Epea agortuko du

Jokin Altunak gaur egingo duen proban erabakiko du lau eta erdiko txapelketan parte hartuko duen ala ez. Asier Agirre da balizko ordezkoa
Jokin Altuna, pilotak aukeratzen, artxiboko irudi batean.
Jokin Altuna, pilotak aukeratzen, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko urriak 12
Jokin Altunak lau eta erdiko txapelketa jokatuko duen ala ez esateko epea agortu egingo du. Iazko txapelduna Aimar Olaizolaren aurkako partidarako pilota aukeraketara joan zen atzo, baina gaur erabakiko du jokatuko duen. Pilotalekuko proba serio bat egingo du arratsaldean, ezkerreko besoa nola duen ikusteko. Zuntz hausturak hobera egin duela sumatu du, eta horregatik atzeratu du proba arautegiak ahalbidetzen dion mugaraino. Ezingo balu jokatu, Asier Agirrek ordezkatuko luke, final-zortzirenetan galdu zuten pilotarien artean tanto gehien egin zuen bigarrenak.

Altunak eskuin eskuarekin bakarrik aukeratu zituen pilotak atzo, Tolosan. Irribarretsu eta lasai agertu zen, oso garbi baitu erabat sendatuta egon ezean ez duela jokatuko. «Jokatzen badut, ondo nagoelako izango da. Zalantzan banago, ez naiz irtengo, eta, zerbait okertzen bada, ez da izango erabat sendatu gabe irten naizelako».

Altunak duela bi aste hartu zuen min, sanmateoetako torneoko finalean. Zuntz haustura txiki bat egin zuen ezkerreko besoaren atze aldean. Medikuak esan zion bi astean jokatzeko moduan egongo zela, eta epe hori igandean beteko da, Olaizolaren aurkako partidaren bezperan. Gaur jakingo da medikuak begi ona zuen. «Mina joan zait, eboluzioa ona izan da, eta neure burua hobeto ikusten dut, baina proba gogor bat egin nahi dut jokatu aurretik. Jokatzea gustatuko litzaidake, eta saiatuko naiz», onartu zuen Altunak. Bi asteotan, amezketarra ez da gelditu, eta kilometro asko egin ditu zenbait fisioterapia tratamendu hartzeko.

Altunak ezin badu jokatu, Asier Agirrek ordezkatuko du. Final-zortzirenetako galtzaileen artean, tanto gehien egin zutenetan bigarrena izan zen, eta, Retegik Jaka ordezkatuko duenez, Agirreri dagokio haren tokia betetzea. Printzipioz, eta arautegia eskuan, hiru partidak jokatu beharko lituzke Altunaren ordez, baina jakina da EPELen arautegien interpretazioak ez direla bereziki zorrotzak.

Aimar Olaizolari dagokionez, sasoi betean iritsi da txapelketara. Lau eta erdikoan parte hartuko duen hamabosgarren aldia da, eta zazpi aldiz izan da txapeldun. Udan joko ona erakutsi du, eta azken atseden asteek mesede egingo zioten. Bestalde, eta espero bezala, Danel Elezkanok jokatu egingo du larunbatean Arnedon. Kolpea hartu zuen iragan astean, baina ez dio jokatzea eragotziko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna