Obradovicen termometroa

Baskoniak aukera du gaur Euroligako norabidea aldatu duela erakusteko Fenerbahceren aurka
Jayson Granger Baskoniako jokalaria, esku bakarrarekin jaurtitzen, Darussafakaren aurkako partidan.
Jayson Granger Baskoniako jokalaria, esku bakarrarekin jaurtitzen, Darussafakaren aurkako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 9
Baskoniak Euroligako motibazioa berreskuratu zuen iragan astean Darussafakari Gasteizen irabazita (82-56). Hiru partida jarraian galdu ondoren, astindua eman zion Istanbulgo talderik txikienari, eta okertzen hasia zen norabidea pixka bat zuzendu zuen. Haren ondoren, ACB ligan, nagusitasunez irabazi zion Valentziari (77-56), eta Euroligako erritmo biologikoaren aldaketa egun bateko kontua ez zela erakutsi zuen. Hala ere, gaur ikusiko da ea aldaketa benetakoa den, Euroligan berriz ere, Fenerbahce ahaltsuaren aurka, Buesa Arenan (20:30).

Zeljko Obradovic termometroa besapean hartuta iritsi da Gasteizera. Obradovicek eta haren jokalariek neurtuko dute etxekoen sasoia. Azterketa ona da Baskonia hau Europako talde handien aurka lehiatzeko gai den ikusteko. Real Madrilen eta Olympiakosen aurka galdu egin zuen, eta Fenerbahce ere aurkari gogorra izango da —lau partida irabazi ditu, eta bakarra galdu—. Izan ere, etxean, behintzat, halako talde batzuei irabazi ezean, zail izango du sailkatzea.

Fenerbahcek eta Baskoniak ondo ezagutzen dute elkar. Iragan sasoian final-laurdenetako kanporaketa jokatu zuten, eta bi taldeek aldaketa gutxi egin dituzte ordutik. Gutxi fitxatu dute biek. Hala ere, iritsi berri bakan horietako batean du hutsunerik handiena Fenerbahcek, Tyler Ennis antolatzailea min hartuta baitago. Jokalari oso ona da, baina hura ordezkatzeko ekarri dutena ere ez da hanka motza: Erik Green saskiratzaile petoa. Baskonian, berriz, Pedro Martinezek Vincent Poirierren zalantza du. Uzkurdura du bizkarreko giharretan, baina, teknikariak atzo aditzera eman zuenez, litekeena da jokatzea.

Komeni da, gainera, Poirier pistan izatea, Fenerbahcek ahal fisiko handiko jokalariak baititu, eta pibot frantziarra da Baskoniaren sendoenetakoa. Martinezek atzo adierazi zuenez, Fenerbahcek bere giharreriarekin «mugara» eramaten du aurkaria, eta, teknikariaren ustez, horrek are garrantzitsuago bilakatuko du hiruko marratik asmatzea, uztaira gerturatzea lan nekeza delako. Hor egon daiteke gakoa hein handi batean, Gasteizko taldea ez dabilelako fin jaurtiketan. Euroligan hiruko gehien botatzen duen laugarren taldea da, eta batez besteko txarrena duen hirugarrena: %32.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna