Albistea entzun

Mendi ibilbidea

Ganboako talaia

Tontorretik, Aralar osoa menderatzeaz gain, Euskal Herri osoko mendikateak ikus daitezke egun urdin eta gardenetan.
Ganboako tontorra, eta atzean, Larrunarri-Txindoki.
Ganboako tontorra, eta atzean, Larrunarri-Txindoki. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2021eko azaroak 9

Jaiegunetan jende andana biltzen da Larraitzeko inguruetan (Gipuzkoa). Gehienek Larrunarri/Txindokiko gailurra zapaltzea dute helburu, eta gutxi batzuk murgiltzen dira Alotzako larreetan barrena. Biak egin ahal izateko, normalean bide bera erabiltzen dute, eta horrek sekulako jende ilarak sortzen ditu. Ibilaldi honetan, ohiko bidetik igoko gara Ganboara, baina, jaitsiera egiteko, Muitzeko haran eder eta basatitik joango gara.

Larraitzeko aparkalekuan ibilaldiari hasiera eman, Zamaoko langa igaro, eta pistan gora abiatuko gara pista zabalean. Kastesuiko bizkarrera heltzean, eskuinera Auza Gaztelurantz zuzentzen den bidea utzi, eta ezkerraldean ikusiko dugun xenda nabarmenetik jarraituko dugu. Altuera azkar irabazi, eta laster Ameztiko langa igaroko dugu. Txindokitik jaisten den bizkar harritsuaren magala zeharkatzen duen bidetik, 1934. urtean Euskal Mendigoizaleen Elkarteak eraiki zuen Oria iturrira helduko gara.

Iturria atzean utzi, eta igotzen jarraituko dugu. Langa baten ondora iristean, ezkerrean, Txindokira igotzeko marrazten den Tximista edo Rayo izenez ezaguna den bidezidor pikoa utziko dugu. Guk, eskuinetik, Zirigarateko borden ingurura sigi-sagan marrazten den bidetik egingo dugu aurrera. Xendak markatuko digu jarraitu beharreko bidea, baina, laster, Txindokira doana utzi eta hegoalderantz joko dugu, Alotzako larreetan zehar. Denbora gutxi beharko dugu Saltarriko zutarriaren ondora heltzeko. Aralarreko alde gipuzkoarrean etzanda dagoen zutarri honek hiru metrotik gorako luzera du. Garai batean, artzainek, euren artean, zutarri hau nork jauzi egingo zuen apustua egin ohi zuten. Jauziak luzeran izan behar zuen, eta artzainek bi hankak elkartuak zituztela jauzi egin behar zuten. Hortik datorkio izena zutarri honi.

Metro batzuk goraxeago, metalezko estela bat. Aurrera segitu eta Alotzako iturriaren ondora iritsiko gara. Bertan, iturriaz gain, norabide mahai bat aurkituko dugu. Alotzako larreak utzi, eta gorantz abiatuko gara, Irazustako lepo ezaguna bilatuz. Xenda utzi eta Uarraingo gailurrari bizkarra emanez, ipar-ekialderantz joko dugu, harrizko lerro batean zehar, biderik gabe. Mendi bizkarrari heldu eta malda motz eta piko gogor bat igo ondoren, Ganboako tontorrera iritsiko gara. Nahiz eta Aralarko mendirik garaiena Sollabizkargaña/Intzako dorrea izan, Ganboa gailur nagusitzat har dezakegu: bertatik, Aralar osoa menderatzeaz gain, Euskal Herri osoko mendikateak ikus daitezke egun urdin eta gardenetan.

Larraitzera itzultzeko, ohikoa ez den bide bat hartuko dugu. Lehenbizi, Ganbo Txiki ezkerraldera utzita, Zealar mendiaren tontorraren ondotik igaro, eta Uzkuiti aldera joko dugu, Aoki eta Salingain mendien artean hedatzen diren larreetan zehar. Mendi honen tontorra balkoi modura Arritzagako haranera eskegita geratzen da, eta bertatik ederki ikusiko ditugu Balerdi, Artubi, Astunaldeko lepoa eta Urakorri mendiak. Beste aldetik, Aralarko larre zabalak Ganbo mendiaren magaleraino hedatzen dira.

Uzkuitiko gandorretik jarraituz, Etzitegiko saroira jaisten den xenda bilatuko dugu, eta, bertara iristean, Muitze aldera bere urak isurtzen dituen errekaren ondora jaitsiko gara. Erreka gurutzatu eta xendari jarraitu besterik ez dugu egin behar. Amezketara doan bidea utzi eta ezkerrera, Muitzeko ur-jauzien ondotik pasatzen den xendatik segituz, sigi-sagan ipar-mendebalderantz jaisten hasiko gara antena erraldoi batekin topo egin arte. Pistan barrena metro batzuk bete eta berehala, eskuinetara, Larraitzerantz joko dugu. Igotzeko erabili dugun pistarekin bat egin, eta Larraitzera helduko gara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Denboraldi hau niretzat azkena balitz bezala gozatuko dut»

Pettan Uralde

Hamalaugarren denboraldia du De Marcosek Athleticen, eta egunez egun gozatzeko ideiarekin ekin dio sasoi berriari. Guardiako jokalariak Europan kokatu du taldearen helburua, eta lortuko dutelakoan dago.
Hondarribia garaipen bat ospatzen, artxiboko irudi batean. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Hondarribiak irabazi du Castro Urdialesen, eta sailkapena estutu du

Berria

Pasa den asteburuko kolpeari buelta eman dio Ama Guadalupekoa-k. Urdaibaik bigarren amaitu du, eta ondo eutsi dio lidergoari.

<b>Mikel Larrañaga, iaz, Urrezko Kopa irabazi berritan.</b> ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sei aizkolari ariko dira bihar Donostian, Urrezko Kopa xede

Berria

Aurrez kanporaketa gainditutako kirolariek udako garaikur nagusia izango dute jokoan, 19:30ean

Realeko jokalariak Take Kuboren gola ospatzen, gaur, Cadizen (Espainia). ©Roman Rios / EFE

Realak Kuboren gol bati esker irabazi du Cadizen

Paulo Ostolaza

Txuri-urdinek gogor lan egin behar izan dute, baina japoniarrak 24. minutuan sartutako golak balio izan die. Debuta egin dute Brais Mendezek eta Momo Chok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...