Mendi ibilbidea

Larhungo itzulia

Euskal Herriko tontorrik turistikoena da Larhun, batik bat Napoleon III.arekin ezkonduta zegoen Eugenia de Montijo enperatrizak modan jarri zuenetik.
Kostaldearen ikuspegi zabala Zizkuitzetik.
Kostaldearen ikuspegi zabala Zizkuitzetik. MIKEL ARRIZABALAGA

Mikel Arrizabalaga -

2019ko apirilak 16
Administratiboki Frantziako Akitaniako eskualdeko Pirinio Atlantikoak departamenduko parte izanik, Lapurdi Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetako bat da. Ipar Euskal Herriko zona eder horrek ez du inolako lurralde ofizialtasunik Frantziako administrazioarentzat, eta Pirinioak, Kantauri itsasoa (Bizkaiko golkoa) eta Aturri ibaia ditu muga naturalak. Orografian bi erliebe bereiz ditzakegu: alde batetik, itsasaldea dugu, Bidasoa eta Aturri ibaien artean hedatzen diren hondartza luzeez eta altuera txikiko labarrez osatua; bestetik, Lapurdiko barnealdea dugu, Iparraldeko herrialderik jendetsuena, eta bertan goititzen dira Pirinioetako lehendabiziko mendi tontorrak. Denak altuera apalekoak izan arren, talaia bikainak dira Euskal Herriko askotariko paisaien edertasunaz gozatzeko.

Lapurdiko mendi hau oso berezia da arrazoi askorengatik. Makina bat bidek hara igotzeko aukera ematen digute, eta tontorretik dagoen ikuspegia zabala da oso. Hala ere, esan behar da oso humanizatuta dagoela; seguruenik, Euskal Herriko tontorrik turistikoena da, batik bat Napoleon III.arekin ezkonduta zegoen Eugenia de Montijo enperatrizak modan jarri zuenetik. Haren omenez, Le Petit Train kremailera trena eraiki zen, 1912an; San Inazio lepotik abiatu eta, turistaz beterik, tontorretik oso hurbilera igotzen da. Geltokiaz gain, TB hedagailu erraldoia, orientatzeko mahai bat, eta jana eta oroigarriak eros daitezkeen pare bat benta. Egun eguzkitsuetan jendez mukuru egoten da, eta zaila da isiltasuna eta lasaitasuna izatea.



Mantton Baita aterpetik gertu dagoen aparkalekutik abiatu, eta martxan jarriko gara, ondotik ateratzen den bide nabarmenetik. GR-10aren marka zuri-gorriak lagun, pixkanaka altuera hartuko dugu. Basotik atera eta berehala ikusiko ditugu Larhun mendiaren gailurra desitxuratzen duten antenak. Konturatu orduko, Errepausuko lepora iritsiko gara, Hiruiturrietatik gertu. Sara aldera doan GR-10a utzi, eta aurrera egingo dugu gure eskuinean dagoen bidean barna. Berehala iritsiko gara azken aldapa pikoaren hasierara. Xendan, sigi-sagan azken ahalegina egingo dugu tontorrera iristeko, eta azken metroak trenbidearen ondotik egingo ditugu. Mendi honek 900 metroko altuera du, eta bi ezaugarri ditu. Lehena bere ikuspegi zabala da; izan ere, handik Lapurdi eta Bidasoako inguruak ederki ikusteaz gain, Pirinio eta euskal mendi askoren tontorrak identifika daitezke. Bigarrena, berriz, tontorra desitxuratzen duten bentak eta antenak. Hala ere, eguraldia lagun, mendi, kostalde eta bestelako paisaiaz gozatuko dugu.

Itzulera Berara doan pista zabaletik hasiko dugu. Zizkuitzera iristean, pista utzi, eta eskuinean dagoen xenda nabarmena bilatuko dugu. Larhunttipiren magaletik zabaltzen den bide ederretik erraz helduko gara Subizia muinoaren oinera. Ezkerretik ateratzen den bidea aukeratuko dugu, malda bizian, eta Yagola Bentaren ondora jaitsiko gara. Bide nabarmenak berehala utziko gaitu Deskargahandiko lepoan. Puntu horretan, berriro Ibardinetik datorren GR-10aren bide seinale zuri-gorriekin bat egingo dugu, eta, horiei segituz, Mantton Baitara heldu aurretik, eskuinetik ateratzen den xenda bat hartuko dugu. Gainezka datorren Larhungo erreka gainditu, eta aparkalekura itzuliko gara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna