Mendi ibilbidea

Larruzabalgo lurretan

Larruzabal herri batzarraren lurretan barna ibilita, Babio tontorrera igoko gara.
Amurrio inguruko ikuspegi zabala dago Babio menditik.
Amurrio inguruko ikuspegi zabala dago Babio menditik. JOSEAN GIL-GARCIA

Josean Gil-Garcia -

2019ko maiatzak 14
Gorobel mendilerroaren iparraldeko oinalde gorabeheratsuan, herrixka eta baserri batzuk sakabanatzen dira: Lendoñogoiti, Lendoñobeiti, Belandia eta Mendeika, besteak beste. Begiratu batean, ohiko mendiko paisaia ematen du; izan ere, Urduñako ordokian gora egin ahala, basoak eta bazka egiteko belardi zabalak ikusiko dira han eta hemen. Euskal Herriko hainbat bazterretan bezalaxe, beraz. Baina jakin beharra daukagu herriok antolamendu berezi bat diseinatu zutela aspaldi-aspaldi, bizimodua eta naturaren ondasunak kudeatzeko (mendiak, nekazaritza, abeltzaintza eta ondare publikoak). Mendeikako naturaren oparotasuna deskubritzea da ibilbide honen helburu otzana.

Bideak estuak izanagatik ere, bazter horretara bizkor hurreratzeko aukera ona ematen du gaur egungo errepideak. Behiala, ordea, bestelako egoera bat omen zegoen, bizilagun saiatuek mandabideei zein bidezidor ezkutuei estu-estu lotuta ibili behar izaten baitzuten Urduñara edo Amurriora jaisteko. Alabaina, Urduñatik aldenduta egon izanak ez zion isolamendurik ekarri paraje horri. Historiagileek gogorarazten dutenez, Urduñari dagozkion lau herriok Larruzabal izeneko herri batzarra osatu zuten Erdi Aroan. Ordena jakin batean parte hartzen zuten, betiere euren ondasunak babestuak izateko.



Larruzabalgo larrean haritz deigarri bat zegoen, eta haren inguruan biltzen ziren euren interesak defendatzeko. Larruzabalgo haritza bidegurutze batean zegoen, herriotatik pitin bat aldenduta, baina lau herrion lurrak gurutzatzen ziren toki estrategikoan. Jakina denez, Euskal Herri mailan zuhaitz asko izan ziren aukeratuak aspaldi herri batzarrak egiteko. Eskuarki, erreferentziazko zuhaitzak aukeratzen zituzten, eta haien inguruan mendiak, larreak eta, oro har, interes komunalak babesteko erabakiak hartzen ziren. Bistan da zuhaitzok zentzu juridikoa eta politikoa zutela. Horietako batzuk desagertuak badira ere, bizilagunen oroimenean eta tokiko toponimian iltzatuta jarraitzen dute: Gernikako haritza eta Arabako Otatza, Gernika eta Malato zuhaitzak, besteak beste.

Larruzabalgo dokumentazioa kontserbatzeko beharra 1516ko ordenantza batean ageri zen. Baiezko biribila eman zioten ordura arteko arauak, erabakiak eta kezkak betiko gordetzeari, eta, orri sortak ez galtzeko xedez, Belandiako Santa Eulalia elizaren haritzezko kutxa batean gorde zituzten. Finean, artxiboek egokiro bermatzen dute kolektibitate baten iraunkortasuna.

Babio mendira, oinez

Burubio eta Babio tontorrak Larruzabalgo eremuaren iparraldean daude. Biak Mendeika herritik igo daitezke, eta haraino igoko gara Urduñatik (Bizkaia), autoz. Mendeikara iritsi aurretik lagako dugu autoa, hots, Korozen muinora doan bidearen ondo-ondoan. Herrian sartu, eta, Arteaga auzora doan errepidea bazter eginda, Burubio-Babio aldera egingo dugu, bide seinaleek aginduko dutenez. Herritik irten berritan, bideak banandu egingo dira. Zuzen eginez gero, Done Mikel elizaren aurretik igarota, Burubiora igoko gara. Guk ezkerrera joko dugu aipatu bidebanatze horretan, eta Babiorako bideari oratuko gatzaizkio. Porlan bidean behera eginda, hartxintxarrezko landa bidean gora egiten hasiko gara laster. Horcon izeneko lepora iritsiko gara amen batean. Pinudiarekin bat egingo dugu han. Bide nagusiak eskuinera okertuko du orduan, eta, iparraldeari eutsirik, Babioko panderoan gaindi ibiliko gara, goxo-goxo, tontorrera heldu arte. Amurrio (Araba) bete-betean harrapa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna