Marrazkien soiltasunera jauzi

'Coll, hitzik gabe' erakusketa zabaldu dute Okendo Kultur Etxean; otsailaren 15era arte egongo da

Coll, hitzik gabe erakusketa, Donostiako Okendo Kultur Etxean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Hitzik gabe: eginiko marrazkien soiltasuna ardatz. Horrela azal daitezke Josep Coll komikigilearen (Bartzelona, 1923-1984) marrazkiak Donostiako Okendo kultur etxeko Coll, hitzik gabe erakusketan. Atzo inauguratu zuten; otsailaren 15era bitartean egongo da ikusgai. Luis Gorbayo izan da erakusketa osatzearen arduraduna, eta, haren esanetan, «Collen jatorrizko esentziara eta egiara itzultzea izan da helburua». Harekin batera aurkeztu du erakusketa Susana Busterok, Okendo kultur etxeko zuzendariak: «1984. urtean hil bazen ere, oraindik gaurkotasuna duen artista da. Marrazkien bidez transmititzen zituen mezu ugari gaur egungoak dira».

Hain justu, erakusketaren izenburuan transmititu nahi izan duten ideia nabarmendu dute aurkezpenean ere. «Istoriotxoek ez dute hitzen beharrik; hitzik eta testurik gabe asmatzen zituen», azaldu du Gorbayo komisarioak. TBO izeneko aldizkariarentzat egin zituen komikirik gehienak, argitalpen horretako zutarrietako bat bilakatu arte. Baina istorioak testurik gabe sortzen bazituen ere, hitzekin argitaratzen zituzten astekarian, Gorbayoren arabera: «Espainiako gerraostean sortu zen aldizkari bat da TBO. Astekari horren ildo politikoaren arabera, istoriotxoek bazituzten testuak, denbora gehiagoz irauten zuten irakurleen eskuetan. Ondorioz, horiek egiteagatik marrazkilariei ordaindutako dirua justifikatuta zegoela uste zuten».

Coll ez zetorren bat horrekin; izan ere, sortzailearen aburuz,marrazkiek ez zuten ez testuen ez hitzen beharrik. «Hala eta guztiz ere, testuak jartzera behartzen zuten. Batzuetan, Collek berak jartzen zituen testuak. Beste kasu batzuetan, aldiz, haren lankideek jartzen zituzten testu horiek», kontatu du komisarioak. Hori dela eta, artistaren jatorrizko eta berariazko espiritua islatu nahi izan dute: «Marrazkilariak haren istoriotxoak hasieran planteatzen zituen modura, hain zuzen ere». Jatorrizkoak baino handiagoak dira aretoan bildu dituztenak,Gorbayoren hitzetan: «Eskala handiagoan jarri ditugu, ikustea ere erosoagoa izan dadin».

Pertsonaia finkorik ez

Testu eta hitz aldetik soilik ez, marrazki aldetik ere soiltasuna eta adierazkortasuna izan zituen berezitasun Collek. Pertsonaiak, adibidez, guztiz anonimoak dira: ez du pertsonaia finkorik lantzen; izan ere, izaera prototipoak sortu beharrean, egoera prototipoak sortzen zituen. Erakusketan ere horrela daude bereizita marrazki guztiak: egoeraren arabera. Gizon bakartiak dira gehien erabiltzen dituen pertsonaiak, eta ezaugarri ikoniko batzuekin agertzen dira: atributu horien bidez irakurleari gauza bat pentsarazi, eta ondoren ezusteko bat emateko asmotan. Hala, egoera xelebreak sinesgarri egitea zen helburua: espazioaren, denboraren eta logikaren muga ugariak hautsiz.

Aurkezpenean azpimarratu dutenez, umorea ulertzeko modu berezi bat zuen, eta errespetuz lantzen zuen arlo hori. Teknikoki erreparatuta, «zinta mutuaren maisu» gisa definitu dute, estilo zinematografikoan oinarritzen baitzen. Marra argiak eta garbiak erabiltzen zituen, fintasuna eta uniformetasuna xede. Artistaren marrazteko modu hori hobeto ulertzeko, jatorrizko marrazkiak eta TBO aldizkarian agertutakoak jarri dituzte elkarren ondoan: bata bestearekin alderatzeko.

Josep Coll 1947. urtean hasi zen komikigintzan. 1949. urtean hasi zen TBO aldizkarian marrazten, eta hor argitaratu zen haren obraren zatirik handiena. 1964. urtean alde batera utzi zuen marrazkigintza, ekonomikoki ez zelako jasangarria. 1984. urtean hil zen, bere buruaz beste eginda. Edonola ere, TBO astekariak bere komikiak argitaratzen jarraitu zuen 1998. urtera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.