Bilbora, iratzargailua jarrita

Irribarria eta Zabaletak partidak indartsu hasteko duten ahalmena nabarmendu dute Elezkanok eta Rezustak, eta hura eragoztea gakotzat jo dute igandeko partidarako

Beñat Rezusta eta Danel Elezkano atzo Bizkaia Bilboko pilotalekuan eginiko pilota aukeraketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Danel Elezkano eta Beñat Rezusta iratzargailua poltsikoan hartuta joango dira igandean Bilboko pilotalekura (17:00). Binakako finalerdietako ligaxkako partida izango dute Iker Irribarria eta Jose Javier Zabaletaren aurka. Irabazten duenak ligaxkako bigarren garaipena izango du, eta oin eta erdi izango du finalean. Askoren ustez, txapela irabazteko bi bikoteen arteko partida izango da, gainera, aurreraturiko finala.

Bi bikoteen artean ez dago sekreturik. Txapelketan bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, bana irabaziz, eta urte osoan askotan neurtu izan dituzte indarrak bikotekide eta aurkari gisa. Elkar ondo ezagutzeak analisi zehatza dakar, eta atzo Elezkanok eta Rezustak aurkarien erradiografia egin zuten Bilbon, pilota aukeraketan —ez zen arazorik egon pilotekin—. Biek aurkarien bertute bera goratu zuten: ondo hasten dira. «Garrantzitsua izango da euren hasiera gogorrari eustea; sei edo zortzi tantoren aldea hartzen badizute, ezinezkoa da irabaztea».

Ezinezkoa ez, baina bai oso zaila; hain zuzen ere, bikoteek ligaxkan jokaturiko bigarren partidan, Zumaian, Irribarria eta Zabaleta 3-9 irabazten hasi ziren, eta Elezkanok eta Rezustak 22-19 irabazi zuten gero. Elezkanok, baina, badaki hori salbuespena dela. «Orduan bezala jokatzen badugu, normalena galtzea da. Gehiago arriskatu beharko dugu irabazteko. Bergaran, gure gainetik pasatu ziren». Bergarako partida hura ligaxkako lehen jardunaldian jokatu zen, eta Irribarria-Zabaletak 22-15 irabazi zuten. Partida hartan, Elezkano-Rezusta 4-1 irabazten hasi ziren aurkarien hutsen erruz, baina, bidea zuzendu zutenean, irabazleek 11-5eko partziala lortu zuten.

«Beroketa ariketak ondo egitea garrantzitsua izango da», zehaztu zuen atzo Rezustak, aurkarien bertutea desaktibatzeko botikaren bila. «Bikote jotzaileena dira, eta erregulartasun handiz ari dira. Nik badakit partidaren zati handi bat errebote inguruan igaro beharko dudala. Berriz diot: oso garrantzitsua izango da hasieran eustea». Elezkanok asko ikasi zuen Zumaian, eta orduan ateratako ondorioa plazaratu zuen: «Haiek bi jotzaile dira, eta guk bakarra dugu. Badakit tanto askotako tarte batzuetan jokoz at egongo naizela, baina, sartzekotan, min egiteko sartu behar dut; ez du ezertarako balio urrunetik sartzea min egiten ez baduzu. Pilota aproposagoa utz diezaiokezu Irribarriari».

Bikote deserosoa

Elezkano eta Rezusta oso trebeak dira partidak analizatzen, eta Irribarriak berak nozitu izan du hori. «Danelek badaki non dagoen nire ahulgunea. Artista da, eta jokoa aurrean nahasten saiatuko da, ni endredatzeko». Izan ere, Elezkano eta Rezustaren bertute handia edozein partida eta egoeratara moldatzeko erraztasuna da, berdin dio aurkariak jotzaileak edo artistak izan, edo atzetik edo aurretikjoan. Zabaletak ondo daki: «Bikote deserosoa da. Pilotari onak dira, noski, baina, horrez gain, beti daude ondo kokatuta, ez dute ia alerik galtzen, jokoari abiada ematen diote, eta bikote gisa joko asko gehitzen dute».

Elezkano-Rezustak bigarren txapelketa dute jarraian elkarrekin, eta bigarrenez bukatu dute lehen ligaxkako lehen postuan. Bi txapelketa hauetan 33 partida jokatu dituzte guztira, 25 irabaziz, baina iazko finala galdu zuten. Irribarria eta Zabaletari ere neurria hartua diete. Irribarriaren aurka lau aldiz jokatu dute, eta hiru irabazi. Zabaletarekin, aldiz, sei aldiz neurtu dituzte indarrak, horietatik lau irabaziz. Hala ere, Irribarria-Zabaleta dira faborito apustuetan iganderako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.