Mendi ibilbidea

Milaka urteko haritzen artean

Ibilbide zirkular eta erraza milaka urteko historia gordetzen duten haritz mardul eta ederren artean.

BERRIA

Mikel Arrizabalaga -

2019ko urriak 22

Etxarri Aranazko (Nafarroa) Beheko Basoaren zati honetan oso haritz ederrak daude, eta, balio estetikoa edukitzeaz gain, basoa birsortzeko ale garrantzitsuak dira. Bertan, beste espezie askoren artean, haritz kandudunak eta amerikarrak ikusiko ditugu. Zuhaitz izugarri handi horiek oso deigarriak dira beren itxuragatik, eta berehala pizten dute bisitarien arreta.

Kanpinaren sarreran dagoen aparkalekutik emango diogu hasiera ibilaldi labur honi. Pista zabala hartu eta ezkerretatik, kanpina inguratzen duen bide zabaletik aurrera egingo dugu Danbolintxu esaten zaion ingurura jaisteko. Berehala, pistan aurrera egin, eta, eskuinean, zenbait ibilbide erakusten dituen egurrezko hesola batekin egingo dugu topo. Bertan, haritz zaharren ibilbidearen (SL NA 137) eta trikuharrienaren (PR NA 133) bide seinaleak ikusiko ditugu. Ibilbidearen lehen zatian, bi ibilbideek bat egiten dute; beraz, zuhaitzen enborretan, kolore zuriak, berdeak eta horiak lagunduko digute bidea aukeratzen.



Basoan sartu, eta aldapa txikia igotzen hasiko gara, bidegurutze batera ailegatu arte. Berroetazabal izeneko leku horretan —behor leku zabala—, ezkerraldeko xenda aukeratuko dugu, eta bestea itzulerarako utzi. Basoa trinkotu egiten da, eta zaila gertatzen zaie eguzkiaren izpiei zulatzea. Bidea erabat leuntzen den lekuan, bat-batean lehen haritz erraldoiarekin bat egin, eta aurrera segituko dugu, tarteka bertako zuhaitzen izenak —latinez, gazteleraz eta euskaraz— jartzen dituzten zutikako plaka batzuk irakurriz. Berehala helduko gara bi haritz mardulen ondora: barrenak erdi hustuta elkarri begira baleude bezala daude.

Hariztian marrazten den bide eroso eta garbitik aurrera jarraituko dugu, berriro beste haritz erraldoi batekin topo egin arte. Hori, aurrez ikusitako beste biak ez bezala, oso bizirik dago, enbor zabaletik eskegitzen diren adarrak hostoz beterik baitaude. Enborraren ondora joan, eta gure neurriez jabetuko gara. Ez da bakarra: inguruan ere badaude bizirik dauden haritz gehiago, baina askoz txikiagoak. Inguruaz gozatuz, enborra erabat husturik duen zuhaitz zahar baten ondora iritsiko gara; adar txiki batek ematen dio duen bizitza apurra. Goroldioak estaltzen du enborretik geratzen dena, eta orbelak betetzen du barruko zuloa.

Trikuharriak

Aurrera segituz, Bordazelai —bordak izan zireneko zelaia— izeneko inguruan, haritz ale bikain gehiago ikusiko ditugu bidearen albo banatan, baina bada bat gure arreta berehala erakarriko duena: arku bat osatuz zerurantz goititzen den zuhaitz mardula. Adarren bat edo beste erori eta besamotz geratu dela dirudi. Denbora gutxi beharko dugu Bordaburura —eremua bukatzen den tokira— iristeko, eta, bertan, beste haritz eder batek agurtuko gaitu.

Abiapuntura itzultzeko tenorea izango dugu orduan, eta ezkerretik ateratzen den bidetik abiatuko gara, zuriz eta berdez balizatutakotik —trikuharrien bidea hortxe utziko dugu—. Gurpidegain izeneko bidetik —gurdibideak nonahi ikus zitekeen ingurunea—, pagadiak ezkerrera utzi, eta berehala helduko gara aurreko bidegurutzera. Handik, kilometro bat bete beharko dugu kanpinaren sarrerara itzultzeko. Han amaituko da ibilbidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna