Tekla adina estilotako errezitala

Alexandre Tharaud espezialista da Frantziako antzinako musika pianora eramaten. Bere trebezia erakutsi du Musika Hamabostaldian
Alexandre Tharaud pianista, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Alexandre Tharaud pianista, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. GORKA RUBIO / FOKU

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 7
Alexandre Tharaud Frantziako musika barrokoaren alde egindako lanagatik egin zen nazioartean ezagun. 90eko hamarkadaren bukaeran eta 2000koaren hasieran, eszenako musikari guztiek jatorrizko instrumentuekin jotzen zuten antzinako musika, baina Tharaudek barrokoko errepertorioa pianoan jotzeari ekin zion. Arrakasta handia lortu zuen 2002an Jean-Philippe Rameau konpositoreari eskaini zion diskoarekin, besteak beste. Gainera, bidea zabaldu zien beste musikariei, garai batean klabizenbalo jotzaileek hartutako eszena berriro lan zezaten.

Viktoria Eugeniako kontzertu sortako lehena eman zuen atzo, Donostiako 79. Musika Hamabostaldian. Hirugarren aldia zuen Hamabostaldian: 2009an Miarritzen jo zuen (Lapurdi), eta hurrengo urtean, berriz, Donostian, Antzinako Musikaren zikloan. Bigarren aldi hartan Frantziako barrokoko musikaren inguruko egitarau bat eman zuen, eta hortik harago joan zen atzokoan.

Oso estilo ezberdinetako lanak jo zituen bi zatitan banatutako kontzertuan: François Couperin barrokoko konpositoreak klabizenbalorako idatzitako lan batzuen moldaketarekin hasi zen; Claude Debussyk orkestrarako idatzitako preludio labur batekin jarraitu zuen, eta Emmanuel Chabrierren lau lanekin amaitu zuen lehenengo zatia. Bigarrenean, Erik Satieren bi lan minimalista, errepikakor eta enigmatiko jo zituen aurrena, eta Ludwig van Beethovenen azken garaiko pianoko partitura batekin amaitu zuen emanaldia.

Couperin «Frantziako musikaren aitonetako bat» da, Tharauden ustean. Jean Philippe Rameau eta biak Frantziako musikaren arbaso garrantzitsutzat ditu. Geroago, Tharaudek azaldu zuenez, Debussyk bere lanean omenaldia egin zion barrokoari, bereziki Rameauri. Couperin eta Rameau aitonak badira, Debussy biloba da pianistarentzat. Emanaldia baino lehen aurreratu zuen kontzertuko lehen zatiaren asmoa «familia bereko hainbat belaunaldi elkartzea» zela.

Mitoak eta tradizioak berebiziko garrantzia dute Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioan, eta, nahiz eta bere obran ez dagoen mitoei egindako erreferentzia zuzenik, Satieren lanean aurkitu du mitologiari egindako zeharkako begirada bat, batez ere Antzinako Greziari egina. Enigmatikoak dira haren lanak; Gnossiennes sortako aleak, adibidez, dantzak dira batzuentzat, eta beste batzuentat, ez. Musikagilea miresten duela igartzen zaio Tharaudi. «Garairako aurreratua» zela dio, asmatzaile handia izan zela, haren musikak oso sinplea dirudien arren. Ondorengo konpositoreek erabili dituzten formula batzuk asmatu zituen: musika errepikakorra, igogailuko musika eta piano prestatua, adibidez. Haren lan ezagunen atzeko obra ezagutzera gonbidatu zituen entzuleak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna