Omenaldi bihurtutako poema

Alex Tellok 'Galerak' argitaratu du, musika, poesia eta pintura uztartzen dituen lana. Oihana Alkortari egindako «omenaldi artistikoa» da

Ignacio Arakistain, Alex Tello eta Lucia Arzallus. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
2005ean, Oihana Alkorta musikariak (Orio, Gipuzkoa, 1977-Getaria, Gipuzkoa, 2007) poema bat kantatu zion Alex Tellori. Honela zioen: «Zuhaitz hostoen atzean ezkutatzen den ilargiak/zuregana narama/haizearen uluaz zure oihuak heltzen dira/ta galtzen naiz, mintzen nau...». Eta, poema hori kantatzearekin batera, poemari segida emateko gonbidapena egin zion. «Hor istorio bat zegoen, eta hurrengo hilabeteetan garatu egin nuen». Elkar ezagutu eta bi urtera, Alkorta hil egin zen, istripu batean, baina Tellok poemari segida emateko gonbidapen hari eutsi dio, eta Galerak, Oihana Alkortaren poema baten segida (Gaztelupeko Hotsak) izeneko lana argitaratu du. CD bat eta DVD bat biltzen ditu, eta lagunari egindako «omenaldi artistiko bat» da.

Bakarrik hasi zuen proiektua Tellok, baina kuadrilla handia elkartu du bidean. Ignacio Arakistain piano jotzaile eta Musikeneko ikaslearengana jo zuen aurrena. «Asmoa zen Ignacio eta ni izatea, eta ahotsa ni». Beste piano jotzaile eta Musikeneko ikasle batekin hitz egin zuen Arakistainek: Lucia Arzallusekin. «Erabat inplikatu ziren biak musikarekin, eta konposizio oso landuak sortu zituzten. Halako batean, esan zidaten: 'Zuk baino hobeto kantatzen duten beste batzuek kantatzen badute, hobeto'».

Tello lagunei deika hasi zen orduan, bai eta Arakistain eta Arzallus ere, eta musikari ugarik hartu dute parte diskoan, ezagunek eta ez hain ezagunek: Aitor Gorosabelek, Labrit Zabalak, Jon Gurrutxagak, Xabi San Sebastianek, Amaia Intxaustik, Musikeneko hainbat ikaslek, eta abarrek. «Lagun baten ezinezko bilaketa kontatzen du; berez, istorioa hori da». Kantuek badute lotura bat, eta Tellok azaldu du ideia bat nagusitzen dela: galerak errazago eramaten direla elkarrekin partekatuz gero. «Dramaturgia bat dago; teatro mundutik ere banator, eta hori antzematen da».

Arakistainen esanetan, musika «lasaia eta gozoa» egin dute, fina. «Diskoa eskaini behar diodanean norbaiti, beti hau jartzen dut: zure eguneroko galerak eta saminak goxatzeko. Musikak laguntzen du horretan». Pop akustiko gisa definitu du estiloa. «Piano oinarria dute kantu guztiek, oso akustikoa». Eta flautak, biolinak, biolontxeloak eta beste hainbat instrumentuk laguntzen diote pianoari. «Lucia eta biok mundu klasikotik gatoz, eta beti partituretan murgildu izan gara; paperarekin lan egiten dugu. Horregatik, guretzat zorte handia izan da proiektu honetan parte hartzeko aukera izatea, sortzeko plaza bat eman digulako».

Arzallusek kontatu du istorioaren berri izan gabe hasi zela konposatzen. «Niretzat letra horiek zer esan nahi zuten kontuan hartuta hasi nintzen musika sortzen». Hainbeste artistak parte hartu izanak sortutako estilo talka nabarmendu du. «Kantuetako batean, adibidez, sarrera nik egiten dut, oso suabe, estilo klasikoan, eta atzetik Aitor Gorosabel dator, bere ahots hautsiarekin». Abeslariak beren erosotasun eremuetatik atera dituztela adierazi dute bi musikariek, eta nota onarekin gainditu dutela azterketa.

Produktu «integrala»

Kantu gehienak Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioan grabatu dituzte, Fredi Pelaez soinu teknikariarekin. 11 abesti eta Tellok errezitatutako bi poema biltzen ditu diskoak, eta 2005ean Alkortak idatzitako poema horrekin abiatzen da. «Oihanak taberna batean geundela kantatu zidan poemaren doinua Oihanak berak eraman zuen, baina Luciak jarritakoa antzekoa da, edo hori sinetsi nahi dut behintzat. Onintza Manterolaren ahotsean —Alkortaren laguna— entzun nuenean, izugarri gustatu zitzaidan», nabarmendu du Tellok. 2004an, Kilometroak jaia egin zen Orio eta Zarautz artean, eta disko kolektibo bat prestatu zuten ekitaldi horretarako. Alkortak abestu zuen kantuetako bat, Airean idazten dizkizut izenekoa, eta hura ere jaso dute diskoan.

Xabier Sagastak egin ditu diskoan ageri diren marrazkiak. «Proiektu integral bat egin dugu; poesia, musika eta marrazkiak biltzea izan da ideia». Era berean, hasieran horretarako asmorik ez bazuten ere, DVD bat argitaratu dute diskoarekin batera. Iazko azaroaren 10ean, zuzeneko emanaldi bat egin zuten Usurbilgo (Gipuzkoa) Sutegi aretoan, eta grabatu egin zuten. «Kalitate onean grabatu genuen, Pixel etxeko jendearekin, ez baikenekien zuzenean berriz egiteko aukerarik izango genuen. Aukera hori sortzen bazaigu, primeran; bestela, DVDa behintzat hor egongo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.