Bueltan dira Miramongo Matineeak

Josu Okiñena, Miren Urbieta-Vega eta Javier Perez de Azpeitia ariko dira, besteak beste, denboraldi berrian. Hilaren 28an hasiko da

Josu Okiñena pianista eta musika ikertzailea. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Larunbat goizetarako plana eskaintzen dute Miramongo Matineek. Zehatzago, ganbera musika askotariko formatutan aditzeko kontzertu plana. Irailaren 28an hasiko da denboraldi berria, hogeita zortzigarrena, eta hamasei emanaldi emango ditu denera. Guztiak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan izango dira, Donostian, goizeko hamaiketan hasita.

Hamasei emanaldiko egitarautik, Josu Okiñena piano jotzailearen errezitala eta Miren Urbieta-Vega sopranoaren eta Javier Perez de Azpeitia pianistaren arteko kontzertu lirikoa nabarmendu dituzte antolatzaileek. Bietatik lehenak, Okiñenak, Franz Liszten konposizio ezezagunenetako batzuk interpretatuko ditu. Urbietak eta Perez de Azpeitiak, berriz, izen handiko konpositoreen lanak uzartuko dituzte elkarrekin eskainiko duten kontzertuan; Mozart, Puccini eta Verdiren obrak joko dituzte, besteak beste, eta «maitasunetik tragediarako ibilbide liriko bat» proposatuko diete entzuleei.

Horiekin batera, arduradunek iragarri dute Ensemble Diatessaron taldea izango dela denboraldiko gonbidaturik azpimarragarrienetako bat. Musika barrokoan eta errenazentistan espezializatuta dago taldea, eta Italiako Barbara Strozzi musikagilearen obran ardaztuko du saioa. Orkestrako musikariek osatutako formatu txikiko taldeak ere izango dira zikloaren barruan; Hemiola Laukotea, Barrococo eta Original Quintet, kasurako

Ohiko hari taldeetatik harago doazen taldeek ere ezaugarrituko dute aurtengo denboraldia. Horien artean dira, esaterako, Kolpeka, perkusioa jotzen duten musikariz soilik osatutako taldea, eta Cuivres en Pays Basque, hogei kidek osatutako taldea, gehienak haizezko instrumentuen jotzaileak.

Publikoa agertokian

Programazioaz harago, Euskadiko orkestrak Miramongo egoitza berritu eta agertokia handitu du berriki. Eta Matineen zikloari beste aukera bat eman dio horrek: aurrerantzean, publikoaren parte bat oholtza gainean jarri ahal izango da emanaldietan, musikarien albo bietan.

Kontzertuetarako sarrera solteak zazpi euroan salduko dituzte, eta saio guztietara joateko bonua, aldiz, 84 euroan. Kursaaleko leihatilan eta orkestraren webgunean salgai daude jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.