Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Ganbera zikloa hasiko du gaur Locum Congregatiok

Hiru kontzertuk osatuko dute aurten Musika Hamabostaldiko Ganbera zikloa. San Telmo museoko klaustroan egingo dira emanaldiak

Ezkerretik eskuinera, Patrick Alfaya, Paula Iragorri, Marta Zabaleta eta Josep Colome, atzo, Donostian. A. CANELLADA / FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Donostiako 81. Musika Hamabostaldiko Ganbera zikloa San Telmo museoko klaustroan egingo da, laugarren urtez jarraian. Hiru emanaldi izango dira denera, eta hiruretarako sarrerak amaitu dira jada. «Ikus-entzuleak gozatzea espero dut. Era guztietako obrak joko dira hiru kontzertuetan; oso boteretsuak», adierazi du Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak. Erantsi duenez, San Telmoko klaustroak eskaintza berrindartzeko aukera eman dio jaialdiari, 2017tik.«Urte askoan ez dugu ganberako musikarik eskaini Donostian, eta, museoari esker, azken urteotan musika mota hau berreskuratu dugu jaialdian. Museoak bizitasuna eman dio zikloari».

Locum Congregatiok emango du zikloaren lehen kontzertua, gaur, 20:30ean hasita. Lehenengo aldiz hartuko du parte taldeak jaialdian, baina taldekide asko izanak dira lehenago jaialdian. Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena dela eta, konpositorea oinarri duen egitaraua prestatu du taldeak, eta, Josep Colomeren eta Victor de la Rosaren gidaritzapean, Lehen Sinfonia op.21 eta Septiminoop.20 joko ditu.

«Locum Congregatio proiektu berri bat da, eta Beethovenen Septimino obra entzutetsuan dago oinarrituta», azaldu du Colome biolin jotzaileak. Gogora ekarri du Beethovenek Septimino estreinatu zuen kontzertua. Emanaldi hartan, Lehen Sinfonia ere jo zutenorkestra sinfonikoarekin, eta benetan arrakastatsua izan zen bere garaian. Locum Congregatiok bi obrak berriz ere emanaldi berean batu nahi izan ditu.«Konponketa batzuk egin ditugu obrak jo ahal izateko. Lehen Sinfonia klasikoagoa eta gardenagoa da. Oso pozik gaude obra biak eman ahal izateagatik».

Datorren asteartean, berriz, Elena Sancho Pereg sopranoa eta Paula Iragorri mezzosopranoa arituko dira San Telmoko klaustroan, eta Caprichos izeneko emanaldia egingo dute, German Ormazabal pianista lagun dutela. Haendel, Offenbach eta Saint-Saensen obrak izango dira entzungai bertan. Era berean, Leonard Bernsteinek 1956an sortu zuen Candide operetaren zenbait kanta abestuko dituzte.

Paula Iragorriren hitzetan, «programa heterogeneoa» egingo dute. «Elenak eta biok gazteak ginenetik abestu dugu elkarrekin, baina bide desberdinak hartu ditugu gerora. Duela gutxi elkartu ginen berriz, eta elkarrekin abesteko musika ugari zegoela konturatu ginen. Hainbat musikariren errepertoriotik zertzelada batzuk hartu, eta egitarau berezi bat osatu dugu. Gure kapritxoak direla esan daiteke», adierazi du.

Piano eta biolarekin adio

Marta Zabaleta piano jotzailea Natasha Tchich biola jotzailearekin arituko da Ganbara zikloari amaiera emango dion kontzertuan. Gaur zortzi izango da, eta Brahmsen, Hersanten, Garcia Ascoten, Parten eta Francken partiturak joko dituzte. «Egitarauan bi konpositore erromantiko handi izango ditugu: Brahms etaCesar Franck. Hauen obrak biolinarekin jotzeko piezak dira, baina biolara ere ederki egokitzen dira», azaldu du Zabaletak. Brahmsen Scherzo lanarekin hasiko dute emanaldia. «Oso pieza sutsua da», nabarmendu du. Amaitzeko, berriz, Francken Biolina eta pianorako sonata la minorren interpretatuko dute.

Bi obra horien tartean, XX. mendeko hiru konpositoreren obrak landuko dituzte: Arvo Part konpositore estoniarrak 1977an biolarako idatzitako obra joko dute; Phillippe Hersanten Tenebrae obra ondoren. Azken horrek «giro misteriotsu bat» sortzen du pianoaren eta biolaren bidez, Zabaletaren ustez: «Obra liluragarria da».Azkenik, Rosa Garcia Ascot konpositore espainiarrak sortutako pieza bat aurkeztuko dute. Bere belaunaldiko musikarien artean, emakume bakarra izan zen Garcia Ascot. Sortu zuen obra guztia galduta dago, eta erabat ezezaguna da. Hori dela eta, lan eskerga egin behar izan du Zabaletak haren Petite suite obraren partitura eskuratzeko. Garaiko pieza gehienak neoklasikoak izan arren, harena «obra neobarrokoa» dela iruditzen zaio piano jotzaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.