Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Juan Vera: «Maitasuna iraultzailea da»

'El amor menos pensado' komedia dramatikoak hasi du Sail Ofizialeko lehia. Ricardo Darin eta Mercedes Moran protagonista dituela, filmak gogoeta egiten du bikote harremanen inguruan

Ricardo Darin eta Mercedes Moran aktoreak eta Juan Vera zuzendaria, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Kursaal aurrealdean jende ilara luze bat. Urteroko irudi bera errepikatuta hasi zen atzo Donostiako 66. Zinemaldia. Publikoak leporaino bete zuen auditoriuma goizean, Sail Ofizialeko lehia hasi zuen El amor menos pensado komedia dramatikoa ikusteko. Ricardo Darinek eta Mercedes Moranek Juan Veraren zuzendaritzapean jardun dute lanean bi protagonisten rolak jokatzeko: beren bikote harreman luzea etetea erabaki, eta nork bere aldetik ekingo dio bizimodu berriari. Filmak umorez kontatzen ditu maitasunaren, bikote harremanen eta desiraren inguruko gogoetak, gozoago batzuetan, gaziago besteetan. Barreak entzun ziren aretoan, eta txaloak amaieran.

Juan Vera argentinarrak ibilbide luzea egina du zinemaren munduan; ekoizle jardun izan du batez ere, eta El amor menos pensado du zuzendari gisa sortu duen lehen filma. Bikote harremanei eta maitasunari buruz gogoeta eginarazten du filmean, eta bere iritzia ere eman zuen goizeko emanaldiaren osteko prentsa agerraldian: «Nire ustez, maitasuna ez da batere kontserbadorea; maitasuna iraultzailea da», adierazi zuen, alboan zituela bi aktore protagonistak, Luis Rubio antzezlea eta filmaren ekoizleak.

Marcos eta Ana dira Darin eta Moran filmean. Bikoteak 25 urte daramatza elkarrekin, eta gustura dirudite, baina, semea atzerrira ikastera joaten denean, zenbait galdera azaleratzen zaizkie harremanari, maitasunari, desirari eta beren bizitzei buruz. Gogoeta horien ondorioz, banantzea erabakitzen dute; dramarik gabe, liskarrik gabe. Nork bere bizimodu berria eraikitzeari ekingo dio, garai gozoak eta gaziak tartean. Ibilbide horretan, gogoeta egingo dute erosotasunaz, askatasunaz, bakardadeaz... Vera: «Zer gertatzen den maitasunarekin, pasioarekin, nola eutsi bikote harremanari... Galdera eta kezka horiek ditut nik neuk buruan, eta, nire ustez, baita adin bertsuan dagoen jendeak ere».

Horiek mahai gainean jarri nahi zituela erabakita, gidoia idazteari ekin zion —Daniel Cuparorekin elkarlanean—, eta, azaldu zuenez, «lehen minututik» izan zuen argi Darin eta Moran nahi zituela protagonisten roletan, eta haiengan pentsatuta errazagoa egin zitzaiola istorioa eraikitzea. «Niretzat, munduko bi aktorerik onenak dira, eta liluratzen nauen zerbait egin zuten: haiek entzutean, ez dirudite nik idatzitako testuak, une horretan bizirik dauden hitzak baizik».

Bi aktoreak bat etorri ziren gidoia goraipatzen. Darinen hitzetan, elkarrizketak daude istorioaren oinarrian, eta, haien bidez, bikote baten harremanaz ez ezik, bestelako harreman posibleez ere hitz egiten da. Hori lortzen da, aktorearen ustez, «gidoia ongi idatzita dagoenean, eta elkarrizketak bihotzetik idazten direnean, graziarik eta ironiarik galdu gabe». Filma komedia erromantikotzat har badaiteke ere, Moranek nabarmendu zuen gutxi duela «generotik, komediatik eta erromantikotik», hain zuzen ere: «Txistea eta emozioa ez daude azpimarratuta, eta pertsonaiak topikoetatik aldentzen dira; hori ez da beti gertatzen. Emakumea oso urrun dago atsekabetik eta histeriatik». Haren iritziz, gaur egungoa da maitasunari buruz ematen duen ikuspegia. «Banaketa ez da porrot baten gisa aurkezten, beste zerbaiti ekitea erabaki duten bi pertsonaren gisa baizik. Beste komedia erromantiko batzuek ez dute indarra hor jartzen».

Verak gehitu zuen bi protagonistek alboan dituzten pertsonaiek ere ibilbide bat izatea nahi zuela, eta galdera gehiago jartzen dituztela mahai gainean. Bi protagonistek esan zuten oso gustura jardun dutela elkarrekin. Darin: «Kimika, edo gertatzen da, edo ez da gertatzen, eta, era naturalean gertatzen denean, Mercedesekin bezala, dena errazago doa». Moran: «Ezinezkoa erraza bihurtzen da Ricardorekin lan egitean».

Ekoizleen arteko elkarlana

Bi ekoiztetxeren arteko lankidetzaren emaitza izan da filma: Vera kide den Patagonik Film, batetik, eta Darinek Chino semearekin nahiz beste kide batzuekin sortutako Kenya Films, bestetik. Verak egin zien elkarlanerako gonbidapena, eta, beren lehen ekoizpena izanik, «onenekin ikasteko aukera» gisa hartu zuela adierazi zuen Darinek, esker ona agertzeaz bat.

Juan Pablo Galli Patagonikeko ekoizleak esan zuen lankidetza oso erraza izan dela, eta, irriz, gehitu zuen aparteko gorabeherarik ez dutela izan «diruaren debaluazioa alde batera utzita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.