Albistea entzun

Mendi ibilbidea

Olhadübiko zintzurra

Basabürüko zintzur edo arroilak aurkituko ditugu ibilbide honetan: Euskal Herriko txokorik basati eta ederrenetakoak.
Holtzarteko zubi ikusgarria. Duela bi urte eraberritu zuten.
Holtzarteko zubi ikusgarria. Duela bi urte eraberritu zuten. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2022ko ekainak 7

Pastoralak pasioz beterik bizi dituen Zuberoako lurretan, Euskal Herriko txokorik basati eta ederrenetarikoak diren Basabürüko zintzur edo arroilak aurkituko ditugu. Santa Graziko eliza erromaniko ezagunetik gertu, Kakueta eta Ehüjarreko zintzurrak marrazten dira; aurrerago, Olhadübi eta Olhadokoak. Naturaren indarrek lurrari egindako zauriak. Guk, ibilaldi honetan, horietako bat inguratu eta ezagutuko dugu: Olhadübiko zintzurra, hain zuzen. Uda partean jende andana ibiltzen da, baina udaberria eta udazkena ere oso garai egokiak dira bazter hauek bisitatzeko, lasaiago ibiliko baikara.

Logibar izeneko aterpetxearen ondotik abiatuko gara. Ibilbidearen zatirik handienak GR-10aren bideari jarraitzen dio. Olhadoko errekaren paraleloan hedatzen den bidetik, egurrezko zubitxo bat igaro, eta malda pikoa igotzeari ekingo diogu berehala. Bustita edo hezea dagoen egunetan kontuz ibili behar da, labainkorra egoten baita, eta, horregatik, lagungarri gerta daitezkeen heldulekuak daude. Maldaren amaieran, pagaditik atera, bide nabarmenetik aurrera segitu, eta, parez pare, Olhadübiko arroila zeharkatzen duen Holtzarteko zaldaina edo pasabidea ikusiko dugu. Euskal Herrian dugun altxor preziatu hori paraje ezin ederragoan dago.

Jatorrian, zuhaitzak moztu eta egurra aprobetxatzeko eraiki zen Holtzarteko zaldaina edo pasabidea. Gaur egun, jendetza erakartzen du zubi eseki horrek. Pasabidea urrutitik ikusten denean, Olhadübiko zintzurraren gainean hutsean luzatuta, ikusgarria da. Haren aurrean aurkitzea are gehiago da, eta, gurutzatzeko garaian, nahiaren eta beldurraren artean borroka bat sortzen da. Lombardi Morello Atharratzeko altzairu lantegiko langile italiarrek eraiki zuten, 1920an, basotik egurra atera ahal izateko. Hasieran, egurra garraiatzeko zubi txiki bat eraiki zuten, oholez eta kablez lagundurik. Zuberotarrek Holtzarteko zaldaina deitzen diote, baina, egiaz, Olhadübiko arroilaren gainean dago zubia, Olhadoko errekatik 180 metrora. Olhado eta Olhadübiko arroilak orain dela 80 miloi urte eratu ziren, erreken higaduraren ondorioz.

Zubi eraberritua

2020an eraberritu zuten zubi txundigarria gurutzatu (67 metro), eta basoan murgilduko gara. Maldan gora egin, eta GR-10aren bidearen bide seinale zuri-gorriek erakusten diguten norabidean jarraituko dugu. Pistak ezkerrerantz jarraitzen du, eta, oihanean hedatzen den bidetik hiru kilometro pasatxo bete eta gero, Olhadübiko pasabide edo zubitxora helduko gara. Arroilaren beste aldera igaro, eta, udako larre malkartsuetan marrazten den bidezidorretik, Ardakotxüko zelai edo lepora igoko gara.

Iparralderantz joko dugu. Laster, GR-10ak eskuinera egiten du, Santa Grazi aldera, eta guk, berriz, aurrera jarraituko dugu Logibarrera itzultzeko. Orain marra horiak izango ditugu bidelagun. Altuera galtzen hasi, ezkerraldean Latsagako bordak utzi, eta bidegurutzera ailegatzean, ezkerretik, bide seinaleek erakusten diguten norabidean jaisten jarraituko dugu. Basotik ateratzean, jaitsiera azkar eta biziak abiapuntura eramango gaitu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Nevado baloiarekin, atzo, Levanteren aurka. ©Athletic

Denboraldiko lehen porrota Athleticentzat

Berria

Levantek kontrolatu du neurketa, eta Redondoren eta Mayra Rodriguezen golei esker lortu ditu hiru puntuak. 

Nerea Arruti, garaipena ospatzen. ©Idoia Zabaleta / FOKU

Nerea Arrutik eta Andoni Iruretagoienak irabazi dute Euskal Pentatloia

Edu Lartzanguren

Iruretagoiena bigarren urtez nagusitu da. Iazko irabazle Karmele Gisasola bigarren geratu da.

 ©UNAI ZABALETA

«Eibarrekin Lehen Mailara igotzea baino ez daukat buruan»

Iñaki Berastegi

Etxean bikain abiatu du sasoia Eibarrek, baina etxetik kanpo, nahi eta ezin. Arbillaren ustez, partida guztiak irabazteko «gosea» izan behar du taldeak igoeragatik borrokatzeko.
Evenepoel, bakarrik helmugaratzen. ©DEAN LEWINS / EFE

Evenepoelek irabazi du Munduko Txapelketa, modu ikusgarrian

Berria

25 kilometroz bera bakarrik aritu da ihes eginda. 2018an ere irabazi zuen lasterketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...