Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Kontakizunak

2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ikasturteko azken astea dugu Ekografiak hauetan, eta, modu batera edo bestera, urte guztian errepikatu ditudan ideiak azpimarratzeko baliatu nahiko nituzke geratzen zaizkidan zutabeak. Euskaraz fikzioa sortu eta zabaltzeko beharraz aritu nahiz, bereziki, tarte honetan. Gure hizkuntzari prestigioa emateaz, horrentzat etorkizunerako eremuak sortzeaz, iruditeria propioa garatu eta sortzeaz, baina baita gure ikuspegia eta kontakizuna eraikitzeaz ere.

Azken puntu horrek gure herrian gertatu denerako edo gertatzen ari denerako balio du, baina baita mundu osoan gertatzen diren joera, moda edo egiturak azaltzeko ere. Orain arte, AEBetatik etorritako ikus-entzunezkoak kontsumitzera ohitu gara. Egia da azken urteetan gora egin duela Europako edukien kopuruak, baina horietan ere nabarmena da urteetan amerikarren kontakizunek eta balioek zenbaterainoko eragina izan duten kontinente zaharrean ere.

Telesailek, filmek edota nobelek sistemak bermatzeko boterea dute, jarrerak normalizatzeko, zer dagoen gaizki, eta ondo, jendarteari azaltzeko. Hori nabarmena da telesailen aroan ere, eta aste honetan ikusi dudan bat adibide bikaina da hori azaltzeko. Halt and Catch Fire (AMC 2014-2017) 1980ko hamarkadako informatika iraultza kontatzen duen telesail bat da. Bertan, garaiari aurre hartu zioten gazte ekintzaile batzuen istorioa kontatzen du —bikain, bide batez—. Pertsonaia erabat identifikagarriak dira, eta, hasieratik, haiekin zaude. Arrakasta izatea nahi duzu, eta helburu hori lortzeko hartzen duten bidea onartzen duzu. Ez dute bizitzarik lanetik harago; halako batean, hala behar bada, egun osoa lanean igaro behar duzu dirurik jaso gabe ere, lana behar den bezala egiten baduzu, noizbait saria etorriko delako —zer katolikoa, ezta?—. Lan egiten dugun etxean bizi behar badugu ere, ez dago arazorik, gainera: komuna itxura emango diogu ,eta ikusleren batek hor bizi eta lan egitea zeharo dibertigarria dela pentsatuko du. Ondokoari ideia bat lapurtu behar bazaio, tira, ondo-ondo ere ez dago, baina ez da hain larria. Laburbilduz, lana da zentroa, eta dirua arrakasta, une oro, eta ahal bezain azkarren, hobeto. Horregatik da hain garrantzitsua gure kontakizuna sortu eta zabaltzea. Historiaren kontakizunetik harago, etorkizuna eraikiko duten balioen borrokan gure alea jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.