldu du Patrick Alfaya Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendariak.

Eguneko lehen saioa 12:00etan izango da, udaletxeko batzar aretoan. Han, Trio Artio ganbera taldeak Beethovenen, Brahmsen eta Mel Bonisen zenbait obra joko dituzte. Hirukotea Judith Fliedl biolinista austriarrak, Christine Roider biolontxelo jotzaile alemaniarrak eta Johanna Estermann pianista austriarrak osatzen dute. Trio Artiok errepertorio erromantiko bat joko du.

Ordu berean, Kursaaleko Foyerrean, Liana Gourdija biolinistak eta Josu Okiñena piano jotzaileak emanaldi bat egingo dute. Jesus Guridi, Gabriel Erkoreka eta Pascual Aldabe konpositoreen lanez gain, George Gershwinen Porgy and Bess eta Schuberten Fantasia do maiorrean ere joko dituzte. Okiñenak esan du kontzertua sei piezak osatzen dutela, eta obra batzuk nahiko ezezagunak direla oraindik. Fantasia do maiorrean piezak ia ordu erdi irauten du, eta pianistak dio oso gutxitan interpretatzen dela, haren iraupenagatik eta interpretazioak dituen zailtasunengatik.

Arratsaldeko kontzertuetatik lehena Kea ahots taldeak emango du, 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Sorozabal konpositore donostiarrak, bere jaiotzaren 125. urteurrenean, toki nabarmena izango du Musika Hamabostaldian, eta saio hori izango da horren lehen erakusgarria.

Koru «gaztea» dela azaldu du Alfayak, eta taularatzearen garrantzia nabarmendu: «Asko eskertzen da taularatzea kontuan hartzea, ikusleak istorioaren barrura sartzen laguntzen baitu».

Sorozabalen omenaldia bi zatitan banatu dute, Alfayaren esanetan: «Udaletxean emango den kontzertuan, Sorozabalen alde ospetsua interpretatuko da; Arantzazun [Oñati, Gipuzkoa], ordea, haren alde akademikoa erakutsiko da». Arantzazuko kontzertua etzi egingo dute.

Irekiera eguna bukatzeko, Oñatiko Ganbera Abesbatza ariko da 20:30ean, Donostiako San Bizente elizan. Aitor Biainek zuzenduta, Inspiratio izeneko programa emango dute, XVI. mendetik XX. mendera bitarteko obrekin, eta nazioarteko eta euskal herriko konpositoreen lanak interpretatuko dituzte. Hamabost abesti interpretatuko dituzte denera.

Biain: «Aukeratu dugun programaren izena Inspiratio da, eta inspiratzea da helburua. Musika zutabeak dira, abesbatzaren esparrua markatu duten konpositoreenak. A capella egingo dugu errepertorioa, eta musika koralaren historiari buruzko ibilbide bat izango da. Errepertorio interesgarria da, oso koloretsua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.