Indartsu abiatu da lehia

Tafallako eta Astigarragako elkarteak sailkatu dira Berria Txapelketako final-zortzirenetarako, Gasteizko eta Lizarrako klubei irabazita

Goian, Peñalver, Tafallako atzelari kadetea; eta behean, Berrueta, Lizarrako aurrelari jubenila. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon eskudero
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Martxoko azken asteburuarekin bat ekin zaio XV. Berria Txapelketari, eta jada bi kanporaketa eder ikusteko aukera izan da. Joan den igandean jokatu ziren bi jaialdiak, eta Tafallako Peña Pelota San Sebastian eta Astigarragako Mundarro elkarteak sailkatu ziren final-zortzirenetarako. Nafarrek ondo lan eginda kanporatu zuten Gasteizko Txukun Lakua, Hernanin. (Gipuzkoa). Andoainen, berriz, errazago nagusitu ziren Astigarragakoak Lizarrako San Miguelen aurka. Gauzak hala, Tafallako pilotariek Tolosa izango dute aurkari hurrengo fasean, eta Astigarragakoek Doneztebeko Erreka.

HERNANIN

Peña Pilotazale San Sebastian 2 - Txukun Lakua 1

Atariko bat gaindituta zetorren Tafallako pilota elkartea, eta txapelketan sartzeko aukera ez zuen alferrik galdu, ondo merezita irabazi baitzion Gasteizko Txukun Lakuari. Lehen partidatik hasita, nagusi izan ziren nafarrak. Izan ere, kadeteen mailan Tirado eta Peñalver nafarrak 22-13 nagusitu ziren Torres eta Aldave arabarren aurka. Norgehiagoka gogor joan zen lehen tantoetan, eta 13na berdinduta ere egon ziren, baina bigarren zatian gehiago izan ziren Tafallakoak. Peñalverren joa gustatu zitzaien pilotazaleei. Aurkakoa gertatu zen bigarren lehian, gazteen artekoan. Gasteizko Diaz de Gereñuk eta Larrietak 22-10 irabazi zieten Pernaut anaiei. Partida ez zen ona izan, hutsez josiak izan baitziren tanto gehienak, baina puntuak berdin balio zuen, eta arabarrek ez zuten hutsik egin. Aparteko ezer egin gabe, bana berdindu zuten kanporaketa.

Nagusien arteko lehiak erabakiko zuen guztia. Tafallako klubak esperientziaren alde egin zuen Ruiz eta Peñas kantxaratuta, eta gaztetasuna nahiago izan zuten arabarrek Uribe eta Markaidarekin. Bada, lehenak nagusitu ziren: 22-10. Lehen zatia orekatua izan zen, Uribe Gasteizko aurrelariak inspirazioa lagun izan zuelako. Ordea, saskitik pilota bizi bat atera orduko nafarren agintea garbi geratu zen. Peñas nagusi izan zen atzeko koadroetan, eta Ruizek ongi lagunduta, puntu erabakigarria eskuratu zuten.

ANDOAINEN

San Miguel 0 - Mundarro 3

Hainbeste sufrimendu gabe sailkatu zen Astigarragako Mundarro, igande arratsaldez, Lizarrako San Migueli hiru partidak irabazi ondoren. Jakina zen kadete eta nagusienmailan bikote indartsuak zituztela gipuzkoarrek, baina festa horretara gazteak ere batu ziren. Kadeteen mailan Lizeaga anaiek 22-8 menderatu zituzten Balerdi eta Otxotorena. Euskal Herriko txapeldunordeak izaki, sasoi onean iritsi ziren lehiara gipuzkoar anaiak, eta joko praktikoa eginda, ez zieten inolako aukerarik eman aurkariei. Sakea ondo baliatuta, min egin zuten hasieratik, eta tantoan zehar ere gehiago izan ziren. Bi pilotarien joa nabarmendu zen. Lan duina egin zuten nafarrek, baina aldea zegoen bi bikoteen artean.

Gazteen norgehiagokan oreka handiagoa espero zen, baina Mundarrok bide onari eutsi zion. Larrañagak eta Urdangarinek 22-10 irabazi zieten Berruete eta Pierolari. Ez zuen istorio handirik izan partidak. Oso txukun jokatu zuten gipuzkoarrek, irabazi egin zuten, eta kanporaketa erabakita utzi. Hala, nagusien arteko lehian ez zegoen ezer jokoan, baina jaialdiko partidarik onena eskaini zuten. Aznarez eta Mateo nafarrak saiatu ziren ohorezko puntua lortzen, baina 22-16 galdu zuten Loidi eta Santxezen aurka. Gipuzkoarrek pilotari emandako abiaduragatik irabazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.