Bolada ona eten da

Ausart jokatu du Realak, baina 4-1 galdu du Bartzelonaren zelaian

Bartzelonako jokalariak atzo sartutako goletako bat ospatzen. BARTZELONA.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Realak abenduaren 9tik zeraman galdu gabe: 11 partida; Ligako bederatzi eta Espainiako Kopako bi.Atzo, ordea, Bartzelona ahaltsuak eten zuen txuri-urdinen emaitza bolada on hori. Geratu ez zuena, ordea, Reala denboraldi honetan egiten ari den joko ausarta eta bizia da. 4-1 galdu arren, partida serioa jokatu zuen, eta merezi baino kolpe handiagoa jaso zuen.

Bartzelonarentzat, partida garrantzitsua zen atzokoa, Atletico Madril liderra gehiago ez aldentzeko. Baina Reala konfiantzaz zelairatu zen Joan Gamperreko berdegunera. Bartzelonari estu presio egin zion zelai erdian, eta ez zion baloia eroso mugitzen utzi. Gainera, baloia zuenean bizi atera zen erasora. Alicia Putellasen jaurtiketa batean izan ezik, lehen hamar minutuetan etxekoek apenas sortu zuten aukerarik. Realak, aldiz, gola sartzeko bi abagune izan zituen ia segidan. Nerea Eizagirreren erdiraketa bat estu geratu zuen Sandra Pañosek; eta, ondoren, korner batean Ane Etxezarretak zutoinera bidali zuen burukada bat.

Futbolaren patua da, ordea, barkatzen duenak ordaindu egiten duela. Are gehiago, aurrealdean hain jokalari erabakigarriak dituen Bartzelonaren kontra. Gutxi behar du gola sartzeko. Aisat Oshoala izan zen hori erakusten lehena. Izan ere, aurreko jokaldi batean baloi bat zutoinera bidali eta gero, izan zuen gola sartzeko beste aukera bat partidan, eta ez zuen huts egin. Mariasunek gaizki atera zuen ateko sake bat, eta baloia aurrelariari iritsi zitzaion. Erdiko atzelariek ezin izan zuten geratu, eta gola sartu zuen. (13. min.)

Atzetik egon arren, Realak berdin jokatzen jarraitu zuen, eta ausardiak saria izan zuen. Marta Cardonak ondo ikusi zuen Nahikari bizkarra irabazteko moduan zegoela Bartzelonako erdiko atzelariei. Pase neurtua eman zion, eta baloia ondo loratuz Sandra Paños gainditu zuen (27. min.). Denboraldiko hamabosgarren gola izan zen aurrelariak sartutakoa.

Bost minutu eskas iraun zien berdinketak, ordea, txuri-urdinei. Ia erreskadan Bartzelonak bi gol sartu zituen, buruz. Jokaldiak lotzeko arazoak zituela kontuan hartuta, goitik ahalegindu zen etxeko taldea golak sartzen, baita lortu ere. Aitana (32. min.), eta Marta Torrejon (35. min) izan ziren golegileak.

Norgehiagoka iraultzea oso zaila zela jakin arren, aurreneko zatian bezala sentitzeko asmoarekin irten zen Reala bigarrengoan. Bartzelonak partida kontrolpean eduki arren, txuri-urdinak izan ziren hasiera horretan arrisku gehien sortu zutenak. Cardona eta Eizagirrere hegaletatik sartu ziren, eta Nahikariren abiadura baliatu zuten gola sartzeko aukerak sortzeko. Gertu izan zuen gola Chini Pizarrok, baina baloia langara joan zen, 62. minutuan.

Hortik aurrera, Realak bizitasuna eta sakontasuna galdu zituen zertxobait zelai erditik aurrera, Arkonadak Nahikari, Kiana eta Marta Cardona aldatu zituen, eta nabaritu eginzen. Bartzelonak, berriz, indarrak gordezituen, asteburuan liga irabazteko borrokan kale edo baleko partida baitu Atletico Madrilen zelaian.

Leire Bañosek galdutako baloi bat, ordea, Alvesek jaso zuen. Mariasun aurreratua zegoela ikusi zuen, eta bitan pentsatu gabe, 35 bat metrotik jaurti, eta 4 eta 1eko sartu zuen (76. min.).

Realak burua jasotzea besterik ez du, igandean beste norgehiagoka bat baitu, etxean, Rayoren kontra. (12:00):

Athletic, gaur

Lehiara gaur itzuliko da, berriz, Athletic. Talde zuri-gorriakLogroño hartuko du, Lezaman (18:00). Aurkaria sailkapenaren zuloan dago, azken-hirugarren baita. Etenaldian, entrenatzailea aldatu du. Chechu Martinezek hartu du Hector Blancorenlekua.

Alabaina, Athleticeko teknikari Joseba Agirre zuhurtziaz mintzatu zen: «Irabazteko, gutxienez haiek adinak egin beharko dugu korrika». Atzo Betisek eta Realak galdu eta gero, zuri-gorriek are gehiago sendotu dezakete laugarren postua, irabaziz gero. Maria Diaz ez da ariko, min hartuta baitago, eta azken egunetan ez baitaentrenatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.